"Benetako erreferendum bat egiteko agindua atera da hauteskundeetatik"

  • Batzuen eta besteen posizio hartze publikoak gertatu aurretik, Kataluniako hauteskundeen emaitzen gaineko iritzia eskatu diogu Arturo Puente El Diario.es eta Catalunya plural agerkarietako kazetariari.

Arturo Puente kazetariaren ustez Espainiako hauteskundeetatik nekez atera liteke Kataluniako egoera hobe dezakeen ezer.
Arturo Puente kazetariaren ustez Espainiako hauteskundeetatik nekez atera liteke Kataluniako egoera hobe dezakeen ezer.

Zein litzateke hauteskunde emaitzen lehen balorazioa?

Independentismoak, bozen %47rekin, gehiengo absolutua ez, baina gehiengo sinplea lortu du. Eta argiki gainditu du mahai gainean dauden aukera nazional anitzetako edozein: autonomia gisa jarraitzea, estatu federal bat egitea, eta abar. Dauden ikusmolde nazional guztien artean, independentismoa da gehiengoa duena. Gainera, denboran mantentzen da, gutxienez 2010etik, eta hauteskunde bide egokiak ematen zaizkionean, %50aren inguruan ibili daitekeela erakutsi du.

Zer egiteko legitimazioa ematen du gehiengo horrek?

Nire ustez, benetako erreferendum bat egiteko legitimazioa. Ezin dugu jakin zer bozkatuko lukeen, bi aukera lituzkeen erreferendum batean, hauteskunde hauek plebiszitu izaerakoak ez zirela zioten alderdiak bozkatu dituen jendeak. Ez dugu ideiarik. Ziur dakiguna da 1,8 milioi katalan daudela independentziaren alde. Igandeko bozetatik atera den agindu demokratikoa da: hautsi Espainiako legalitatearekin, egin Kataluniaren baitako legearen araberako erreferendum bat. Bi aukerekin, bai edo ez. Eta azkar egin, jendeak orain dela hiru urtetik eskatzen duelako.

Ahaztuko dugu, beraz, 18 hilabetean Espainiatik deskonektatzeko plana.

CUPek ez du hortik joko. Abstenituko balitz ere, Mas ez litzateke presidente izango. Ematen du Mas ez dela presidente izango. Garailearen porrota izan da zentzu horretan. Independentismoaren garaipena, baina Masen porrot pertsonala.

CUPek izango du gehiengo parlamentarioaren giltza. Prozesuaren azkartzea ekarriko du horrek?

Gauzak azkar egitea eskatuko dute, atzerakorik ez dituzten neurriak. Oso garrantzitsuak izango dira CUPek mahai gainean jar ditzakeen kontuak, maila sozialean ere bai, aipatzen ari dira hiritarren erreskatatze plan bat. Orain arte, azken hiru urteetan, CIUk eta ERCk izan dute gehiengoa, eta aurrera eraman dituzten politikak, jar daitezke nahi beste partxe, diru gutxiago zegoela, eta egia da, baina politika antisozialak izan dira, murrizketa politikak. CUPek horrekin guztiarekin bukatu nahiko du. Beraz, azkartze bat emango da, eta bi bideetan.

Kataluniako emaitzak ezagututa, zer atera daiteke Espainiako hauteskunde orokorretatik?

Kataluniako gizartearen eskaera nagusiak urrun daude Espainiako gizartearen eskaerengandik. Interesak gero eta gehiago banandu dira. Hala, ez dut uste ezer errealista atera daitekeenik hauteskunde orokorretatik, Kataluniako egoera hobe dezakeenik. Katalanek erakutsi dute bide propio bat jarraitu nahi dutela. Atera daiteke gobernu bat, oso lausoki, erreferendum azkar eta adostu bat egiteko pizgarria izan dezakeena, independentismoa puntu batzuk jaitsaraziko lukeena? Ez dut ikusten. Estatu mailan soluzio diferenteren bat egongo denik ez du ematen.

Oihartzunik izan dezake hemendik aurrera Katalunian gertatzen denak Euskal Herrian?

Kataluniak irekitzen badu ia segurua den bide propio bat, Euskal Herrian gauzak zailtzen zaizkio EAJri, gaur eguneko egoera erosoan jarraitzeko, egokitze forala eta abar. Ireki ahalko litzateke bide bat, berriz osatzeko mapa, estatu independente diferenteen artekoa, konfederazio moduko bat. Baina oso urruneko eszenatokia da, gauza asko pasa beharko lirateke aurretik. Independentismoaren garaipenak, hori bai, gainontzeko agente nazionalak interpelatzen ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako plebiszitua
2019-08-08 | Jesus Rodriguez
Katalunia independentziarantz
Goia eta behea

La Directa-ko kazetari Jesús Rodríguezek azaldu du 2017ko urriaren 1ean behetik gora egin zuen borborrak 2020ko hauteskunde autonomikoetan goitik ixteko arriskua duela. Erreferenduma deitzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean emango den erantzuna gakoa izango... [+]


50.000 pertsonak babestu dituzte Mas, Ortega eta Rigau auzitegirako bidean

Astelehen honetan epaituko dituzte Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta, bere lehendakariorde Joana Ortega eta hezkuntza sailburu Irene Rigau, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeagatik.


2016-12-16 | ARGIA
Carme Forcadell, auzitegi batean deklaratuko duen Kataluniako Parlamentuko lehen presidentea

Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek, desobedientzia eta prebarikazio delituak egotzita Kataluniako Auzitegi Nagusian deklaratuko du gaur. Hainbat hautetsi eta herritarrek babestuta joan da epaitegira.


Espainiak indar juridikoarekin erantzungo dio Kataluniako “deskonexioa”ri

Pentsatu baino lehenago ekin dio Kataluniako Legebiltzarrak Espainiarekiko deskonexioari. Urratsak dira, sinbolikoak, baina hortik hasten da. Espainiak Brunete juridikoa mobilizatuko du lehenbizi. Hemen prozesuaren unea hobeto ulertzeko zazpi gako.


Ibarretxe eta Mas

2004KO ABENDUAREN 30a, Eusko Legebiltzarrak Ibarretxe Plana onartu zuen Batasunaren ezinbesteko hiru botorekin –hiru alde hiru aurka–, honek aurreko aste eta hilabeteetan planaren aurkako jarrera argia erakutsi zuen arren. Ezustekoa tamainakoa izan zen euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude