Zaborren gerra berriz Italian: 30 birziklatze planta kiskali dituzte

  • Italia osoa Zero Zabor lurralde bilakatzeko kanpaina, hilabeteotan erakunde askok bultzatzen zutena, arriskuan jarri dute bi eraso bortitzek. Batetik, 30 birziklatze planta sutu dituzte, askoren ustez mafiako taldeek. Eta bestetik, Matteo Renzi lehen ministroak bultzada berria eman die errauste plantei Italia desblokeatzeko aitzakian.     

Banan bana erretzen ari dira  birziklatze planta guztiak”, idatzi du  Jacopo Giliberto kazetari gazteak Corrente blogean irailaren 1ean. “Abuztuaren 30eko goizalban Veronako Villa Bartolemean suteak kiskali du Fertitaliaren konpost planta. Hilabeteotan erre duten hogeita hamargarren birziklatze edo konpostatze planta da. Behin gertatu balitz, istripua izan dela esan ahalko zen. Baina hogeita hamargarrena eta igande gauez, birziklatzearen kontrako atentatua izan dela esan dezakegu”.

Lehenbiziko suteak martxoan hasirik, Milanon maiatzaren lehenean gertatuari zenbaitek usain txarrak hartu zion. Monzako Albairaten –Europan gaikako bilketa eta  hirietako organikoaren konpostatzean aitzindaria da Monza– Expo Milano Erakusketa Unibertsalak sortutako txerri-janak tratatu behar zituen planta suntsitu zuten garrek.

Ekainaren 5ean Padua inguruan dagoen Sese konpostatze planta, Italiako handienetakoa, erre zuten. Beste bat Parman, gero Erroman, Perugian... 30 osatu arte. Zerrendan badira konpostatze plantez gain TMB plantak, biltegiak eta abar.

Sabotajeak direla susmatuta, abuztuan jo zuen alarma Beppe Grillo 5 Izar Mugimenduaren liderrak bere blogean: “#laguerradeirifiuti: in pochi mesi a fuoco 26 impianti di riciclo, compostaggio, trattamento meccanico”.

Suteok azkar eta sakon ikertu daitezen eskatu du Grillok: “Derrigorrezkoa da. Bereziki gobernuak Sblocca Italia dekretuarekin onartu ostean 12 errauste planta berri baimentzea, konpostatzearen eta birziklatzearen kaltetan. Aspalditik Italian zabortegien eta errauskailuen lobbyak eta ekomafiak gerra oso zikin bat darabilte hondakinekin, klase guztietako erasoz. Hondakinak, kontsumitu ostean konpostatu edo birziklatzeko moduko materialak, dira, baina interes zikinak direla medio erre edo lurperatzeko bidea hartzen dute, gizakien osasuna eta ekonomia justuago bat kaltetuz”.

Are salaketa gogorragoa egin du erakunde publiko batetik Walter Ganapinik, Umbria eskualdeko Ingurumen Agentziaren zuzendari orokorra baita. Italiako Gobernuari bidali eta Legambiente elkarteak plazaratutako gutunean sute ugariok kasualitatea ez direla esateaz gain, suntsiketa horiek ulertzeko hiru klabe aurreratu ditu Ganapinik.

Batetik, norbaitek ez ditu galtzen utzi nahi errauskailuak eraikitzen egindako inbertsioak eta berriak eraikitzeko pentsatuta dauzkatenak, nahiz eta Europatik esaten ari ziren etorkizuna ez zihoala hortik. Bi, “mafiek ez dituzte galtzen utzi nahi Mazedonian, Kosovon, Errumanian eta abar zabortegietan eginak dauzkaten inbertsioak, zeinak elikatzen baitituzte zaborrak itsasoz garraiatzeko bitartekariak ere”. Eta hiru, hondakinen kudeaketan –lurreko zabortegietan bezala errausketan– nagusi izan diren taldeen arteko barne liskarrak.

Hori lortzeko, su piztaileek orain dela urte batzuk Napolin eta Campania osoan zaborrengatik egon zen larrialdi egoeraren antzekoa antolatu nahiko lukete, Ganapiniren aburuz: “Emergentzia justifikatu nahi dute: hiru interes taldeok ase eta Europar Batasuna despistatzeko, beharrezkoa dute errauskailuaren eta zabortegien alternatiba diren plantak suntsitzea”.
         

Renzi errausketa sustatzen

Antonio di Cianciullok idatzi du Eco-Logica blogean: “Gaikako bilketa ondo funtzionatzen ari da. Zenbakiek erakusten dute: %65eko bereizketaren araua 10 milioi italiarrek errespetatzen dute, eta kopurua handituz doa. Baina bistakoa da norbait ez dagoela gustura”.

Sabotajeak lehen ere ezagutu dira Italiako hondakinen aferetan. Batik bat hango hegoaldean, Campanian, 1994tik 2009a artean zaborrengatiko larrialdi egoera ezagutu dute han eta udalerri askok azken irtenbidetzat atez ateko bilketa, konpostatzea eta birziklatze orokorra ezartzen hasi zirenetik.

Nabarmena da, ordea, oraingo erasoak gertatzea preseski Matteo Renzi lehen ministroak hondakinen kudeaketan atzerapausoa dekretatzearekin batera. Beren negozioa hondakinetan zuten indarrei berriro hortzak luzatu balitzaizkie bezala. Eta egia da Renzik Italia desblokeatzeko estakuruz atera duen legearekin (Sblocca Italia) aukera berriak eskaini dizkiela hondakinen negozio zaharrei, Zero Zabor eta ekonomia zirkularraren aldeko dinamikak ahultze bidean jarriz.

Dekretu berriarekin Renzi zentro-ezkerrekoak 12 errauskailu berri baimentzeko bidea ireki du; aurretik 42 gehiago ari ziren lanean eta 6 gehiago zeuden onartuak. Gasa eta petrolioa ustiatu edo garraiatzekoak bezala, errauste plantak “estrategiko eta nazioaren intereseko azpiegitura” izendatu ditu Renzik.

2014. urtean Italian sei milioi tona zabor kiskali zituzten, eta lehendik baimendutako seietan 730.000 gehiago erre ahalko dira. Hala ere gobernuak nahi du bi milioi gehiago erre dezaten. Horretarako errauskailu berriak Italia osoan barrena eraikitzea nahi du, baita dagoenekoz horiek elikatzeko aski zabor sortzen ez duten eskualdeetan ere, baimenduz kanpoko zaborrak ere erraustea.

Salvatore de Rosak “Sblocca Italia: Extractivism made in Italy” artikuluan azaldu du testuingurua. Herritarren botoz onartu gabe hirugarren lehen ministroa den Renzik dekretuarekin bete ditu Europako Troikak emandako agindu zorrotzak. Bere zor erraldoiaren zamapean porrot egiteko zorian zegoen Italiak, salbatu nahi bazuen, pribatizazio eta liberalizazio plan zorrotza ezarri behar izan du.

Pakete berean doaz gastu sozialen murrizketa, langile publikoen urritzea, arriskuen prebentzioa apaltzea, eta abar. Azpiegitura erraldoien eraikuntza ere berriro lehentasunen agendan sartu du Renzik, izan Abiadura Handiko Tren, aireportu edo autopista.

Sblocca Italiaren oinarrian –dio De Rosak– filosofia hau dago: kapital pribatuari eskuak libre utzi behar zaizkio bere proiektuetan, horretarako deseginez orain arteko baimen, galdeketa eta epe mugak. Berdin dio muga horiek Konstituzioan bertan ere agertzen baldin badira herritarren bizimoduari eragiten dioten gaietan”. Horra Italia II. Mundu Gerraz geroztik nozitzen ari den krisi ekonomiko larrienetik ateratzeko formula.

Renziren asmoen kontra, erakunde eta elkarte askoz gain, Italiako udalerrien elkartea ere mintzatu da. Beren lurretan ezarri nahi diren proiektu berriez lehen baino are kontrol gutxiago edukiko baitute.  Mugimendu sozialak ere ari dira mobilizazioak berotzen asteotan. “Blocca lo Sblocca-Italia” aldarrikatuz, Urrian Erromako legebiltzarra okupatzekotan dira.

Beraiek eskegitako argazkian, Veronako suhiltzaileak abuztuaren 30ean Vila Bartolomeako konpost planta suntsitu zuen sutea itzaltzen. Fertitaliak hor urtean 130.000 tona hondakin organikorekin luarra eta biogasa ekoizten ditu. Eraikin guztien teilatuak plaka fotovoltaikoz horniturik zeuzkan, zentral txiki bat osatuz. Horiek guztiak, makinak, materialak eta plaka fotovoltaikoak (1,5 milioi euroko inbertsioa), denak hondatu zituen suteak. Ia bi hilabete lehenago, ekainaren 7an, gobernua gutun irekian ohartarazi zuen Ingurumen Agentziaren zuzendaria den Walter Ganapinik: “Prest egon behar dugu bortxazko eraso hauei aurre egin eta ondare publikoak, ingurumena eta osasuna defenditzeko”. Hondakinen gaikako bilketa eta birziklatzean urrats handiak egin dituen Italian kaosa sortu nahi dutenak badira: Emergenza Rifiuti (zaborren larrialdi) berri bat... hobeto saltzeko beren soluzioa: errauskailuak. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude