argia.eus
INPRIMATU
Beroketa apaltzeko, jan okela gutxiago
Unai Brea @unaibrea2 2015eko urriaren 20a

Berotegi efektuko gasez (BEG) hitz egitean CO2 izaten dugu gogoan, baina hori  ez da eguratsera botatzen dugun bakarra. “Metano emisioek, adibidez, elikadurarekin dute zerikusia batez ere”, argitu digu BC3ko Ibon Galarragak. Zehazki, okela ekoizpenarekin. Atmosferara metanoa isurtzen duten “behi eta txerri gehiegi dago, beraz aldaketak ezarri beharko dira dietan”.

IPCCren txostenetan bezala, BC3ko ikerlerroetan ondo kontuan izaten da elikagaien ekoizpenak klima aldaketan duen eragina. Haragi eta esneki gutxiago kontsumitzeak, zenbait BEGen isurketak murrizteaz gain, mesede egingo liguke osasunaren aldetik. “Jakina, normalean jendeari ez zaio gustatzen inork esatea zer jan behar duen, baina politika egokiekin halako aldaketak lor daitezke”, gaineratu du Galarragak.