Gauzak horrela
(ere) izan ziren
German Kortabarria
Pamiela, 2015
German Kortabarria 1975ean hasi zen ELAren zerbitzu juridikoetan eta 2007ra arte sindikatuaren martxa barru-barrutik ezagutzeko parada eman dioten karguetan ibili da, izan Batzorde Eragilean edota Idazkari Nagusiaren alboko gisa. Baina hau ez da memoria pertsonalen liburu bat, izenburuaren ere horrek hori pentsarazten digun arren.
Hau, gure historia hurbilari buruzko lana da, ELAren sindikalgintzatik abiatu eta Euskal Herriko 30 urtetako gertaeren kronika bat. Agian, apur bat ikuspegi korporatibistarekin dago idatzia, egileak berak ez du ezkutatzen “etxearen edertasunaz harroa eta akatsekin onbera” dela bere begirada. Esaterako, nolabaiteko autokritika falta suma liteke Frankismo garaiko ELAren “izotzaldiaz”, Josu Chuecak sindikatuaren mendeurrenean Argian (2.285. zenbakia) erabilitako hitza hartzen badugu.
1976ko Eibarko kongresurainoko pausoak eta hortik aurrerako metamorfosia ezin hobeto azaltzen zaizkigu. Sindikatu tradizional instituzio zalea izatetik, XXI. mendeko lan-hitzarmenetan patronalaren deabru izatera igaro da ELA. 80ko hamarkadan, afiliazio sare eta kuota sistema sendo batekin, egitura autonomikoetan egonkor eta “bere gauzetan” ibili zen; gero palazioetako kontuetan sartu zen arlo sozialeko eskumenak lortu nahian. Baina akituta bukatu zuen, 90eko hamarkadan prestakuntza jarraituaren negoziazioarekin ikusi zen bezala.
Hortik aurrera, 1998ko Gernikako ekitaldiko Jose Elorrietaren “Estatutua hil da” famaturainoko eta ondorengo gorabeherak jakin nahi dituenak, hau du liburua. LABekiko harremanak, ETAren esku-hartzea, Ibarretxe plana edota Caballitoko greba luzea, dena idazkera ulergarriz dago kontatua. Eta eskertzen dira liburuaren amaierako ia 1.200 azalpen-oharrak, baita izenen aurkibidea ere.