argia.eus
INPRIMATU
Ibilbide irmo eta emankor baten lagina, gau bakarrean
  • Hutsartea
    Estricalla

    Stop Control Antirecords, 2015

     


     

ARGIA @argia Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2015eko irailaren 09a

Euskal Herrian sortutako Estricalla eskola zaharrekoa da zentzu askotan, nahiz eta taldea gazte samarra den: beraien lehen diskoa 2010ekoa da. Ez ditugu beraien biografia eta ibilbidea orain hemen zabal errepasatuko Argiako hemerotekan aurretikako lanen iruzkinak aurkituko dituzuelako.
    Eskola zaharrekoa dela esatean lehenik eta behin burura etortzen zaigu 80ko hamarkadan eztanda egin zuen punk-hardcorea, doinuetan, jarreran eta egiteko moduan. Eta horiek guztiak ditu Estricallak. Bere kabuz, Stop Control Antirecords zigilu propioarekin eta lan andana eginez barrenak hustu, errebeldia egiazkoa zabaldu eta mimoz erditutako lanak kaleratzen dihardu. Hala, El Corazón del Sapo-ren garai urrunetatik orain arte egindako ibilbideak bere fruituak jasotzen ditu egunez egun hurrengo pausoak elikatuz. Eta badira, gainera, ibilbide horretan are eta esangura handiagoa duten urratsak, bidezidorrean pilatutako lagunek handiagoak egiten dituztenak. Horra hor, esaterako, Dead Kennedys taldeko sortzailea izateaz gain, oraindik ere asaldatzaile hutsa den Jello Biafrarekin batera lan egin izana.
    Modu berean, honako lan hau, irudi indartsuz osatutako liburuxka mardula, singlea eta bibliografia oparoa eskaintzen duen Hutsartea, eguneroko ahalegin sutsu eta egiazkoarekin pilatutako lagunen beste topaketa berezia da. Aspaldidanik miretsitako SNFU taldearekin Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean –etxean– agertokia partekatzeko aukera suertatu zenean, sute txiki horren beste gar bat piztu zen. Halako gau majiko bat! Gainera, talde kanadarreko Mr. Chi Pigek idatzitako hitz bat Estricallarekin abestu eta grabatu zuten, lan honetan entzungai duzuena.
    Aspaldiko lagun berezien topaketarekin bat, Ikor Kotx argazkilari zakur-zaharra Zarauzko gau horren lekuko izan zen, eta bere presentziak –eta lanak– egiten gaitu han batutako amorruz, indarrez, elkartasunez, lagunez eta sentimenduz blaitu. Argazki-sentsazioz jositako liburuxka mardula dakar aipagarri dugun disko txiki-handiak. Bere begiradaren filtropean protagonista bihurtzen gaitu Estricalla, SNFU, Arrautz Ustelak eta han bildutako guztiak.
    Eta diskoaren lorratzen artean lau deiadar, lau ostikada, lau erditze: Ice speed biharko esperantzari uko egin eta RKLren tankerako zapatilla-hardcore-gitarreroarekin; ilunagoa eta oso instrumentala den laino arteko Skeleton; SNFUko Mr. Chi Pigek abestutako Kurling kalekume destroyerra; eta Ejea de Los Caballeroseko heavy iragana lotsagabeki punk-hardcore gitarreroenearekin ezkontzen duen Bosleigh, hain zuzen ere.
    Erraietako punk-hardcore asaldatzailearen zaletuontzat arnasa da Estricalla. Eta koordenada horietatik kanpo daudenentzat berriz, lan egiteko eta borroka egiteko eredu bat, diziplina betea eta egiazkoa; tontakeriarik gabe.