OME, 10 urte ospitaleetan esku higienea sustatzen

Ospitalean dauden ehun gaixotatik zazpik infekzio bat hartzen dute mikroorganismoen transmisioagatik, ospitaleko langileek beren eskuekin ukitu ondoren. Zifra hori beldurgarria iruditzen bazaigu ere, kontuak ez dira hor amaitzen: infektatutakoen portzentajea %30era irits daiteke medikuntza intentsiboetako unitateetan egoerarik kritikoenean dauden gaixoengan.

Duela hamar urtetik hona, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gai horri buruzko kanpaina egiten du urtero, Arreta garbia, arreta seguruagoa programaren barruan. Kanpainaren erdigunea Eskuetako Higienearen Munduko Eguna izaten da, maiatzaren  5ean. Aurtengo leloa Save lives: clean your hands (Babestu bizitzak: garbitu itzazu eskuak) izan da.

Kanpainaren hamargarren urteurrena bete den honetan,  eskuak garbitzeak osasunaren eremuan daukan garrantzia azaltzen duten hamar arrazoi nagusiak gogorarazi ditu OMEk. Horien artean nabarmendu behar da milioika bizitza salbatu direla keinu sinple horri esker; osasun-sistemen segurtasuna azpimarratzen duen kalitate-adierazlea dela; eskuen higiene egokiak infekzioak saihets ditzakeela, eta gaixoen osasunari eta osasun-arretako langileei eragindako kalteak prebenitzeko kostua hamar dolarren azpitik dagoela.

Erronka politiko eta soziala    

Egia da osasun arazoak, esate baterako arreta sanitarioari lotutako infekzioak –ASLI akronimoarekin ezagutzen direnak–, ez direla hain erraz azaleratzen, baina gertatu gertatzen dira, eta horregatik konpondu beharreko erronka politiko eta sozialtzat jotzen ditu Osasunaren Munduko Erakundeak. Dena den, beste hainbat kasutan gerta daitekeenaren alderantziz, ez da beti diru-kontua, teknologiarik eraginkorrenak oso merkeak baitira sarritan: horrela, alkoholarekin eratutako disoluzio desinfektatzaileak ASLIak eta horrekin batera baita milioika heriotza ere prebeni ditzake urtero. Gezurra badirudi ere, botilaren kostua hiru dolarrekoa besterik ez da.
“Osasun-langileen laneko fluxuan eskuetako higienerako une edo momentu espezifikoak txertatzeak minuturo, orduro, egunero gauzak behar bezala egitea errazten du”, OMEren arabera. Baina horrekin batera, infekzioen prebentzioa da osasun-sistemen indar-gune nagusietakoa. Eskuen higieneak izan behar du beti gaixoari osasun-eremuan egindako esku-hartze guztien oinarria, dela pazienteari gailu mediko inbaditzaile bat ezartzea –pauso-markagailu bat edo belarri barruko inplante bat–, dela zauri kirurgiko bat garbitzea, dela injekzio bat jartzea bezain sinplea dirudien ekintza.

OME erakundeak esku-higienearen inguruan martxan jarri duen kanpaina sare sozialetan ere ari da zabaltzen, #handhygiene traolaren bidez. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Eguneraketa berriak daude