18 hilabete

BOTOAK eta eserlekuak, biak kontatuko dira oso ongi irailaren 27an Katalunian, Madrilen eta mundu osoan. Biak dira giltzarri. Hauteskunde kanpainaren arlo bat gehiago da irabazlea neurtzeko termometroaren eztabaida. 27an katalan independentismoak botoen %50 + 1 lortuko balu, urrats oso handia emango luke independentziarantz. Baina helburu oso gaitza da, ez da inongo inkesta edo ikerketan agertzen halakorik. Duela sei urte, hala ere, agertzen ote zen nonbait independentismoak gehiengo osoa lortuko zuenik legebiltzarrean eta plebiszitu sinboliko bat irabaz zezakeenik?

Diadaren indarrak ezusteko bat baino gehiago ekarri du berriz ere.  Unionismo garbia estu dabil, baina haren ondoren, kezkatuen Catalunya Si que es Pot (CSQEP) hautagaitza ei dago, Diadaren eragina inkestetan ere nabaritzen ari delako eta bere esparruko federalista asko Junts pel Sí edo CUPi begira dagoelako, oraindik ere botoa non sartu erabaki barik.

Une honetan hauteskundeetako emaitza batez ere federalista jotzen den katalan gizartearen %25-30 horretan dago. Horko batzuk PSCkoak dira, beste batzuk ICV eta Podemosen orbitakoak, baina federalista horien %4-5ek independentziarako jausia eginez gero, independentismoak garaipen handia lortuko luke. Bototan eta eserlekutan.

Gehixeago edo gutxixeago erdietsi, independentismoak gehiengo osoa lortuko du Legebiltzarrean, hori bermatua dagoela dirudi. Eta horrek abian jarriko du aldebakarreko independentzia prozesua: lehen hamar hilabeteetan Katalan Errepublikaren Konstituzio berria idatziko da Legebiltzarrean eta, gehienez 18 hilabetean, gobernua desegin eta konstituzioa erreferendumera eramango da. Bide orria hori da, baina argi dago boto kopuruek ibilbidea dilatatu dezaketela.
    
ETA ESPAINIA? Hori da guztiok buruan dugun bigarren galdera nagusia. Kanpaina beldurrarekin ari da egiten Madril, oraingoan mehatxuetan harmaila bat igoz, Konstituzio Auzitegiaren erreforma bananeroa eta armada espainiarraren mehatxuak haizatuz. Baina bakarrik zigorraren bidea erabiltzen bada, horrek katalan independentismoa elikatu besterik ez du egingo: bi legitimitateren arteko tentsio politiko handian, herritarren borondateak zigorraren legeak baino indar eta zilegitasun demokratiko handiagoa duelako.

Espainiak bide ugari ditu zigorraren bidetik abiatzeko, baita 155. artikulu ospetsua indarrean jarri aurretik ere. Baina horrekin bakarrik jai dagoela badakite Madrilen, bai PPkoek eta baita PSOEkoek ere. Federalismo sakonik gabe  geroa iluna dela sumatzen da alde guztietan. Kontua da horretarako aukerarik ba ote dagoen oraindik, bai Espainian, bai Katalunian. Hori jakiteko termometro onenak bi hauteskundetako emaitzak izango dira: 27koak eta urte bukaerako Espainiako orokorrak. 27koak  oso onak badira independentismoarentzat, erreferendum negoziatua izango da jada Espainiari arazoa bide demokratikoetatik bideratzeko geratuko zaion azken aukera. Hortik aurrera inork ez daki zer gertatuko den, baina manifestazio handien garaia pasatzen ari dela eta desobedientziaren aroa datorrela iragartzen ari da ANC. Eta Espainian PPk eta Ciutadansek argi irabazten badute, Konstituzioaren erreforma iragarria ezer gutxitan geratuko da seguruenik. PSOEk eta Podemosek irabazten badute batek daki, baina erreforma hori sakonagoa izateko aukera handiagoak leudeke. Inork ez daki, baina aktore guztiek adi egon beharko dute, Espainiako Estatuan aldaketa garaia bizi dela sumatzen da eta.

KATALUNIAKOA akuilutzat hartzea ongi da, baina bakoitzak bere erritmo eta errealitatea du. Euskal gizartearen gehiengo zabala dago erabaki eskubidearen alde, baina Katalunian ez bezala, horretan indar handirik jartzea ez da hain garrantzitsua multzo horrentzat, eta gainera ez daki hori proiektu politiko gisa nola bideratu. Baina abagune honetan abertzaletasunak badu aukera historiko bat epe motz eta ertainean: erabaki eskubidea bere esparrutik atera eta esparru ez abertzaleetan ere txertatzea. Eta zorionez, egun badira langintza hori akuilatzeko esparru interesgarriak, bai eremu instituzionalean –Nafarroan batez ere–, bai ezkerreko alderdien artean eta baita erabaki eskubidearen zabalkunderako giltzarri den borroka sozialean ere. Baina eskema zaharrak astindu gabe jai dago.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude