Elkarrizketa eraikiz

“GERNIKAKO Estatutua ez betetzea izan da, eta da, sistema demokratikoak euskal gizartearekin eta nazionalismo demokratikoarekin hartutako konpromisoa amaitu nahi ez izanaren porrot handia; eta euskal gatazka, izaera politikoduna eta ETA baino askoz lehenagokoa, konpondu gabe dago oraindik”. Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak 2011n argitaratutako memoria liburutik jasotako esaldia da. Ondo pentsatutako berbak direla esan liteke, beraz. Horrela amaitzen du paragrafoa: “Euskal gizartean nazio partaidetzaz dagoen bikotasuna –euskal herritarra/euskal-espainiarra–, horixe da izaera politikoa duen gatazkaren oinarrian dagoena. 1986an aditu europarrek aholkatu ziguten Estatu Libre Elkartuaren formula berreskuratzea legoke agian”.

Egongo dira bikotasun horri erantzun ahal dioten hainbat harreman formula eta datozen hilabeteetan asko hitz egingo da horien gainean. Autogobernu lantaldeak eskatutakoari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak hainbat txosten bidali zituen joan den astean Eusko Legebiltzarrera. Josu Erkoreka eledunak azaldu zuenez, Jaurlaritzak bere aurrekontua bikoiztuko luke –10.000 milioi eurotik 20.000 milioira– bere eskuetan balitu Madrilek oraindik transferitu bako 24 eskumenak. Legealdi amaiera dator Eusko Legebiltzarrera eta autogobernu ponentziaren lanaren amaiera. Etorriko denaren lagin txiki bat besterik ez da Erkorekak azaldua, hori bai, kasu honetan oso esanguratsua.

Gernikako Estatutuan dagoen kontzertu ekonomikoa kontzertu politiko ere bihurtu nahi du EAJk, Madril eta Gasteizko harremana aldebikotasunean oinarritu dadin.  Oraindik ez dago batere garbi testuinguru horretan nola geratuko den erabaki eskubidea, baina oso posible da orain bezala geratzea: hau da, Eusko Legebiltzarrak onartua du autodeterminazio eskubidea, baina ez da ezer egiten uneren batean herritarrek horren gainean erabaki dezaten.

ERABAKI ESKUBIDEA, alabaina, dagoeneko ez da bakarrik gure nazio izaeraz erabakitzeko tresna, Ibarretxe planean irudikatzen zen legez, adibidez. Kontzeptu politiko gisa bere bilakaera izan du eta herritarrek erabaki nahi dute euren egunerokotasunaz, eta ez bakarrik lau urtez behin. 2008ko krisia hasi zenetik emandako herritarren ahalmentzea geratzeko etorri da. Euskal herritarrek erabaki nahi dute LOMCEri buruz, gizarte segurantzaren norabideaz, osasunean eta hezkuntzan inbertitu nahi duten dirutzez… Hainbat esparrutan egunerokoan erabakitzea eskatzen da gero eta gehiago.

Hori, beraz, oso kontuan hartzeko aldagaia izango da aurrerantzean. Ikuspegi hori ere garrantzitsua da Nafarroan –edo Valentzian eta Galizian– emandako aldaketa politikoa ulertzeko. Abertzaletasunak badu hor  garrantzitsua den esparrua, bizitzako ohiko esparru ugarietan erabakitzeko eskubidearen garapenak, beretzat klabea den naziotasunean erabakitzeko atea ere irekitzen duelako.

Funtsean, hori zen Espainiako hauteskunde orokorretarako EAEn uda aurretik plazaratu zen ezkerreko indarren aliantza proposamenaren oinarria. Ahal Duguko zuzendaritzak ez zuen begi onez ikusi –batzarrak edo zuzendaritzak bakarrik erabakita?– eta ekimenak ez du aurrera egin. Nafarroan ere antzeko proposamena egin berri dute kultura eta politika munduko hainbat pertsonek, baina haien eskaerak ez du emaitzarik izan alderdien aldetik.

Herritarren batzar batek, ordea, ezkerreko indarren hautagaitza bateratu baterako proposamena luzatu die alderdiei eta proposamena airean da oraindik. Proposamenaren atzean, besteak beste, EH Bildu, Ahal Dugu, Batzarre eta Ezker Batuaren inguruko jendea ari da. Seguruenik udazken hasierak irentsiko du ahalegina, baina saioak erakusten du herritar askoren buruan zein norabide dagoen eta ahaleginak duen potentzialitatea.

ERAIKIZ agiria plazaratu duen biktima talde anitzak ideia interesgarri ugari jarri ditu mahai gainean, baina bat nagusi, eta batez ere politikariei bideratua: hasi mugitzen, gu oinarrizko akordio batzuetara iristeko gai izan bagara, zuek ere bai. Zoru etikoa, biolentzia, giza eskubideak eta Ardanzak dioen arazo politikoa. Hori dena eta gehiago da euskal gizarteak pendiente duen debate mamitsuaren zorro sakon horretan. Elkar jotzeko gaitasuna aski frogatua dute euskal herritarrek historian zehar; bada baldintza aski elkarrizketari sakon ekiteko. Ez dago aitzakiarik.


ASTEKARIA
2015eko irailaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal gatazka
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Eguneraketa berriak daude