argia.eus
INPRIMATU
Gizaki gisakoak
Anuntxi Arana 2015eko irailaren 09a

Alarde garaia ixten duen Hondarribikoak zer ekarriko ote digun geundela, sasoia irekitzen duen Irungo konpainia mistoari begiratuta otu zitzaidan zein gisakoak diren han ibiltzen diren gizonak, adin guztietakoak, ile urdinetatik mutikoetaraino. Justiziazkoa baizik ez dena, eta, halere, zerbait da pribilegiodunak berdintasunaren alde ikustea. Sexismoak sortzen duen amorruan oroitzekoa da errealitatearen beste zati hori, garrantzitsua, minoritarioa denean ere. Eta historian nolabaiteko aurrekariak dituena.

Hor dugu Bernart Etxepare Emazteen fabore olerkian, begirada nahiko barkakor eta androzentrista duen arren. “Gizonaren probetxuko emaztea beti da”, dio: etxea gobernatzen du, espeziearen segida segurtatzen du, plazer emaile da… Eta atsegingarri direnez, emazteak atsegaleak direlakoan arrangura zirenei erantzun zien ez luketela faltarik egingo gizonek bakean utziko balituzte. Gai bera landuko zuen ondoko mendean Juana Ines de la Cruz serorak, hark ere gizonei leporatzen zizkiela andreen hutsak. Ez ziren feministak, ez de la Cruz eta ez Etxepare, baina bataren arrazoibidea goresten bada, ezin da bestearena gutxietsi, biei aski zaila izango baitzitzaien garai haietan urrunago joatea.

Beste muturrean dugu Frantzisko Xabierkoa, konfesoreei aholkatzen ziena sekula ez emaztearen aitzinean aitortzeko senarra dela hobendun, haren errua nabaria bada ere, emakumeak ez dezan deus gaitzestekorik izan gero. Santu nafarraren ideiak maizegi topatzen ditugu oraingo gizonengan; eta aski ez balitz, urtero badira Hondarribian neska panpinak, sumindura beltzez mozorrotuak eta parekidetasunari bizkarra ematen. Gutarik inor ez da alienaziotik salbuetsita, eta badira beren zapalkuntza gorestea hautatzen dutenak.

Horiek hola, feministek jarrera paradoxikoak hartu behar dituzte: alarde mistoa eskatu eta talde ez mistoetan militatu, emazte izateak ez duela baitezpada jarrera itxurosorako berme ematen jakinez eta, aldi berean, eraso sexisten aurkako autodefentsa landuz. Ahantzi gabe, norbaiten balioa neurtzeko sexua irizpide egokia ez baldin bada, ez dela zertan gizonak, gizon direlako, emakumeen etsai naturaltzat hartu. “Emakumea gizakia da” oximoroari ihardukitzeko, parean ezar dakioke: “Gizonak ere jendakiak dira”, eta batzuk oso zintzoak. Ez da aurkikuntza bat, ez da bolbora, bakarrik gogoratzeko gogoa –eta hor konpon oximoro, paradoxa eta beste pare alprojak–.