argia.eus
INPRIMATU
Zoratuta
2015eko uztailaren 29a
Masayuki Hirai sukaldaria, enkantean erositako Ruby Roman mahatsaren 700 gramoko mordoa eskuetan duela. Prezioa: 7.500 euro.
Masayuki Hirai sukaldaria, enkantean erositako Ruby Roman mahatsaren 700 gramoko mordoa eskuetan duela. Prezioa: 7.500 euro. Kyodo

Zoratuta daude. Hori esan dit historia hau azaldu diodan lehenak. Japoniarrak zoratuta daude.

Fruitu eskasia, nonbait, eta fruituekiko halako gurtza xelebre bat antolatua dute Japonian. Jaso dezakezun opari ederrena fruituren bat da. Horraino ados: fruituek merezi dute. Fruitu jakin batzuekiko zoramena izugarria da, ordea. Adibidez, Ishikawa eskualdean mahats (Vitis vinifera) berezi bat lantzen dute: 2008az geroztik saltzen da, eta, jendeak erreferendum batean aukeratuta, Ruby Roman du izena. Mahats mordo bakan batzuk besterik ez dira ekoizten; “premium” sailkaturiko mordoak gutxienez 700 gramo pisatu behar du, eta ale bakoitzak 30 gramo. 2010. urtean sei mordok soilik lortu zuten sailkapen hori. 2011 eta 2013 artean bakar batek ere ez. Iaz eta aurten, berriz, bai. Aurten dagoeneko egin dute mahats mordo ederrenaren enkantea. 700 gramo osatzen duten 26 aleko mordoa izan da onena, eta enkantean garestien ordaindua: 7.500 euro ordaindu ditu sukaldari batek, Masayuki Hiraik. Harantz joatekotan bazara, Nikko Kanazawa hotelean gozatzeko aukera izango duzu.

Hokkaido irlako Yubariko meloiak (Cucumis melo) ere ez dira nolanahikoak. Gozoak, ura tamainan eta jateko punttu-punttuan dauden lehenengoak ordainezinak dira. Ikuskatzaile bereziak dira meloia hatz koskorrekin kax-kax joz maila gorenekoak diren edo ez esango dutenak. 2008an 19.000 euro ordaindu zuten meloi bakar batengatik... Ahosabaian ez dakit, baina sakelan paregabeak.

Yubariko meloia bezala, angurria ere luxuzko oparitzat hartzen dute. Hokkaido irlan bertan soilik ekoizten da Densuke Black angurria, Citrullus lanatus var lanatus. 10-12 kiloko angurria da. Urtean 10.000 ale inguru hazten dute, eta batez beste 225 euro ordaintzen da. Uztako lehenak eskuratzeko, ordea, ikaragarrizko prezioa ordaindu behar da. Sekula ordaindu den gehiena 2008an izan zen; angurria bakar batengatik, 5.700 euro!

Inguruan ere badugu horrelako mozkinik: Arrasate aldeko arbigarak, malko ilarrak, Noirmoutierko patatak...