Doña Sebastiana

Doña Sebastianak 63 urte ditu eta Chichicastenangoko (Guatemala) herrixka batean bizi da. Ez du irakurtzen ez eta idazten ikasi ere, baina lan ugari egiten ditu: medikua, psikologoa, abokatua... Emakumeak defendatzea da bere eginbehar eta bokazio nagusia. Bizitza gogorra izan du, berak dioenez, izugarri pairatu behar izan du gaur egun indarkeria bizi duten emakumeen egoera ulertzeko, eta hala, laguntza egokia eman ahal izateko.

Hamabi urte zituela bere amak mutil batekin ezkontzera behartu zuen. Mutil hori ere behartuta sentitu zen, eta bere haserrea Sebastiana jipoitzen eta umiliatzen bideratu zuen. Hamar urtez bere ama ikustea debekatu zion. Sebastianak hamabi aldiz erditu zuen baina sei haur txiki hil zitzaizkion. Erditu eta hurrengo egunean ere jipoitzen zuen senarrak, edozein aitzakia erabiliz. Edoskitzean haurtxoek beren amaren samina eta haserrea edaten zuten, eta horregatik hiltzen zirela uste du Doña Sebastianak. Orduan senarrak are eta gehiago jipoitzen zuen: ezertarako balio ez zuelakoan, ezta bere haurren biziraupena bermatzeko ere.

Emakume taldeetan parte hartzeak bizitza aldatu zion. Han ikasi zuen emakumeek eskubideak dituztela, errespetua merezi dutela. Aktibismoak adorea eman zion bere senarrari aurre egiteko eta beste emakumeak laguntzeko. Bere komunitateko lideresa da egun. Bizirauteko ehuntze eta artisau lanak egiten ditu, baina bere alaben laguntzari esker, emakumeekin egoteko denbora ateratzen du. Emakumeen istorioak entzuten ditu, laguntza emozionala ematen die eta aholkularitza ere. Emakumea jipoitua izan denean Doña Sebastianak erruda usaindun edo bortusai landarea erabiltzen du beldurra eta haserrea baretzeko.

Batzuetan senarrekin bitartekaritza lanak egiten ditu. Gizonak ez badu ulertzen tratu txarrak onartezinak direla, hurrengo pausoa epaitegietara jotzea da. Emakumeek ez dute abokatu bat ordaintzeko dirurik, orduan Doña Sebastiana da Giza Eskubideen Gortean doako defentsa eskatzen duena.

Chichicastenangon askok maite dute Doña Sebastiana, baina bere lanak gorrotoak ere pizten ditu. Berak aspaldi beldurra galdu zuen eta bidegabekeria guztiak salatzen ditu, baita politikarien ustelkeria ere. Hori dela eta, herriko gizon boteretsuek Sebastiana lintxatuko duten mehatxua zabaldu dute.  

Erraza liteke Doña Sebastianaren edo Guatemalako beste lideresen istorioak entzun eta erruki sentitzea. Baina eurek ez dute beren burua biktimak bezala aurkezten, bizirik atera diren sobrevivientes bezala baizik. Hori da Ameriketako feministek nahiago duten kontzeptua. Gure artean, ordea, ez da ez hori ezta lideresa kontzeptua erabiltzen.

Gure artean indarkeria matxista bizi duten emakumeen biktimizazioa nabaritzen da eta salaketa judizialak dirudi irtenbide bakarra. Arlo instituzionalean aurrera pauso ugari eman dira, baina arlo komunitarioan oso gutxi. Biktimak (izen hori erabiltzen dugu) gizarte zerbitzuen, terapia taldeen edota zerbitzu juridikoen erabiltzaile soilak dira. Guatemalako hainbat erakundek komunitateetan rol nabarmena daukaten emakumeei prestakuntza ematen diete, euren auzoetan erreferente bilakatu daitezen eta tratu txar edo diskriminazio egoerak identifikatu eta bideratzeko gai izan daitezen. Lan hori eurentzat terapeutikoa ere bada: pertsona indartsuak eta baliogarriak sentitzen dira.

Esan bezala, erraza liteke: “Gizajoak!” pentsatzea. Baina errukia sentitu ordez, euskaldunok badaukagu euren esperientzietatik zer ikasi eta horrela, bide batez, kolonialismoak eragin duen botere harremana apur bat irauli.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


2024-04-04 | ARGIA
Iaz baino %25 ama gehiagok dute poliziaren zaintza Nafarroan

Ama diren 938 emakumek dute zaintzapeko polizia Nafarroan, erasotzaileengandik babesteko.


Eguneraketa berriak daude