Fruitu sasoi betea bizi dugu. Jan sasoi bikaina. Energia koloretsua orain adina noiz jaten dugu ba? Sasoi honen tankerakoak, urtea joan eta urtea etorri, etengabe garatu eta berritu daitezen haziak zaindu behar. Hazia fruituan babestuta dator. Barruko hazia heltzen den eran fruitua bere eginbeharra galtzen hasiko da eta alferrik galtzen. Ez alferrik! Fruitua helduta dagoen seinalerik nabarmenena barruko haziaren heldutasuna da. Fruituak usteltzerako bideari ekin dio, haziak bizitza sortzeari...
Haziak bere bidea behar bezala bete dezan, egokiena naturan egingo lukeen bidea egitea da. Hau da, zuzenean lur eman eta lurrari eman. Edo animaliaren batek jan eta bere digestioko beratzetik pasarazi lurrari eman aurretik.
Heldutako hazia beratzea eta lur artean “ibiltzea” ez da alferrikakoa. Haziaren heldutasunaren adierazle nabarmenena azala da. Azalak kolorea hartua eta gogortua behar du. Haziak azala zailtzen du, gainera datorkion neguan, gorrienetan beltzena izanagatik, irauteko gai izan dadin.
Gero udaberrian haziaren ernamuina hozitu dadin, azal hori bigundu egin beharko da. Neguak, arrastan edo gozo-gozo ukitutako lurrak, animaliaren urdail-hesteetako pasadizo azidoak... Denek beratze horretan lagunduko dute. Azala beratua, bigundua, harramaskatua, karrakatua, lixatua, jana egongo da; udak eta udazkenak zaildu zuten azala ederki samurtua harrapatuko du negu-udaberriko ernaldiak. Azala samur, ura erraz sartuko da. Urak kanpoko berri emango dio haziari. Hark pilatutako erreserbak dantzan jarriko ditu eta hoziaren edo ernamuinaren eskuera jaki gozoak ekarriko. Ernetzean sustraia lurraren aldera luzatuko da eta ondoren kimua argiaren aldera. Sustraiak elikagaiak bilatuko ditu, kimuko hostoek airea eta argia. Sustraije-hostaje sistema moldatu bitarte horretan behar duen janaria da haziaren erreserba. Horiek biak lanean jarri ordurako landare berria burujabe da. Ez gu animaliok bezala, bizitzeko beste bizidunen bat jan beste atarramenturik ez dugu.