argia.eus
INPRIMATU
Hilberria
Marcelo Usabiaga, ideiei eustearen ordaina
  • Frankismoaren errepresioa latz bizi izan zuen: 21 urte kartzelan, langile batailoietan esklabo, Meliton Manzanasek ere torturatu zuen. 98 urterekin hil da Marcelo Usabiaga Jauregi,
    ezkerreko ideiak alboratu gabe.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko uztailaren 29a
1978an, jadanik diktadorea hilda zela, Pikoketara jo zuen anaiaren hezurren bila. Gainerako fusilatuen senitartekoekin aritu zen lurra mugitzen: “Ez genuen hezur bakoitza norena zen jakin nahi izan. Berreskuratu nahi genituen, duintasunez lurperatu. Beste
1978an, jadanik diktadorea hilda zela, Pikoketara jo zuen anaiaren hezurren bila. Gainerako fusilatuen senitartekoekin aritu zen lurra mugitzen: “Ez genuen hezur bakoitza norena zen jakin nahi izan. Berreskuratu nahi genituen, duintasunez lurperatu. Besterik ez”. Errepublika garaiko argazkian, Marcelo Usabiaga ezkerrean lehenengoa, eta haren ondoan anaia Bernardo, 1936an fusilatua.Mugalari / Usabiaga familiak utzita

Marcelo Usabiaga (Ordizia 1916, Donostia 2015) oso ezaguna zen oroimen historikoaren berreskurapenaren aldeko mugimenduetan. Bere lekukotza indartsuak ez zuen inor hotz uzten. Argian ere azaldu ditu gerran eta Frankismoan bizitako esperientziak, Josu Chueca historialariaren eta Aitor Azurki kazetariaren eskutik.

Irunen hazitakoa, II. Errepublika garaian hasi zen Alderdi Komunistan militatzen eta 1934ko iraultzak porrot egin ondoren mugaz bestaldera ihesi zihoazen burkideak laguntzen jardun zuen. 1936an gerra lehertu zenean Irungo batailan parte hartu zuen; Aiako Harrietan anaia fusilatu zioten eta bera 1937an atzeman zuten Valentzian.

Usabiaga  Donostiako Tolosa hiribidea egiten eduki zuten lanean, “harriz betetako bagoiak bultzatzen”. Harik eta ihes egin eta makien gerrillan sartu zen arte. 1944ko erasoan berriz atxilotu zuten eta Meliton Manzanas inspektore beldurgarriak torturatu zuen:

“Gela batean sartu ninduen Manzanasek: ‘Aurrera joan, kabroi alena!’; eta mehatxuka: ‘Beno, zuk denak ordaindu beharko dituzu!’”. Baita ederki ordaindu ere, 21 urte igaro zituen kartzelan.

Azkeneko urteetan militantzia politikoa ez zuen bazterrean utzi eta oroimen historikoa berreskuratzeko ekitaldietan parte hartu izan zuen. Aurten, apirilaren 14an Eibarren egindako ekitaldian, berak jaso zuen bandera errepublikarra.