Remigia Etxarrenen bizitza hari-harian

Maria Spelterini funanbulista italiarra Niagara ibaia zeharkatzen, 1876an. Gurean, Remigia Etxarrenek antzera zeharkatu zituen, besteak beste, Ibaizabal eta Arga ibaiak.
Maria Spelterini funanbulista italiarra Niagara ibaia zeharkatzen, 1876an. Gurean, Remigia Etxarrenek antzera zeharkatu zituen, besteak beste, Ibaizabal eta Arga ibaiak.

Iruñea, 1853ko apirilaren 11. Leona Remigia Etxarren funanbulista jaio zen Nabarreria auzoan. Aita hil ondoren, Manuela Aranguren ama berriro ezkondu zen, eta handik aurrera Pellejerias kalean bizi zen familia, egungo Jarautan.

Remigia Etxarrenen beste berririk ez daukagu 1882ko uztailaren 12ra arte. Egun horretan Iruñeko zezen plazan aritu zen, “Teresy y Velázquez” akrobata konpainiarekin batera. Handik sei egunera, Lau-burun –1882tik 1886ra Iruñean argitaratu zen egunkarian– idatzitako kronikak honela zioen: “Deigarria da uztai finkoan eta soka tenkatuan Agostini andereñoak erakusten duen adorea eta segurantza”. Izan ere, Mademoiselle Agostini zen Etxarrenen izen artistikoa.

Uztailaren 25ean, Eco de Navarra egunkariko zuzendari Nicanor Espoz Redinek “artista petoa” eta “punta-puntako orekaria” esaten zion, “oreka-hagan moldatzen diren eta soka gainean dantzan dakiten iruindarrak badaudela” egiaztatuz, harrituta.

1883ko maiatzean, Manuel Carralen konpainiarekin eta milaka ikusleren parean, Arga ibaia zeharkatu zuen, eta udalak 500 pezeta eman zizkion balentriaren truke. Berriro ere Lau-buru egunkariak idatzi zuen ekitaldiaren kronika: “Soka-dantzariak ibilbideari ekin zion; publikoa isilik geratu zen une batez eta, handik hiru minutura, Agostini lasaitasun osoz iritsi zen beste aldera, lurretik hamar bat metrora jarritako soka gainean. Orekariak oinak saskitxo batzuetan sartu zituen eta, oinetako horiek ondo lotuta, ibaia baretasun handiz zeharkatu zuen; bidaia arriskutsuaren amaierara iristeko lau minutu eman zituen. Atsedenaldi laburra egin eta berehala, soka berriro ibili zuen, begietan lotura ipinita eta gerritik gora oihal lodizko zaku batez estalita. Publikoak gogoz egin zion txalo, eta funanbulistak ekitaldia amaitu zuen berriro ibaia zeharkatuz, baina oraingoan mugimendu arriskutsuak eta jarrera zailak eginez”.

1884an Gaztelu Plaza zeharkatu zuen, eta zezen plazan ere ikuskizunak eskaini zituen. Honela deskribatu zuen horietako bat El Eco de Navarrak: “Soka gainean, korazaz eta kaskoz lotuta, suziriak bota zituen, funanbulista suzko euriaren artetik agertzen zen konbinazio ezin hobea lortuz”.

Jaioterriaz gain, Etxarrenek Euskal Herriko nahiz kanpoko hainbat herri ibili zituen eta, besteak beste, Ibaizabal eta Pisuerga ibaiak zeharkatu zituen. 1892ko urriaren 5ean, Ondarroan, aulki baten gainean ariketak egiten ari zela, hamabost metrotik erori zen. 1904an Iruñean bertan eskainitako saio bakana salbu, hantxe amaitu zen haren karrera.

Etxarrenen bizitzaren berri xehe jaso duen Patxi Abasolo historialari nafarrak dio Jauregiko Aldapako 3.ean bizi izan zela azken urteetan; beste iturri batzuen arabera, kale gorrian amaitu zuen. Baina denak bat datoz gauza batean: Mademoiselle Agostini handia miserian hil zen 1921ean. Ordainetan, hori bai, Txantreako kale batek haren izena –benetakoa– du gaur egun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Eguneraketa berriak daude