Zezena, tigrea eta benetako basapiztiak

Donostiako Txofreko zezen plaza, 1903ko abuztuaren 9an inauguratua.
Donostiako Txofreko zezen plaza, 1903ko abuztuaren 9an inauguratua.San Telmo Museoa

Donostia, 1904ko uztailaren 24a. Urtebete lehenago zabaldutako Txofreko zezen plazan zezenketa  berezia egin zuten. Ekitaldiaren lehen zatia arrunta izan zen; lau zekor jokatu ziren. Baina zekorketak ez zuen interes berezirik piztu, ikusle gehienak bestelako ikuskizuna gogoan hurbildu baitziren plazara.

Ohi ez bezalako borroka iragarri a zuten bigarren zatian: “Bihar zezen plazan guztiok espero dugun tigrearen eta zezenaren arteko lehia hunkigarri eta erakargarria izango da”, zioen El Correo de Guipúzcoa egunkariak, bezperan. Hondarraren erdialdean hogei metroko diametroko kaiola handi bat prestatu zuten, eta arratsaldeko zazpiak inguruan bi animaliak plazara eraman zituzten kaiola txikiagoetan sartuta. Batetik Zesar izeneko Bengalako tigrea, Marseillako merkatari Ramband jaunak 7.000 liberaren truke saldua. Bestetik, Hurón bost urteko zezena, Antonio López Plata ganadu jabeak Guadalquivirreko paduretan hazia.

Bi piztiak tiroka eta kolpeka berotu zituzten, albateak ireki baino lehen, lehiatokira indar betean irten zitezen. Baina borroka nahiko motela izan zen hasieratik. Senak zezenarengandik ihes egiteko esan zion tigreari. Hurón-ek tigreari astinduren bat ematea lortu zuen eta Zesar-ek atzaparrez muturrean zauritu zuen zezena, baina horren ondoren, tigrea kaiolan bueltaka hasi zen, barrei itsatsita, irteeraren bila, eta zezena erdian geratu zen, marruka eta hondarrean aztarrika, tigrea akabatzeko gogo handirik gabe.

Orduan, ikusleek, erabat desengainatuta, animaliak berriro zirikatzeko eskatu zuten. Tigre izutua suziriz eta ziztadaz mugiarazi zuten, eta Hurón-ek ederki astindu eta adarkatu zuen felinoa. Orduan bai, Zesar-ek gogor eraso zion arerioari, atzaparka eta hozkaka. Zezenak ere oldarkor erantzun zuen eta, furfurian bultzaka, kaiolako ateetako bat txikitu zuen.

Bi animaliak kaiolatik irten zirenean, izuak hartu zuen plaza, besteak beste eta zaurituta egon arren, tigreak erraz egin zezakeelako salto harmailen gainetik. Mikeleteek pistolak eta Maüsser fusilak zorrotik atera zituzten eta animalien aurka tiroka hasi ziren. Armak gainean zeramatzaten ikusleek eromenarekin bat egin zuten eta, ondorioz, tiroketa itsua hainbat minutuz luzatu zen.

Garaiko kronikek hildako bat (Juan Pedro Lizarriturri) eta hamazortzi zauritu izan zirela jaso zuten. Zerrendan izen ezagunak ere nabarmendu zituzten: Tolosako diputatu Julio Urquijo, Pidaleko markesa... Baina bi biktima errugabe zerrendatik kanpo utzi zituzten: Zesar tigrea hondarrean bertan tiroz akabatu zuten, eta Hurón zezena geroxeago, kortan. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude