Europako ezkerra kontraerasoan dator: "Jo ezkerrerago!"

  • Grezia, Irlanda eta Espainiako hauteskundeen emaitzen zain egon gabe, Europako zenbait lider aurrerazale ospetsuk –Oskar Lafontaine alemana buru– konpromisoa hartu dute gaur nagusi den estrategia neoliberalari ‘B plan’ bat kontrajartzeko. Justu egun berean Britainia Handiko Alderdi Laboristak historiako buruzagi ezkertiarrena hautatu du.      

Irudi handian –Justin Tallisek AFP agentziarentzako egindakoan– Jeremy Corbyn diputatua Labour alderdi laboristaren barne hauteskundeak irabazi ostean militanteen txaloak jasotzen. Izendapenaren interpretazioetan sartuta, batzuek Margaret Thatcherrek irau
Irudi handian –Justin Tallisek AFP agentziarentzako egindakoan– Jeremy Corbyn diputatua Labour alderdi laboristaren barne hauteskundeak irabazi ostean militanteen txaloak jasotzen. Izendapenaren interpretazioetan sartuta, batzuek Margaret Thatcherrek iraultza kontserbadorea hasi zueneko laborismo ezkertiarra –neoliberalismoaren aurrean galtzaile atera zena– ikusi dute Corbynen programan. Beste batzuek 2008 ondorengo krisitzarrak Europako ezker guztietan –mugimendu sozial berri ugarien arnasarekin batera– eragin duen ezkerreranzko joeran Corbyn ezezagunaren garaipena. Modako hitza trantsizioa suertatu daiteke ondoko hilabeteotan: politikoa, ekonomikoa, Europaren egiturazkoa, ekologikoa... Paris Match astekariaren webetik hartutako irudi txikian, Fassina, Lafontaine, Mélenchon eta Varoufakis egun berean Fête de l’Huma festan egindako aurkezpenean.

Lehman Brothers irailaren 15  batean sartu baldin bazen kiebran, 2008an, Europako ezkerrak –baimendu bekigu singularrean mintzatzea aitortuz mugimendu txit anitza dela– ontziaren lemari ezkerrera eraginez ospatu du azken ehun urteotako krisirik bortitzenaren zazpigarren urteurrena.

Britainia Handikoa markakoa gertatu da Alderdi Laboristaren buruzagitzarako hautatzean Jeremy Corbyn, historian eduki duen buruzagi guztietan ezkerrekoena. Izendapenaren egun berean, irailak 12, larunbata, bost pertsonalitate ospetsuk konpromisoa hartu dute ‘B plana’ antolatzeko Europar Batasunean zilindro baten gisa aurrean harrapatutako guztia berdintzen duen politika neoliberalari aurre egitearren.

PCF Alderdi Komunistaren egunkari L’Humanitéren festak –Fête de l’Huma, lagun arterako–  urtero egin nahi izaten du Frantziako eta orokorrago Europako ezkerraren termometro lana. Bertan egin dute ‘B planaren’ aldarrikapena.

Sinatzaileak dira Jean-Luc Mélenchon europarlamentari frantziarra, Parti de Gaucheren sortzailea, nazio gaietan jakobino ezaguna bide batez esanda; Stefano Fassina italiarra, diputatua eta Ekonomiako ministrorde dimititu berria Matteo Renzik ezarritako politikarekin haserre; Zoe Konstantopoulou Greziako Legebiltzarreko lehendakaria, Syrizako buruetakoa atzo arte; Oskar Lafontaine alemaniarra Ogasun ministro ohia, Die Linkeren sortzaileetakoa; eta Yanis Varoufakis greziarra, aurkezpenik behar ez duen izarra.

Deialdian diotenez, premiazkoa da ikastea Grezian Europar Batasunaren eliteak eman duen estatu kolpe finantzieroaren lezioa.  “Europa honek ez du sortzen nazioen barruko eta nazioen arteko bortxa besterik: langabezia izugarria, dumping sozial bortitza, buruzagi alemaniarrek Hegoaldeko Europari botatzen dizkioten isekak (...) Europar Batasuna ari da elikatzen eskuin muturraren indartzea eta bihurtu da ondasunak ekoiztu eta banatzearen kontrol demokratikoa deuseztatzeko tresna Europa osoan”.

Oskar Lafontaine da sinatzaileetan karrera politiko sendoena aurkeztu dezakeena. Hain zuzen ere, Lafontainek proposatu zuen abuztuan Europako ezkerrarentzako ‘B plana’ prestatu beharra, Greziako porrotaren harian: “Injustua eta harroputza litzateke Alexis Tsiprasi eta Syrizari lezio moralak eman nahi izatea. Europako ezkerraren esperientzia hauen ostean, hobe dugu hausnartzea ea zein baldintzatan garatu dezakegun Europan politika demokratiko eta ezkertiarra”.

Eurotik irten ala ez, euroa versus drakma.... ezkerreko buruak ados jartzen ez dituen eztabaida gainditzea proposatu du Lafontainek. Zehazki, euroaren funtzionamendu zurrunegiak ekarri dituen kalteak saihesteko Europako Diru Sistema biziberritzea mahairatu du, euroa sortu aurretik 1979tik 1993ra arte erabili zen tresna.

Bestetik, Europaren batasunari gero eta indar  handiagoa ematea nahi duten ezkertiarren aurrean, Lafontainek uste du deszentralizazioa dela bidea, hori esatean berak luzaz defenditutakoaren autokritika eginez, eta aurrean jarriz Jünger Habermas filosofoa bezalako aditu ezkerrean oso txalotuei: “Demokraziak eta deszentralizazioak elkar baldintzatzen dute”.   
         

Corbynen keinuak Londrestik

Abuztuko paperean ‘B planaren asmoa’ laburbildu zuen Lafontainek: “Europaren funtzionatzeko era aldatu behar da, inolako legitimotasun demokratikorik ez daukan Banku Zentralari kendu behar zaio tekla bat sakatu hutsarekin demokrazia eteteko ahalmena. (...)  Alemaniako ezkerrak ere ohartu beharko luke ‘Euroa hilez gero, Europa hil da’ mantra merkeldarra tranpa bat dela (...) Grezian ikusitakoak ikusita, Europa demokratikoa eta soziala nahi badu ezkerrak Europarekiko bere politika aldatu behar du eta bide berrietatik abiatu”.

Baina, Lafontaine eta guzti Paristik lanerako deia eginez liderrok  Europako ekonomiaz eta gizarte zerbitzuez ari diren moduan, Britainia Handian Alderdi Laboristako bazkideek nagusi hautatu duten Jeremy Corbyn askoz programa zabalagoaz ari da bere ‘B planean’. Urrutirago doa.

Ekonomian, austeritate neurriak eten eta aberatsei zerga berriak ezarri, enpresen etekinei bezala. Irakaskuntzan, sare publikoa lehenesteaz gain, ikasleentzako beken sistema berrezarri: Corbynek estudianteei barkamena eskatu die gobernu laboristek bekak kredituz ordezkatu zituztelako. Neurri oso zehatzak agindu ditu ere, irabazten badu, etxebizitzetan, politika sozialean, osasun sare publikoaren indartzean, genero berdintasunean...

Baina 2015eko Europan harrigarriena ez dira suertatzen Corbynen programa sozial oso ezkerrekoaren atalok. Are deigarriagoa da gobernua bereganatu nahi duen alderdi bateko buruzagia ausartzea energia konpainien eta ferrokarrilen nazionalizazioa proposatzera. Eta zer esanik ez Britainia Handia OTANetik irtetea eta Trident programa militar atomikoa geldiaraztea.

Labourrek ez du ezustean hautatu eskuetan laborista baino troskista dirudien programa dakarren Corbyn. Bizi osoa darama alderdiaren baitan, parlamentario, kritiko baina alderditik irten gabe. 2003an Irak erasotzeko George W. Bushek eskumakilatzat Jose Maria Aznarrekin batera Tony Blair erabili zuenean, Corbynek kontra bozkatu zuen.

Labourren lider izateko lehian sartu aurretik bezala gero, beti mintzatu da argi, Hego Amerikako lider ezkertiarrak sustatuz bezala Israel kritikatu eta Palestina defendituz. Eta hala ere batzuk harrituko ziren alderdiak buruzagi izendatu zuen larunbatean, Europa osoa iheslari migratzaileen kaosean murgilduta zegoenean, oholtza gainean Corbyn ikusirik “Refugees welcomed here” (Iheslariak ongi etorriak zarete hemen) zioen afixaren aurrean. Edo gerran hildako militar ingelesen aldeko ekitaldi batean “Good save the Queen” hasten den ereserkian isilik geratu zelako.

Sartuko da Corbyn bere alderdiarekin Parisen aldarrikatutako ‘B planaren’ joste lanetan? Europako zein gehiago? Euskaldunen bat? Azarotik aurrera hasiko gara ikusten.

Hasi da eztabaida, ea nola antolatzen den politika berri bat: “Osasunak partekatu eta enpleguak sortzeko, gazteentzako batez ere; trantsizio ekologikoa eta Europar Batasunaren birsortze demokratikoa. Itun europar zeken inhumanoak hautsi eta berriak sortu neoliberalismoaren hesiak gaindituta. Aurrekontuen ituna deuseztu. TTIP AEBekiko merkataritza librezko ituna arbuiatu”. Hitz gutxitan, lan handi bat esku artean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen gerra
Ehizaren fantasia desegiten denean

Las Vegas hiri ezagunetik ordubetera Creech-eko aire-base militarra dago basamortuaren erdian. 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzean, ia mila leherketa nuklear "esperimentalen" lekua izateagatik ospetsu egin zen. Creechen koordinatu dituzte azken 20 urteotan AEBek mundu... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Turkiaren droneak, Kurdistanetik Tigray, Sahara eta Ukrainaraino

Droneen ekoizpena gorantza doan industria da, eta Turkia gerrarako droneen fabrikatzaile eta esportatzaile handienetakoa bihurtu da. Haien produktu izarra Bayraktar TB2 da. Modu autonomoan aireratu, lurreratu eta nabigatu dezakeen drone bat, baina giza operadore baten mende... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen aita sionista

1950eko hamarkadan, AEBetako armada droneak erabiltzen hasi zen gatazka guneetan zaintza eta errekonozimendu misioetarako. 1994ko uztailaren 3an izan zen Predator dronearen lehen hegaldia, armatuta egon gabe. 1995eko uztailean, Predatorrek Balkanen gainetik egin zuen hegan... [+]


Eguneraketa berriak daude