Maskaraturik aitzinatzen dira. Isilka-misilka.
Mesfidatu behar da lanaren munduko heroi gisa oilartzen zaizkigun solaskideez: ez dute opor eskubiderik, astean hirurogei ordu egiten dituzte, ez dira sekula eri eta laidoztatzen gaituzte, beraien gustuko, alferrak garelako. Sugandila-larru makroniarra karrakatzea aski da, den mendrena, ohartzeko, hatsa gezur ari direla, aitzinean daukatena apaltzen eta mistifikatzen.
Lanaren balioa goratzen eta morala egiten digutenek ardura aberastasuna herentziaz erdietsia dute, txapeldun distiratsuenak dopatuak dabiltza eta ospe handiko Volkswagen kotxe alemaniar ustez garbien material informatikoa trafikatua da. Egitura neoliberalak haro zerbait duen oro erabiltzen du, zuzen ala oker, langile atzeratuek soka laxatu dezaten: igandeetako pausa eguna, lanaren kodigoaren geriza, ordutegien finkotasuna.
Egiazko gerra baten minean gaude, baina soldadu armatuez aparte, hemen, gudariak, ministroak dira, zientifismoaren gerizpean datozkigun ekonomialariak, kazetariak, umorista aho-zabalak, editorialista oro-jakitunak.
Ez dute amore emanen. Iruzurrak sosegatzen ditu.