Gaueko itzalak haizean dilindan

Antton Olariaga

Udako bero nagiak, ustekabean, bi klasiko handi eta berezi elkartu dizkit aurten, zori on edo txarrerako. Bata, Bob Dylan, aspaldikoa da, baina kantuak sortzen, diskoak plazaratzen eta kontzertuak ematen jarraitzen du 74 urte bizkarrean daramatzala (bazterrean ezin utzizko kargamentua baita hori, adin horretantsu zendu zen beste jenio kupel-sabel handi hark ohartarazi zigun bezala). 17 urte zituela Blowing in the wind (Haizean dilindan) betiereko hura idatzi zuen mukizuak ehunka kantu jenial idatzi ditu geroztik, eta apenas dagoen musika generorik noiz edo noiz landu ez duenik. Uztailaren 11n Donostian eskaini zuen kontzertuan, ordea, kantu gehien-gehienak inorenak ziren, ez bereak. Azken batean, Shadows in the night (Itzalak gauez) bere azken diskoa ere bereak ez diren kantuekin osatua dago, eta disko hori promozionatzea zen, noski, kontua.

Bost musikari bikain lagun hartuta, perfekziotik gertuko emanaldia izan zen Dylanena. Perfekzioak perfekzio, ordea, Ilunbeko zezen plazan bildu ginen 4.000 bat entzuleen artean ez dut uste laurdenik ere ederrez asea itzuliko zenik etxera. Ni ez, behintzat. Hurrengo egunetan hainbat hedabidek plazaratutako iruzkinetan ere argi eta garbi nabari zen kontraesana, gustatu beharreko kontzertua nekez gertatu baitzitzaion inori benetan gustagarri. Dylan Dylan da, ordea, eta ezin ba argi eta garbi esan kontzertua kaxkarra izan zenik.

Orain hurrena, Zurriolako hondartzan aritu zenean, higuingarria izan zen Dylanen jokabidea, batez ere Mikel Laboarekiko. Oraingo honetan ez da pasotismo maila horretara iritsi, baina jakin nahi nuke ba ote zekien non ari zen kantatzen, aurrean entzulerik ez balu bezala aritu baitzen denbora guztian. Hasieran, ez hello ez hola (eta, jakina, ez kaixo) triste bat gabe ekin zion kantatzeari, eta berdin egin zuen atsedenaldian eta amaieran. Ez da inola ere ospea kontrako eztarritik joan zaion izar bakarra, baina jarrera hori ulergarriagoa da Julio Iglesias baten kasuan Dylanengan baino, bere kantuetan gizarteko galtzaileak baitira protagonista.

Batek baino gehiagok aipatu duen dibismo hori gorabehera, Dylanek bere azken bira horretarako egin duen kantu hautuak eman dit zer pentsaturik gehiena. Dylan zale amorratua naiz, eta hala izaten jarraitu nahi nuke Donostiako kontzertuaren ostean ere. Horretarako, ordea, nola edo hala zuritu beharra neukan idoloaren jokabidea.

Zuritze lanean, aspaldikoa izateari ere aspaldi utzitako beste klasiko are klasikoago bat, Jorge Luis Borges agor ezina, izan dut lagun. Klasikoez ari dela, zera dio idazle argentinarrak: klasikoak ez direla modu berezian idatzitako liburuak, modu berezian irakurtzen ditugun liburuak baizik. Miresmenez irakurtzen ditugun liburuak dira klasikoak. Gu irakurleon jarrerak bihurtzen ditu klasiko, ez idazkerak.

Nik neuk, aitortu behar dut jarrera horretan joan nintzela Dylanen kontzertura. Dylan izan ez balitz, ez dut uste amaiera arte geratuko nintzenik. Halako kantu eder mordoaren egile izanik, eta jakinik bere kantuengatik garela haren zale amorratu, zer dela eta aukera hori egin?

Dylan salbatzeko moduko erantzun bakarra Borgesek xuxurlatu dit belarri ertzera. Bere literatur obraz ari dela, zera dio une batean Borgesek: “Saiatuko naiz neure burua ez plagiatzen, nork bere burua plagiatzea baino askoz hobea baita inor plagiatzea”.

Amorruak amorru, Dylan zale amorratua izaten jarraituko dut.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude