Berri Txarrak taldeak Iraultza txikien asanblada abestian “Noren kontra zauden baino gehiago, zer egiteko prest” zauden galdegiten digu. Bide horretan hainbat urrats sumatu ditut azken denbora honetan. Adibidez, Argia Egunean Txikitik eragiten ari garenon harrotasuna eta elkartasuna ospatu genuen, Alternatiben herrian, berriz, “Bizitza duinak eta anitzak” aldarrikapenen erdigunean kokatu dira. Mugimendu, elkarte, egun guztietan eraikitzeko, sistemari hortzak erakutsi eta gure eredu propio eta jasangarria sortzeko grina ikusi dut, baita egikaritzen ari diren proiektuen saretzeak, jakintza elkartrukeak...
Eta txikitasunaren elkartruke horretan, gauza handiak aurkitu ditut. Ikusi ditut urte guztian zehar elikagai ekologiko eta bertakoak jaten dituzten pertsonak, harreman heterosexistetatik at bizi direnak, zaintza kolektibizatu eta duintzen dutenak, elkarlanean aritzen diren kooperatibak, baita telefono eta elektrizitatea merkatu etikoan kontsumitzen dituzten pertsonak ere. Azken finean, gizartea eraldatzen ari diren pertsonak eta proiektuak ikusi ditut, eta horrek ez du atzera bueltarik.