Agur t’Erdi Aroa

Betelana zer den azaltzeko, andre-jaunok, nekez aurkituko duzue adibide hoberik, egunotan bazterrrak (tira, euskararen txokotxoak) astindu (tira, zipriztindu) dituen gure ereserki arranditsuaren hitzena baino: “Agur jaunak, jaunak agur / agur t´erdi”.  

Puskaz mamitsuagoa da agur banatze huts horren osteko puntua: “Denok Jainkoak / eiñak gire, / zuek eta / bai gu ere” (sic aipuak oro, orain artekoak eta bai gerokoak ere). Berdintasun aldarrikapen nabarmena da hori, dudarik gabe, nahiz ez dakigun jainkoak berdin egindako horietan andreak ere sartzen diren, ez baitira aipatu ere egiten (tira, garuna mahaspasa bihurtu arte zukututa, “zuek eta” hori izan liteke andreak, zeharka bada ere, aintzat hartzeko estrategia halako bat, gu gizonok andre jendeari grazioski egindako oparia).

EHUren ikasurte hasierako ekitaldian piztu zen eztabaida. Ekitaldi arranditsu haren mailarako ez du noski edozein kantuk balio, eta ereserki hori aukeratu zuen EHUko abesbatzak (edo goragokoren batek).

Eta? Urtean zientoka ekitalditan kantatzen da Agur jaunak, eta ez da deus gertatzen. Kontua da, ordea, abesbatzak ez zuela kantuaren ohiko bertsioa erabili, okasiorako propio aldatutako hitzak kantatu baitzituen. Aldaketa hori egiteko “iradokizuna”, antza, goitik etorri omen zitzaion zuzendari jaunari. Nolanahi ere, aldaketa horrek eragin du, hedabide eta sare sozialetan, hasieran aipatutako ika-mika.

Funtsean, betiko auzia da: zeri eman lehentasuna, tradizioari ala giza eskubideei? Hori baita kontua, bai Agur jaunak kantuaren kasuan, bai Irun eta Hondarribiko alardeenean, edo zezenketa eta neska nerabeen ablazioenean ere.

Iñaki Anasagasti jeltzale amorratuak adibideratzen du tradizioa gurtzearen aldekoen jarrera: “Nortzuk dira Goirizelaia errrektorea edo ekimen hori bultzatu dutenak euskal herritarron parte baten historia aldatzeko?”. Berdin galde genezake besteok, amorrua irentsita, ea euskal herritarron zein partek ezarri zizkigun gainerakooi Agur jaunak eta Gora ta Gora ereserkiak, besteak (asko eta oso) beste.

Anasagastirenaz oso bestelakoa da Anjel Lertxundiren ikuspegia: gizarteak aspaldion aurrera pauso nabarmenak egin dituenez emakumeen eskubideetan eta laikotasunean, aurrerapen horiek plazan beren isla izateari primeran deritzo Lertxundik (nik ere bai, jakina), eta unibertsitatearen jokabidea txalotzen du, “ibilian ikasi duguna –jaunak eta andreak denok berdinak eginak gara– Unibertsitateak natural-natural kantatu eta ofizialdu” duelako (horretan ere bat nator ni).

Unibertsitateak hori berezko egitekoa duela dio gero idazle oriotar zarauztartuak: “Horretarako baitago, besteak beste: aldaketak egiaztatu eta sendotzeko”.

Hori ere horrela da, baiki (tira, hala behar luke, behintzat), baina horretan ez naiz Anjel bezain baikorra. Nahi nuke izatea, baina unibertsitatea barrutik ezagutzen dut, eta nago oraingo “Agur jaunak ta andreak” hori areago dela politikoki polit izan nahiak eragindakoa, gizartearen “aldaketak egiaztatu eta sendotzeko” ahalegin benazkoa baino.

Euskal gizarteko ezinikusi, istilu eta gatazkak arrazoiaren bidez gainditzen laguntzea ere unibertsitatearen berezko egitekoa dela esango nuke, baina batekoz bestera da hori, euskal gatazka antonomasikoa bere gaiztoenean zegoen garaian nik ikusi dudanaren arabera.

Aukeran, unibertsitatean jauntxo (tira, eta andretxo) gehiegitxo ote dagoen, hori da nire susmoa, hemeretzi urteko eskarmentuan oinarritua. Eta, kantuak kantu, hori horrela den bitartean, nekez aterako da agur t´Erdi Arotik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude