"Sail Ofizialean euskarazko bi film urtero, zergatik ez?"

  • Amama filmaren aurkezpen lanak eginda, antzezlan berria prestatzen ari dela hartu gaitu Ander Lipusek Kultur Leioan, Artedrama plataformaren egoitzan. Xabierren papera egin du Asier Altunaren filmean eta, aitortu digunez, zineman lan egitea arrotza ez bazaio ere, berarentzat gauza berria izan da.


2015eko urriaren 11n
Etxekoak du izena Huts Teatroaren antzezlan berriak. Historia pertsonala itxuraz, gure gizarteaz asko dioena ordea.
Etxekoak du izena Huts Teatroaren antzezlan berriak. Historia pertsonala itxuraz, gure gizarteaz asko dioena ordea.

Oholtza gaineko lanagatik baita ezagunagoa Lipus. Berak zuzentzen duen Huts Teatro taldearen Etxekoak lan berriaren entseguetan buru-belarri sartuta dabil orain. Datorren azaroaren 1ean Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri aretoan estreinatuko da.

Nola agertu zen Asier Altunarekin Amama filmean lan egiteko aukera?

Garrantzi handia ematen diet pertsonei, nork eskatzen didan lan egiteko. Asier Altunarekin lan egin nuen lehenago lagin batean, Bertsolari dokumentalean, eta bere lan egiteko modua ezagutzen nuen; aurretiaz bazegoen halako feeling bat. Uste dut berak deitu zidala nire antzerkia maite zuelako, antzerkian lan egiten ikusi ninduelako eta gustuko zuelako. Ez nintzen inolako kastinetara joan. Xabi pertsonaia baserri giroko familia baten seme nagusia da, baserria utzi eta herrira joan dena, eta familia barruan alfer fama duena. Asierrek bilatzen zuen zama emozional eta sinbolikoari kontrapisua egiten dion pertsonaia da.

Baduzu antzekotasunik Xabirekin, zure pertsonaiarekin?

Bai, badut. Ni ere baserri giroan hazia naiz, belarra moztu beharra edota gurdia erabiltzea zer den badakit… Txikitako oroitzapenak dira. Xabi bezala, ni ere hiritartu naiz. Hala ere, egungo baserriko lana ez da lehengoa. Egun inor ez da bizi baserritik, ez Euskal Herrian eta ez munduan, esango nuke. Baserria galtzen ari den gauza da. Horregatik da esanguratsua filma.

Hitz gutxiko pelikula izanda, dramatizazio lanean antzerkiaren lengoaia baliatu duzu?

Nik faltan sumatu dut testu gehiago, baina ulertu dut Asierrek nahi zuena ere. Bere imaginarioan duen mundua kontatu nahi izan du, eta ezaugarrietako bat da oso bisuala den zerbait egitea. Zuzentzeko moduan ikusi da hori. Maisua da horretan, filma ikustean nabari da irudiak duen indarra.

Irudiaren barruan, nola ez, aktore lana sartzen da, baina zinearen eta antzerkiaren hizkuntzek ez dute zerikusirik, nahiz eta biak antzezpena izan. Zinea neurritsuagoa da. Grazia egiten zidan zinean zurrumurrutan hitz egiten dela; aldiz antzerkian –are gehiago nire antzerkian– oso ozen. Zinean txikia dena, antzerkian handi egin behar duzu. Txikitasun horretan lan egiteko beharrezko izan dut Asierren lana. Eta ez berea bakarrik, zuzendaritzan laguntzaile izan duen Telmo Esnalek ere badu bere ardura, bikote berezia osatzen dute.

Euskal zinea agerikoagoa al da horrelako filmei esker?

Berri pozgarriak dira Zinemaldian aurkeztu izana eta izan duen oihartzuna, baina nik uste ez dela nahikoa, euskarazko film gehiago egin beharko liratekeela. Badira hainbat profesional horretarako prestatuta. Hau zerbaiten hazia izatea nahi nuke. Zergatik ez urtero Sail Ofizialean euskarazko bi film?

Hala ere, mundu hau apur bat berria egiten zait. Gu teatroan publiko berria egiten ari gara, zuzenekoa da… Teatroa ezin da deskargatu [barre egin du]. Gurea ikustera etorri beharra dago antzokira, ez dago besterik. Oso gauza desberdina zinearekin alderatuz gero: zu zeu izan zaitezke egin duzun lanaren ikusle, sentsazio bitxia da. Eta ez dira bakarrik egiteko manerak, antzerkiaren eta zinearen publikoak eta merkatuak desberdinak dira.

Antzerkiari dagokionez, ez zara geldirik geratzen diren horietakoa. Etxekoak antzezlanaren azken entseguetan ari zarete Huts Teatrokoak.

Bizipen pertsonal batetik abiatu dut antzezlana. Kubatar batekin maitemindu nintzen eta berarekin ezkondu behar izan nuen hona etorri ahal izan zedin. Izugarrizko papeleoa egin behar izan nuen, diru asko gastatu, kontsulatura joan, elkarrizketak egin… Antzezlana nik bizi izandakoari buruzko gogoeta da. Jon Gerediagari eskatu nion zerbait idazteko istorio hau abiapuntu hartuta. Hiru urteko sormen prozesua izan da eta orain azken txanpan gaude.

Istorioak kontatzen du nola Maggi Mamadurekin maitemintzen den, afrikarra eta beltza bera; eta Maggik etxean kontatzen du Mamadurekin ezkondu behar duela hura ekarrarazteko. Familiak hori nola hartzen duen eta hortik aurrera egin beharreko lan guztiak azaltzen ditu. Maika Etxekoparrek jokatzen du Maggiren pertsonaia, haren amamarena Kristiane Etxaluzek; eta bi osaba ere badaude, bata tontoa, Goio (Jabi Barandiaran) eta bestea neurotikoa, Imanol (ni).

Familia berezi horri esker hainbat gauzaz hitz egin nahi dut: identitatea, immigrazioa, zer den kanpokoa, zer etxekoa… Bizi izan nituen zenbait gauza daude islatuta, gustuko dut-eta lan egitea niri benetan gertatutako gauzekin.

Ez da Jon Gerediagarekin lan egiten duzun lehen aldia, Mina Espazioaren eta Antzerkiola Imaginarioaren sortzaileetako bat izan zen zurekin batera. Orduan berak idazten zituen antzezlan gehienak.

Bere idazkera asko gustatzen zait eta maite dut nola harrapatu duen nik bizi izandako esperientzia. Denon artean kontatzen dugu istorioa eta oso gaurkoa da, zoritxarrez. Gogorra da nola jarri ditugun muga horiek… Zer da bertokoa, zer da etxekoa, zer gara gu, zer egiten dugu euskaldun bezala… Barne konfliktoak agerian geratzen dira. Bada ere sinbologia bat, bai nire antzerkian, bai Jonen testuetan, bai Asier Ituartek egindako musikan. Zerbait intimoa kontatu nahi dugu baina politikoa ere badena. Niretzat, nire obrak beti dira politikoak.

Luhusoko Harri Xuri aretoan izango da estreinaldia, Artedraman ohikoa duzuenez.

Murgilduta gauden sorkuntza prozesu honetan Euskal Herriko herri ugaritan egin ditugu egoitza artistikoak eta hori pozgarria da. Leioan, Luhuson, Itsasun, Zumaian eta Maulen egin ditugu entseguak eta horrek ematen dio izaera berezia. Euskal komunitatea osatzen duten herri askotan egon gara sortzen eta horrek euskal antzerkiari beste zentzu bat ematen diola uste dut. Sare hori bultzatzeak asko motibatzen nau une honetan. Horrela euskal teatroaren imaginario hori egiten ari naizela iruditzen zait.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude