Iruditu, ustez...

Umotu, erori eta usteldutako fruitua, daramatzan haziei “luarra” emango diena.

Euri jasa itxurazkoa bada, ondoren errioak ur-karga dezentekoa ekartzen duen tankeran, aurten fruitu urtea da. Gero atera beharko dira kontuak, eguraldiaren segidak edo zer arraio dela-eta aurten ia denak oparo eman duen: tomate (Lycopersicon esculentum), piper (Capsicum annuum), sagarrondo (Malus x domestica), udareondo (Pyrus communis), aranondo (Prunus domestica), hurritz (Corylus avellana) eta abar. Datozenak ikuskizun dira, baina ez dakarte itxura txarra artoak (Zea mays), babarrunak (Phaseolus vulgaris), intxaurrondoak (Juglans regia), elorri beltzak (Prunus spinosa) eta mizpirondoak (Mespilus germanica).     

Urte ederra doa bai aurtengo hau, eta fruituen emana baliatu nahi dut oinarrizko gauza batzuk gogora ekartzeko. Adibidez: fruituak ez dira guk jan edo edateko sortu, hazi eta ekarriak. Fruituaren betebeharra haziak bildu eta bideratzea da; fruitua eman duen landare amaren espezieko izabanako berriak sortuko dituzten haziak. Aurreko batean nioen eran, hazi bakoitza informazio genetiko berezi eta parerik gabeko baten kontainerra da. Landare banako baten sortzailea, bere espeziean berdinik izango ez duen izabanako batena.     

Hazia sortzeko sexu harremana gauzatu duten bi landareren helburua –landare berriak sortzea, alegia– egoki bideratzeko, nahitaezko baldintza batzuk bete behar dira. Lehenengoa hazia ondo heltzea eta osatzea da, osasuntsu eta gogor. Zaildu gabeko haziak ez du landare berririk sortuko. Sorkuntza hori ahalik eta errazena eta gauzagarriena izan dadin haziak ahalik eta bide naturalenari jarraitu beharko lioke. Naturan fruitua animaliaren batek jan eta haziak bere simaur dosiarekin hedatuko ditu. Edo, fruitua umotu, erori eta lurrean ustelduta, daramatzan haziei “luarra” emango die.

Usteldura bat da landarearen bizitzaren helburua lortzeko bitarteko. Usteak erdia ustel duela dio esaerak. Eta dena ustel balitz? Ustea, hau da, letorkeen landarearen sorkuntza ez al da uste soila? Edo hustea? Hutsaren hurrengoa ez al da sorkuntza guztia? Hutsa ustearen ustelduratik landarea sortzen da! Hala iruditzen zait. Iruditu ere, zura iruditzen denean ustel tankera du. Iruditzea ez al da ba uste izatea? 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fruituak
2023-09-04 | Jakoba Errekondo
Ahuakateondoa eta xenofobia

Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela... [+]


2023-05-29 | Garazi Zabaleta
Errota
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak

Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere etxean. Hurrak kanpotik erosten zituen, baina pixkanaka proiektuan sakontzen joan... [+]


2023-01-26 | Garazi Zabaleta
Anthony Uranga
“Fruituak erosi beharrean etxaldean biltzera geroz eta bezero gehiago dator”

Duela lau bat urtetik Kanboko Biperduna etxaldean ari da lanean Anthony Uranga gaztea, barazkiak eta euskal piperrak ekoizten. Orain, baina, proiektu propioa du eskuartean: 2.000 ahabiondo landatuko ditu Biperdunatik hurbil dagoen Arkaitz baserriko lursailean, eta landareak... [+]


Eguneraketa berriak daude