"Pentsatzen ez genuena etorri zen: biktima aitortu zuten Anjel"

  • Kanposantuko nuarbeko aldapan gora / Orduan haurrak zirenak / Zazpi pinuak zain dauzkate / Kanposantuan ateak beti zabalik nuarbek. Poema gidari hartu eta abiatu gara kanposantuko Nuarbeko aldapan gora, orduan haurra zen Mertxe lagun harturik. Poetak ez dio gezurrik: kanposantuan ateak beti zabalik Nuarbek.

Zaldi Ero

Kanposantuko Nuarbera bidean gora gara, aurten zuen ama Mertxerekin egin nahi izango nukeen moduan.

Berandu zabiltza. 88 urte egiteko bidean da gure ama, eta ez da gauza. Lehenengo, erori egin zen. Hurrena, botikak agindu zizkioten. Azkenerako, zeharo nahastu. Ez da gauza. Esan diot, nola zinen etortzekoa, baina ez dakit zenbat entenditu didan ere.

40 urtean bera izan dugu Anjel Otaegiren memoriaren zaindaria.

Horrela izan da, bai. Anjelen ama 1980an hil zen eta harrezkero gure ama ibili da batari eta besteari egun haiek nolakoak izan ziren kontatzen. Aurretik ere gure ama beti egon zen ahizparen ondoan. Gure ama Anjelen izeba zen, baina izebatzat ez ezik, bigarren amatzat ere bazeukan, tarte askotan gure amak zaindu zuen-eta Anjel. Eta gogoratzen naiz Anjel hil behar zutela jakin zutenean gure etxera etorri eta negar eta negar egiten zuela.

Gogoratzen zara? 12 urte zenituen 1975ean.

11 urte nituen, 12 egin behar nituen urrian, baina akordatzen naiz. Anjel hil eta gu kanposantuan egon ginen arratsaldeko hiruretatik, gorputza etorri zen arte. Familiari beste inori ez zioten utzi kanposantura sartzen: izebarekin –Anjelen ama zenarekin– etorri ginen. Aldameneko neska bat –Txistu otargilearen arreba–, Urretxuko lehengusua, nire 5 urteko ahizpa txikia Idoia eta ni neu. Beti, izebarekin. Eta Garmendiaren [Artola, Otaegirekin batera hiltzera kondenatua egona] arreba ere etorri zen. Guardia zibilak, bakarrik etxekoei sartzen utzi zigun, eta horrela, dozena erdi lagun baino gehiago ez ginen izango kanposantu barruan.

Anjelen ama zuekin zen, zuen gurasoak Burgosen.

Bai, bada! Izeba eta gure aita eta ama-eta, bezperan joan ziren, gauean, Anjelen lagun taxizalearekin, Patxi Urangarekin; Anjelen oso laguna zen. Harekin zeuden. Izeba semearekin egon zen gau hartan, baina bost minutu baino gehiago ez. Oso gaizki pasatzen zuen, eta bueltan ekarri zuten. Hain gaizki pasatzen zuen! Anjel atxilotu zutenean ere negar, negar eta negar egiten zuen, gure etxera etorrita. Orduan, ahizpa bidaltzen zuen, gure ama. Oroitzapen horixe daukat izebarena, negar eta negar gure etxean. Amak beti esan izan du izebari –Anjelen amari– ez ziotela semea ikusten utzi; bost minutu-edo ikusi omen zuen, baina hori ez zen ikustea ere izan. Saiatu omen zen, hala ere, teman. Anjelekin egoten uzteko esaten zien, baina alferrik. Izebak askotan insistitu zuela esaten zuen gure amak, uzteko eta uzteko, baina ez. Kartzelan egoten ere ez zioten utzi. Ate handi bat, nonbait, eta handik ere kanpora. Nuarbeko apaiza ere, Iñaki Larrañaga, joan zen, Anjelek eskatu balu bezala joanda, baina hari ere ukatu egin zioten sarrera, han bertan zutela kapilaua, eta ez zioten sartzen utzi. Gure amari sartzen utzi izan baliote gauza gehiago esango zituen Anjelek, eta gauza gehiago jakingo genuen guk. Gustura ikusiko zuen gure amak Anjel, denbora askoan hazi zuen. Anjelen amak kanpora irten behar izan zuen lanera eta bigarren ama izan zuen Anjelek gure ama. Gustura ikusiko zuen… hilda gero ere bai! Uzteko ikusten, uzteko, eta aurrena agindu omen zioten baina gero ez ikusten utzi, eta ez berarekin etortzen utzi ere. Ezer ez!

Ilundu arte ez zuten Anjel ekarri.

Hamarrak jota ailegatu zen gorputza Nuarbera, hileta-zerbitzuetako autoan. Lehenengo, ea auto hartan bertan etorri nahi zuten esan zioten gure amari. Gure amak baietz, baina azkenean ezetz. Nahi izanez gero, haien atzetik joan zitezkeela, taxian. Gure amak esaten zuen aurretik guardia zibilen hainbat auto zihoazela, hileta-zerbitzuko autoa gero, guardia zibilen auto gehiago ondoren, eta, azkenean, gure ama-eta, taxian. Abiatu omen ziren eta, abiatu eta berehalaxe, semaforo gorri batean, guardia zibilek gelditu ez edo halako maniobra bat egin zutela, gure ama-eta despistatzeko, atzetik ez joateko. Eta Burgosetik Nuarberako bide guztian ez omen zituzten ikusi. Nonbait ezkutatu, nonbait sartu, auskalo! Ama-eta arratsaldeko seietan-edo ailegatu ziren hona, eta hemen Anjelen gorputza falta. Hamarrak aldera ailegatu ziren besteak, ilunduta –jenderik egon ez zedin edo–, Anjelen gorputza zekartela. Horrela kontatzen zuen gure amak.

Zuek, kanposantuan.

Bai. Eta kanposantura bidean, guardia zibilak ilaran, bata bestearen segidan, metrotik metrora. Kanposanturaino, ordea! Eta Anjel hil behar zutela esatera etorritako guardia zibiletako sarjentua bera, barrura sartu eta fuera!-ka hasi zen, gurekin zeuden emakumeei alde egiteko esaten hasi zitzaien. Nire ahizpak 5 urte, nik 12, beldurtuta, eta negar batean. Eta Urretxuko lehengusuak “nik eramango dut hau”, eta hartu eta eraman zuen ahizpa txikia. Garmendiaren arrebak gogor eraso zion sarjentu hari, berak ez zuela alde egingo, zergatik alde egin behar zuen, bada! Eta Txistu zenaren arrebak ere berdin, ez zion barkatu. “Hemen baten bat hiltzen denean herri guztiak lagundu egiten du, eta guk ere horixe egingo dugu!”. Horrela. Barkatu egin zion, eta hementxe egon ginen. Kanposantu atariko eskaileretan jarrita pasatu genuen arratsaldea, gorputzarekin ailegatu ziren arte.

Orduantxe Anjelen hilkutxa lepoan hartu eta kanposantuko Nuarben gora.

Eta kanposantuan, gure aita ez fio nonbait, eta zinkezko hilkutxako kristala txikitu zuen. Odola besterik ez omen zen ikusten, ordea, eta guri ez zigun ikusten utzi. Horrelaxe bukatu zen arratsalde hura.

Baina, benetan, arratsalde hura ez zen orduan bukatu.

Lehenengo urtean, akordatzen naiz, grisez josita egon zen Nuarbe. Jendea menditik sartu zen. Jende asko izan zen. Gure etxean baziren argazki batzuk, garai hartakoak, baina beldurraren beldurrarekin izebak [Anjel Otaegiren ama] ezkutatu egiten zituen, eta non dauden jakiterik ez dago. Anjel hil eta berehalaxe Frantziako kazetari bat etortzen hasi zen, eta egundoko harremana egin zuen Anjelen amarekin. Urteurrenerako ere Nuarben nahi izan zuen, eta gure izebari esan zion: “Egunean ez didate pasatzen utziko, eta bezperatik joango naiz”. Eta izebaren etxean egin zuen lo. Nuarbeko sarreran bazen orduan etxe bat, diputazioarena, paretan zuloak zeuzkana. Etxean sartu eta egundoko erretratuak egin zizkien grisei. Izebari eman zizkion, baina haren etxea ere bota zuten eta ezin da jakin non dauden erretratu haiek. Denak gordetzen ibiltzen zen, ezkutatzen, ukuiluan eta batek daki non. “Badaezpada ere”, esaten zuen. Eta orain ezin aurkitu.

Makina bat ikurrina ere, zuek Anjelen hilobian jarritakoak, “ezin aurkitu”-an dira.

Bai, baina kasu horretan ikurrinak beste batzuek ezkutatu izan dituzte. Guk jarri, guardia zibilak etorri, eta kendu egiten zioten. Eta izebak berriz ere ipini. Garai hartan, gainera, ikurrina ez zen libre, eta etxean egiten genuen: oihala erosi eta ezkutuan josten ibiltzen ginen ama eta biok. Beti ezkutuan. Gero, etortzen zen izeba, eta berak ipintzen zizkion Anjeli ezkutuan. Bolada batean askotan kendu zioten ikurrina. Izeba egunero-egunero etortzen zen kanposantura, eta ikurrina kendu ziotela ikusten zuenean, beste bat egiten genuen amaren eta bion artean, eta izebari ematen genion, berak ipintzeko.

Irailak 27 denero berritzen da arratsalde hura.

Anjelen ama eta gurea meza ateratzen hasi ziren egun horretan Nuarben, eta harrezkero jendea biltzen da. Bada Donostiako familia bat, urterik huts egin ez duena. Bi matrimonio dira, beren umeekin. Etorri egiten dira oraindik ere. Lehengusuak ere etortzen dira, elkartzen gara, kanposantura bisita egin, hamaiketakoa… Gero, Azpeitiko Udala ere etortzen hasi zen, omenaldia egiten, eta orain jende koadrila etortzen da Azpeititik, mendi buelta eginez, Nuarberaino. Anjel ez ezik, Kurro eta Pelitxo ere [1984ko Pasaiako segadan hildako lau lagunetarik bi, azpeitiarrak] omentzen dituzte, Gudari eguna nola izaten den. Nuarben egiten dugu dena orain, baina Azpeitira ere joanda gaude gu, omenaldia han zela eta.

Aspaldi hil zen Maria Otaegi, Anjel Otaegiren ama.

Semea hil eta bost urtera. Trafiko istripua izan zen. Arabako gazte koadrila bat euskaraz ikasten egon zen Nuarben, eta batzuk –Alizia eta Begoña, tartean– Azpeitiko saninazioak pasatzera etorri ziren. Alizia Lohisoro baserrian egondakoa zen Nuarben egon zen bitartean, eta Begoña, berriz, gure izebaren etxean bizi izandakoa. Uztaila bukaera aldera, bi emakumek izebari hots egin zioten bisita egingo ziotela esanez. Bata, Anjelekin kartzelan egondako baten ama zen; bestea, Iparraldean bizi zen emakumea. Azpeitira autobusez etortzekoak ziren abuztuaren lehenengoan, eta izebak kezka izan zuen, Azpeitiko festak eta taxiak ez zituztela aurkituko. Aliziak autoa zuen, eta bere burua eskaini zuen, esanez lagunduko ziola izebari Azpeitiraino bi emakumeen bila. Eta ekarriko zituela bueltan Nuarbera. Eta emakume haiek hartu eta bueltan zetozela, istripua. Alizia eta izeba, biak hil ziren; bizirik geratu ziren beste bi emakumeak.

Maria hil zen, zuen ama izan da urte askoan Anjel  Otaegiren memoriaren zaindari. Jendaurrean, azkenetakoa, 2012an Eusko Jaurlaritzak Otaegi biktimatzat aitortu zuenean.

Ustekabea izan zen, eta kristoren poza. Pena, eta lehenengo gauza esan genuena, izebak hori ez ezagutzea. Nahiko zuen. Urte pila pasatu da, eta pentsatzen ez genuena etorri zen: biktima aitortu zuten Anjel. Garai batean sinistu ere ez, esan baligute. Gustura geratu ginen. Jaurlaritzak biktima aitortu zuen, baina Espainiakoak ez, hala ere. Espainiakoak ez du behin ere Anjel biktimatzat hartuko. Ez zait iruditzen. Ez Txiki, ez Otaegi eta ez inor. Horientzat terrorista izango dira beti. Nik hala uste dut. Anjelek ez zuen inor hil, berak hala esaten zuen, eta hil behar zuen gauean ere hala esan zion gure amari, berak ez zuela inor hil.

Zuen ama Mertxe Otaegik adin handia, ez da gurekin egoteko gauza izan.

Hasieran bai, kazetariekin eta denekin hitz egiten zuen amak, kontatu egiten zien, baina edadean aurrera eta nekatzen hasi zen. Orduan, neu hasi nintzen laguntzen. Jaurlaritzak Anjel biktimatzat hartu zuenean ere, joan zen, eta Idoiak eta biok eta iloba Janirek lagundu genion, baina hitz egin-eta gure amak ez zuen nahi. Gainera, ate bat ireki eta areto batera sartu eta sustoa izan zen, argazki-kameren zarata etengabe hori-eta. Gustura egon zen gure ama, hala ere, Txikiren amarekin eta beste batzuekin. Baina ez zuen askorik nahi. Orain, berriz, buruak ez dio laguntzen.

Zeu zaitugu orain Anjelen memoriaren zaindari.

Bai. Oraintxe ari zitzaidan Janire, iloba, horixe esaten: “Hurrena neu izango naiz kontatu beharko dudana!”. Esan diot: “Bai, hasi zeu ere gauzak gogoan hartzen”. Gure amak beti kontatu ditu egun haietan pasatu zirenak. Guri, eta ilobei ere bai. Edade jakin batera ailegatu direnean, kontatu egin diegu. Eta urtean-urtean egin izan diren omenaldietan ere beti izan dira ilobak. Badakite nola izan zen gauza, ez diegu ezkutatu.

 

Nortasun Agiria

Mertxe Urtuzaga Otaegi (Nuarbe, 1963): Anjel Otaegi zenaren lehengusua da. 12 urte betetzera zihoan lehengusua fusilatu zutenean. Anjelen amak berak, lehenengo, eta haren ahizpa Mertxek –gure Mertxe Urtuzaga Otaegi honen amak– zaindu zuten Otaegiren memoria, kontatu zuten haren historia, haurretatik, eta hil zuten egunerainokoa. Gaur egun, gure Mertxe hauxe bera da memoria horren zaindari zintzoa. 1975ean 12 urte betetzera zihoana, 52 betetzera bidean da: 40 urte joan dira, diktadurak iraun zuena bezainbeste.

Azken Hitza: Ocaña

“Arantzazuko fraide batek egin omen zuen hilarria, eta lauburua, berriz, Anjelekin Martutenen egondako preso batzuek. Ocañara eraman zituzten gero, eta han zeudela hil zuten Anjel. Orduan egin zioten lauburua, kartzela barruan. Argazkia, berriz, betikoa da. Horixe jarri zion gure izebak oroigarrian, eta horixe zabaldu da leku guztietan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1975eko fusilatzeak
Mikel Paredes. Beste zer esanik ez da, 'Txikiren anaia' esanik
"Hain dira burumotzak, ez dakite zer den idealismoa, ez askatasun egarria"

1975eko irailak 27. Franco hilzorian, Juan Carlos I.a Borboikoa ordezko izendatua ordurako. Bost fusilatu: Txiki, Otaegi, Sánchez Bravo, Baena, García Sánz. Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia da Mikel. Begietara begira-begira zuela fusilatu zioten anaia... [+]


María Victoria Sánchez-Bravo
"Ez dut nahi nire neba José Luisen izena garbitu besterik"

María Victoria Sánchez-Bravo Sollak badu iloba bat bost izen dituena: Luisa Ramona Humberta Anjela Juana da. 1975eko irailaren 27an Franco diktadoreak fusilatu zituen bost borrokalarien izenak daramatza neskak. José Luis Sánchez-Bravo Solla... [+]


August Gil Matamalari mila eskerrez irailaren 28an

Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean.


Otaegiren fusilatzea argitzeko eskaerari ezetz esan dio espainiar justiziak, 42 urteren ondoren

Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.


2016-09-27 | Uztarria
Kereila kriminala jarri du Angel Otaegiren familiak, hilketaren ardura argitzeko

Haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzea nahi dute. Horretarako, sumarioaren kopia bat eskuratzea nahi dute. Bidea "zaila" izango dela azaldu du Angel Otaegiren familiako abokatuak, baina "merezi"... [+]


Eguneraketa berriak daude