Banpiro kapitalistek nazio subiranotasuna bahituta dute

Mundu osoan ari dira TPP edo Pazifiko arteko Kooperazio Ekonomikorako Itunaren kontra mobilizatzen, baita Europan eta Euskal Herrian ere. Itun hori ezkutuan egiten ari dira AEBen eta Pazifikoko beste hamaika herrialderen artean –Txiletik Zeelanda Berriraino–, eta herrialde bakoitzak onartu beharko du. Munduko biztanleriaren %11 hartuko lukeen merkatu bakarra sortuko litzateke, munduko BPGaren %40 izango luke, merkataritza globalaren %25 eta atzerriko inbertsio zuzenaren %32. Ituna onartzen bada, merkatuek –multinazionalek eta korporazio handiek– herrien subiranotasuna bahitzea lortu duten seinale izango da. Gobernuak merkatuen kudeatzaile ofizial baino ez dira izango. Ituna aurrera ateraz gero, Europak bide bera urra dezake, AEBekin TTIPa (Europa eta AEBren Arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmenaren ingelesezko akronimoa) ari baita negoziatzen.

Herrialdeen etorkizuna jokoan da. Nork aginduko du, herritarrek aukeratutako pertsonek ala banpiro kapitalistek? Adibide batzuk jarriko ditugu. Inolako muga legalik gabe deslokalizatzeak inposatu ditzakete, enpresak itxi eta enplegua ezabatu. Herrialde batek gai toxikoak edo jangai transgenikoen etiketak debekatzen baditu eta ingurumen araudia zorrozten badu, TPPak enpresei boterea emango die gobernuak ezkutuko tribunal baten aurrean salatzeko, epaileak merkatuei lotuta daudela jakinik ere. Gobernuak epaiketa hori galtzen badu, zergadunek ordaindu beharko diete enpresei “etekinetan” galdutako milaka milioi euro. TPPrekin farmazia-industria erraldoiak bere monopolioa hainbesteraino heda dezake, kantzerretik edota hiesetik salbatzeko oinarrizko botiketara sarbidea mugaturik izango dutela gaixoek.  

TPPren kontra mobilizatu eta borrokatzea funtsezkoa da, Europak haren lorratza segi dezala saihesteko, ez dezagun gure nazio subiranotasuna banpiro kapitalista horien esku utzi.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude