"Gobernuentzako aitzakia gara, baina guk tirita jartzen dugu, ez gara konponbidea"

  • Siriako gatazka gertutik ezagutzen du Aitor Zabalgogeazkoa bilbotarrak. 2012tik han aritu da Mugarik Gabeko Medikuko kidea, baina segurtasun arrazoiengatik Turkiako ordezkaria da gaur egun. 2006tik 2012ra, erakundearen zuzendari nagusia izan zen Espainiako Estatuan. Nazioarteko laguntza ereduaz, politikaz, hedabideez… eta egiten duten lanaz jardun dugu.

“Paradigmatikoa da: mugako 200.000 errefuxiatuak arazoa dira 400 milioi biztanleko Europar Batasunarentzat, baina 6 milioi errefuxiatu ez dira arazo izan 80 milioi biztanle dituzten Turkia, Jordania eta Libanorentzat”.
“Paradigmatikoa da: mugako 200.000 errefuxiatuak arazoa dira 400 milioi biztanleko Europar Batasunarentzat, baina 6 milioi errefuxiatu ez dira arazo izan 80 milioi biztanle dituzten Turkia, Jordania eta Libanorentzat”.Argazki Press / Raul Bogajo

1971n sortu zen MGM, nazioarteko laguntzaren eraginkortasun falta gainditzeko. Oraindik ere gabezia hori nabari duzue instituzioen aldetik?

Instituzioen aldetik bakarrik ez, baita laguntza humanitariorako sisteman ere, horretan jarduten dugun erakundeak barne. Eta gatazken eta hondamendi naturalen dimentsioa eta konplexutasuna handitu baino ez da egin berrogei urteotan. Honek esan nahi du etengabe egokitu behar dugula, baina instituzioak eta nazioarteko laguntzarako erakundeak ez dira gai erritmo horri aurre egiteko. Siriako gatazka adibidez, teorian gerra zibil bat da, baina errealitatean, eskualdeko eta nazioarteko aktoreek dituzten esku-hartze guztiak aintzat hartuta, gutxienez eskualde mailako kategoria eman beharko genioke, hamabost herrialde baino gehiago daudelako gatazkan inplikatuta, eta Irak, Libano, Jordania edota Turkiari eragin dielako. Horrelako gatazka bat lehertzen eta enkistatzen utzi du nazioarteko komunitatearen eta eskualdeko botereen pasibotasunak.

Batetik nabarmendu beharko genuke halakoei aurre hartzeko gaitasun politiko eta diplomatiko eza; bestetik, egoera lehenbailehen konpontzeko esku-hartze politiko eta militarrerako gaitasun falta; eta azkenik, sistema eta ezintasun horretan guztian sarri galdua geratzen dela laguntza humanitarioa. Gerrei eta Genevako Hitzarmenei buruzko legeak berrikustea funtsezkoa da, eta erabakiak hartzeko beste modu bat adostu behar du Nazio Batuen Erakundeak, bestela proposatzen duen edozein ekintza sistematikoki blokeatuta geratzen da eta laguntzarako aukera baino ez du, ezin du soluzio politikorik aurrera atera. Finantzazio arazoa ere handia da: Nazio Batuetara doan kopurua herrialdeek erabakitzen dutenaren esku dago eta gatazka asko finantzaziorik gabe geratzen dira. Adibidez, duela hamar bat urte lurrikara izugarria izan zen Bam-en [Iran hegoaldean], direnak eta ez direnak agindu zituzten, eta gero nazioarteko komunitateak agindutakoaren %40 bete zuen, Iran zelako. Eta berdina azken hondamendi naturalen kasuan, Haitiko lurrikara adibidez.

Medikuntza independentea da zuen filosofia, ideologiarik gabea. Presio politiko, ekonomiko, militar eta erlijiosorik jasaten duzue?

Gu medikuntza humanitarioaz mintzo garen arren, interesak ez dituen medikuntzaz, gure definizioa politikoa ere bada, funtsean. Eta presioak bai, asko ditugu, batez ere gatazketan, non nazioarteko eskubide humanitarioak errespetatuaraztea etengabeko borroka den: medikuntza-misioen kontra ez dezatela erasorik egin, ospitaleen eta langileen kontra… Sendagaien ikerketa eta garapenerako funts ekonomikoak lortzea ere borroka handia da, batik bat gutxi garatutako zonaldeetan oso hilgarriak diren gaixotasunei begira.

Tokiko gobernuei aurre egin behar izaten diezue?

Leku asko eta askotan ez gara ongietorriak. Turkian lan egin ahal izateko baimena zortzi urteren ostean lortu dugu, Sirian lan egiten utz gaitzaten hamar urte daramatzagu hartu-emanean, eta toki ugaritatik ostikoka bota gaituzte. Ez gaituzte gustuko, gu egoteak agerian uzten duelako arazo handi bat dagoela eta lekuko gobernua ez dela gai bertako problema sozial eta medikuei aurre egiteko.

Sorospena edo laguntza ematea batetik, lekuko egoera aldatzeko erremintak eskaintzea bestetik. Dikotomia horretan, non kokatzen zarete?

Sorospen eta laguntza praktika da gurea, nahiz eta argi dagoen askoz ere lan gutxiago izango genukeela garapenen laguntzara edo gatazken prebentziora bideratutako politika hobeak baleude. Beraz, aurretik ahalegin politiko, sozial eta ekonomikoan inbertitzea eraginkorragoa da, baina egia da baita ere ondorioak iristen direnean ezin dugula jendea hiltzen utzi.

Gobernuz Kanpoko Erakundeak aitzakia zarete gobernuek euren ardurei iskin egiteko?

Bai, aitzakia gara beti, sistemaren parte, baina guk tirita jartzen dugu, ez gara konponbidea, eta gizarteak hori ulertu behar du: laguntza humanitarioa da zartakoa hartzen duzunean jartzen dizuten anbulantzia, baina anbulantziak ospitalerik gabe ez du ezertarako balio. Zartakoak gerta ez daitezen nazioarteko erakundeek zenbat eta erabakimen handiagoa izan eta finantzazio handiagoa bideratu, hobe. Hiesa eragiten duen GIB birusari aurre egiteko Afrikan azken urteotan askoz gehiago inbertitu izan balitz, inpaktua ez zatekeen hain handia izango; Haitin garapen on batean indarra jarri izan balitz, lurrikarak ez zukeen hain ondorio lazgarririk utziko; atzerri politika egokiagoa egingo balitz Ekialde Ertainean, ziurrenik ez zatekeen gertatuko Libia, Irak edo Sirian jazotakoa...

Ezberdina al da errefuxiatuak artatzea, gerra dagoen herrialdean aritzea, gosetean nagusi den lurraldeetan jardutea, epidemiei aurre egitea…?

Egoera bakoitzak hurbiltasun eta erantzun ezberdina eskatzen du, baina nagusiki hiru errealitate bereizi ditzakegu: gerra guneetan, sartu eta bertan lan egin ahal izango dugula negoziatzea eta ziurtatzea da arazo nagusia. Afganistanen jasan berri dugun bonbardaketak [AEBetako tropek MGMren egoitza bonbardatu zuten urri hasieran] edo Siria, Somalia eta abarreko bahiketek erakusten dute, kirurgia edo trauma egiteko oso prestatuta egonagatik, lekuan lan egiteko ziurtasunik ez badugu ez garela eraginkorrak. Goseteetan, erronka handiena da eskura dauden aurrerapen mediku eta zientifiko guztiak egokitzea, baina askotan ez dugu erreminta nahikorik, eta sarri berriegiak dira, probatu gabe daude eta arazo etiko eta politikoak daude tartean. Eta hondamendi naturaletan eta biztanleen desplazamendu handietan, lehentasuna da ahulenak identifikatzea: urakanak edo desplazamenduak denei eragiten die, baina egoera horiei aurre egiteko jende prestatuagoa dago, aurrezkiak dituelako, sare familiarra… eta halakorik ez dutenak.

Zein arlo jorratzen dituzue?

Gaixotasun ahaztuetara ahalegin handia bideratzen dugu, baita lehen mailako osasun arreta prebentibora ere, eta beste arlo nagusia medikuntza espezializatua da: gerra-kirurgia, ebakuntza osteko zaintza… Laguntza psikologikoa ere eskaintzen dugu. Adibidez, Palestinan zaintza kirurgikoak nahiko ondo bideratuta dituzte bertako medikuek baina tratamendu psikologikoa ez, eta hor sartzen gara gu.

Ebolaren aurkako gurutzada famatu egin zen, Lehen Mundura iritsi zenean.

Ebolak erakutsi zuen osasun sistemek funtzionatzen ez duten lekuetan mota horretako epidemiak krisi humanitario bilakatzeko aukera oso handia dela eta globalizazioaren ondorioz, mundu mailako inpaktua izateko probabilitatea ere altua dela. Halakoetan, herrialdean bertan laguntzea ezinbestekoa da, epidemia global bilakatu ez dadin.

Orain ere, Europara iritsi nahi dutelako akordatu gara errefuxiatuez hedabideok.

Hiru urte daramatzat Siria eta Turkia artean eta bazetorrela ikusten genuen. Turkian bi milioi eta erdi errefuxiatu eta Libanon beste milioi eta erdi daudela ikusten duzunean, konturatzen zara zerbait gertatzen ari dela. Jendeak pentsatzen zuen azken bi urteotan egoera konponduko zela eta bake akordioa sinatuko zutela, baina gero eta garbiago dago gatazka siriarraren eta hedaduraz gatazka irakiarraren irtenbiderik ez dela egongo epe motzera. Horregatik, jendeak erabakiak hartu behar izan ditu, hainbatek bizitza guztirako: hasieran etxetik gertu geratu dira, bueltatzeko esperantzan, baina konturatu dira ez duela merezi itxaroten jarraitzea. Ekialde Ertaineko gatazken batez besteko iraupena kontuan hartuta (Libanokoak 15 urte iraun zituen, Irakekoak 12 daramatza…), ez dirudi Siriakoa bihar bukatuko denik.

Fokua hor jarri dugun arren, beste leku batzuetan kronikoa da larrialdi egoera…

Leku batzuetan zulotik ezin atera daramatzate urteak eta urteak. Nik 30 urte daramatzat honetan lanean eta berdin jarraitzen dute Afganistanen, Somalian, Afrika erdialde guztian (Mali, Niger, Afrika Erdiko Errepublika…).

Eta horretan guztian zein ardura etiko eta legal dugu Lehen Munduko herritarrok?

Nazio Batuak bezalako nazioarteko sistemen eraginkortasun faltan ardura dute gobernuek. Maila pertsonal eta komunitarioan, bizilagunari gertatzen zaionak ez arduratzea, jarrera insolidarioa izateaz gain, ez da jarrera inteligentea, era batera edo bestera ordaintzen bukatuko duzulako zuk ere. Bizi garen munduan, dena dago dirudiena baino gertuago, eta ikuspegi egoista batetik begiratuta ere, bestelako gizarte eta komunitateak eraikitzearen alde egin behar genuke.

Horrorearen aurrean anestesiatuta gaude? Zuek nola daramazue egunerokoa?

Umore beltz askorekin, zer erremedio. Eta gure artean babes handia emanez. Gaizki pasatzen dugu, baina ez dugu oso gustuko esperientzia pertsonalez aritzea, Alepoko bonbardaketa batean hondakinetatik 10 urteko ume bat ateratzen ari zarenean inportantea ez da erreskatatzailea, erreskatatua baizik.

Eta anestesiatuta diozu… Hedabide batzuek kolpeka funtzionatzen dute. Paradigmatikoa da: mugan pilatu diren 200.000 errefuxiatuak arazoa dira 400 milioi biztanleko Europar Batasunarentzat, baina 6 milioi errefuxiatu ez dira arazo izan 80 milioi biztanle inguru dituzten Turkia, Jordania eta Libanorentzat.

Bereziki harrotzen zaituen lorpenen bat?

Gaixotasun kutsakor eta ahaztuak mapan jarri izana: ebola, malaria, leishmaniasia… Urte askotako lana izan da. Kolektibo moduan, jendeak ikustea gerretan ere legeak daudela, errespetatu beharreko arauak. Eta pertsonalki, azkena nabarmentzearren, Sirian egindako lana, ahal izan dugun guztia egin baitugu, oso inguru zail eta biolentoan.

“Ebolak erakutsi zuen osasun sistemek funtzionatzen ez duten lekuetan mota horretako epidemiak krisi humanitario bilakatu daitezkeela”, dio Zabalgogeazkoak. Mugarik Gabeko Medikuek 2.500 langile baino gehiago dituzte munduan barna, lekuan lekuko 30.000 profesionalekin batera aritzen direnak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude