Aberatsentzako zerga pribilegioak ezabatu behar dira

Pobreak gero eta pobreago diren bitartean, aberatsak orduan eta aberatsago ari dira bihurtzen. Lana egin eta nomina duenak PFEZaren bidez ezinbestean ordaindu behar du zerga, ezin du ihes egin. Aurrezki txikiren bat duenak %15-20 ordaintzen du zergetan. Aberatsek aldiz, euren PFEZa sortzeko finantza-ingeniaritza oso bat edukitzeaz gain, eskura dituzte oraindik legalak diren sozietateak, eta horien bidez etekinak jasotzen segi dezakete zerga oso txikiekin: %1 baino ez dute ordaindu behar. Kapital aldakorreko inbertsio-sozietateez edo SICAV delakoez ari gara. SICAV bat sortzeko beharrezkoa da gutxienez 2,4 milioi euro eta 100 akziodun edukitzea. Datu ofizialen arabera, Espainiako Estatuan 2008tik 50.000 pertsona gehiago daude milioi bat eurotik gorako ondarea dutenak; azken urtean 17.000 pertsona gehitu zaizkio milioidunen zerrendari. Mundu horixe da SICAVen atzean ezkutatu eta sozietate horietatik etekinak lortzen dituena.

Krisia egon arren, SICAV kopuruak gora egin du eta errekorrak gainditu ditu. 2011n halako 3.000 sozietate inguru zeuden eta 24.000 milioi euro kudeatzen zituzten. Aurtengo maiatzean, 3.300 kontatu daitezke eta 36.000 milioi euro dira haiekin kudeatutakoak. Zerga erregimen pribilegiatu hori aberatsen mesederako pentsaturik dago, ez dezaten gehiago ordaindu behar, areago, gutxieneko sinboliko bat baino ez dezaten ordaindu.

Justizia eta zerga-berdintasunaren izenean, sozietate horiek ezabatu egin behar dira, iruzurra baitira. Orain arte, alderdi politikoek –PSOEk agintzen zuenean barne– ez dute ezer egin horiek ezabatzeko, alderantziz, sustatu egin dituzte. Eta aberatsek patrikak diruz bete dituzte. Ondo legoke indarrean datozen eta Moncloara iristeko aukera izan dezaketen alderdi berriek euren hauteskunde-agendan apuntatzea gai hori. Jende guztiak ordaindu dezala bere irabazien arabera: gehiago irabazten duenak gehiago ordain dezala. Aski da hainbeste zerga-pribilegio eta bidezidor!

 

 


ASTEKARIA
2015eko abuztuaren 02a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude