"Demokrazian bozkatzen den guztia ez da duina"

  • Bartzelona, 1944. Filosofian doktorea. Parisera joan zen gaztetan. Estatu doktore ikasketak amaitu zituen Sorbonan, ordena aristotelikoari buruzko tesiarekin. Dijongo Unibertsitatean irakasle zela, EHUk Filosofia katedra eskaini zion. Universitat Autònoma de Barcelonako katedraduna izana, emeritua da egun. EHUk Honoris Causa izendatu berri du ekainean.

“Boterea herritar ez argitu eta zuhurrengan oinarritzen bada, boterea ez da legitimoa. Botereak xurgatzen badu  herritarren zentzua, botere hori oso demokratikoa izan arren, ez da legitimoa”.
“Boterea herritar ez argitu eta zuhurrengan oinarritzen bada, boterea ez da legitimoa. Botereak xurgatzen badu herritarren zentzua, botere hori oso demokratikoa izan arren, ez da legitimoa”.Dani Blanco

Ontologia Kongresura etorri ohi da Donostiara bi urtetan behin. Aurten, bestalde, EHUk Honoris Causa izendapena eman dio. Víctor Gómez Pin filosofoarekin solastatu gara bi ekitaldi horien karietara, ekainaren amaieran.

Zer lanetan ari zara une honetan?

Naturaren kontzepzioaz ari naiz lanean, naturaren egungo egoeraz, gizakiok haren gainean garatu ditugun kontzepzioak kontuan hartuta. Pertsonok besterik sinetsi arren, naturarekiko gure kontzepzioa teoriek determinatuta datoz. Gure natura determinatzen diren postulatuek naturarekiko gure harremana markatzen dute. Mekanika kuantikoa agertu arte, hala izan da. Teoria aldatzen eta berria sortzen doa. Antologia Kongresuko nire lanean hori aplikatu behar dut.

Zeri buruzkoa da Ontologia Kongresua?

Kongresua filosofiakoa da, baina fisikariek eta zientzilariek ere parte hartzen dute, Donostia International Physics Center tarteko delarik. Ordena naturalaz dihardugu. Greziarren arazo zaharrei buruz abian gara –Aristotelesen ildoan– egungo pentsamendu garaikidera etorri arte. Gizakion arazoa ez da aldatu, aldatu direnak datuak dira, arazoari berrekiteko lagungarriak. Aurten, Donostia 2016 delakoak Aristoteles jaio zeneko urteurrenarekin bat egiten du. XXIV. mendeurrenak bat egiten du Donostia Europako Hiriburu Kulturala izatearekin. Ontologia Kongresuan tradizio filosofikoaren arazo handiak planteatu nahi ditugu Aristotelesen omenez. Physis & polisa da gaia, natura eta hiria. Aristoteles, naturaz eta hiriaz pentsatzeaz gain, polis terminoa aztertzen lehenbiziko filosofoa izan zen, politika aztertzen lehena beraz.

Polisa krisian dago. Politika, alegia.

Polisak ez dio sekula krisian izateari laga.  Politika krisian dago, bistan da. Krisi garaia estutasun garaia da, alta, orduan gailentzen da larrialdi kontzeptua. Kontzeptu zeharo egokia. Grezieraz juizio eta krisi hitzak kidekoak dira, biek esanahi bera dute. Bereizten eta erabakitzen duena ere esan nahi du krisiak. Hau da, krisiak oso emankorrak izan daitezke. Adibidez, ni oso baikorra naiz Greziako krisiari buruz. Alexis Tsiprasek esan duenez, “ultimatuma eman digute, eta guk duintasun soilarengatik herriari erabakitzeko aukera eman behar diogu”. Tsipras duintasunetik abian da. Greziako krisia emankorra da zentzu horretan. Europan ez da Tsiprasen jarrera duina erakutsi duen politikaririk. Ez dut duintasunik erakutsi duen inor ikusi. Tsiprasen diskurtsoan tragedia greziarraren pasarteak entzun dira. Politikari baten ahotik ez nituen halako hitzak entzun aspaldian. Zinez ederra!

Bidenabar esanda, Rajoyren jarrera lotsagarria salatu behar da. Espainia herrialde gogorrena izan da formetan Greziarekin, Alemania baino gogorragoa. Europaren jarrera ez da parte onekoa. Lehen aldiz bizi dugu egoera hau, Syrizako jendea serioa da, ez dira uzkurtu, Papandréu bezala. Erreferenduma egin nahi izan zuen, baina kikildu zen.

Nola bizi izan duzu EHUk emandako Honoris Causa izendapena?

Kontzeptu oso ona daukat unibertsitateaz, batez ere unibertsitate publikoaz. Unibertsitate publikorik egon ez balitz nik ez nukeen ikasiko. Parisera joan nintzen gaztetan, lanik eta paperik gabe. Baina, orduan, frantziar errepublikan doan ikas zitekeen. Ramon Vals Plana filosofo katalan handia ezagutu nuen. Berak proposatu zidan filosofia fakultatea Zorroagan antolatzea. Saila zabaltzeko aukera paregabea izan nuen, Jacques Derridá filosofoarekin batera, besteak beste, unibertsitatearen garrantziaz jabetzeko bidea zabaldu zuena. Oso emankorra izan da. Horri gehitu behar diot Euskal Herriari atxikitzeko izan dudan parada, oso atsegina. Unibertsitate publikoari eskertua nago, eta gaur egun oso minduta jasaten ari den eraso etengabeengatik. Herritarrei eman behar zaien zerbitzu publikoa jazarria dago egun.

Nork jazarria?

Espainiako Gobernuak, botereak jazarria. Filosofia ikasgaia kendu dute bigarren mailako ikasgaietatik. Wert jaunaz gaizki hitz egitea gauza topikoa da, eta topikoek indarra galtzen dute. Beraz, ez dizut Werti buruz hitz egingo. Bai ordea, Kataluniako osasun kontseilari Boi Ruiz i Garciari buruz. Hara non, jaun ohoragarri omen den hori ausartu den esaten, botere publikoek ordaindu behar dituztela merkatuaren zerbitzura ikasi beharreko ikasketak –jendea esplotatzeko behar direnak–, aldiz, greziarren munduaz ikasi nahi dutenek –Aristoteles, Homero, Euclides... Zientziaren funtsa, alegia– beren poltsikotik ordaindu behar dutela. Adierazpen horiek basakeriaren eta zarpailkeriaren sintomak dira. Filosofia ez da besteak bezalako ikasgaia, denoi dagokigun ikasgaia izan beharko luke, herritar orori zuzendua.

Gainbehera goaz, antza.

Tira... Filosofiak ez du sekula onarpenik izan, ez du faborerik jaso, filosofia gai borrokatua izan da beti. Sokrates heriotza zigorrera kondenatua izan zen. Filosofoek beti molestatu  diote ezarritako botereari. Baina boterea herritar ez argitu eta zuhurrengan oinarritzen bada, boterea ez da legitimoa. Botereak zurgatzen badu herritarren zentzua, botere hori demokratikoa izan arren, ez da legitimoa. Demokrazian bozkatzen den guztia ez da duina. Iritzi guztiak ez du balio bera, inola ere ez. Badago iritzi funtsatua, arrazoidun diren herritarren kolektiboak partekatzen duena, eta badaude pertsonon kalterako baino ez diren iritziak.

Egungo demokrazia ezbaian jartzen duzu?

Ez. Nik demokrazia ez dut kuestionatzen. Syriza lantzen ari dena demokrazia da. Hau da, hemen badaude nazioarteko botere batzuk ultimatuma ezartzen digutena. Eta duintasunez besterik ez bada, galde diezaiegun neurri horiek pairatzen dituztenei [elkarrizketa Grezian kontsulta egin aurretik egin genuen]. Tsipras gutxienez ari zaie galdetzen herritarrei. Duintasunez bederen.

Horra Grezia, gure kulturaren sehaska.

Grezia da Europa ondratuaren sorburua. Ez da bakarra, ez dezagun Kordoba Averroes-en ondarea ahantz. “Euskaldunak ez zarete jatorriz greziarrak, kultura aldetik bai, baina hizkuntzari dagokionez ez. Hizkuntza landu eta baliatu behar duzue”, esan dit berriki lagun batek. Neu neurri batean euskal kulturaren partea ere banaizelako, diot hori.

Zer garrantzia ematen diozu identitateari?

Hizkuntza interesatzen zait. Euskal antropologiaren berezkotasuna bistakoa da, baina nik euskalduna defendatzen dut bere hizkuntza singularrarengatik. Gainerakoan, folklorea,  musika edota dantza ez ditut hemengoak eta hangoak alderatzen, aurreskua, sardana eta muñeira parekagarriak baitira.  

Euskarak pena eta poza merezi ditu, beraz.

Euskal hizkuntzaz gaztetan arduratu nintzen, baina ez kontu ideologikoengatik, askok uste bezala. 1979an, hona heldu nintzenean, euskarak bizirik jarraitzeak miraria zirudien. Kontu politikoak alde batera utzita, hizkuntzaren singulartasunak erakarri ninduen. Euskara zerbait apartekoa zen niretzat: “Paristik 800 kilometrora halakorik?”, pentsatu nuen. Ez da hizkuntza indoeuroparra. Filosofikoki hagitz interesgarria da. Ikasle ohiekin bildu naiz berriki, horietako hiruk Aristoteles itzuli dute euskarara. Pentsa, Aristotelesen Metafisika ez dago katalanera itzulia. Euskarak jauzi izugarria eman du. Kontent naiz hagitz.

Honoris Causa izendapen hitzaldian euskaraz jardun duzu hogei minutuz. Etsenplu ederra.

Ez dut erregea baino erregetiarragoa izan nahi. Ez diot horri aparteko garrantzirik eman. Etsenplua nork bere buruari eman behar dio. Diskurtsoa prestatzeko Pasaiako Hugoenean egon nintzen. Tokikoek lagundu didate diskurtsoa prestatzen, hemengo lagunak batez ere euskaldunak dira-eta.   

Zer iritzi duzu Kataluniak bizi duen egoeraz?

Egoerak molestatzen nau. Argitu aldera: Kataluniak independentea izan nahi badu, ongi. Hori ez da arazoa. Deitoragarria da ordea, egoera arazo sozial handia eta larria bilakatu izana. Gertatua ez da esplikatzen Madrilek lapurtzen duelako, politika sozial okerra egin delako baizik. Ni Bartzelona hiriarekin identifikatzen naiz. Ada Colau alkatea izatea gustatu zait. Tsiprasen kasuan bezala, jauzia itzela da, duintasunezko jauzia. Duintasuna azpimarratzen dut, Bartzelonan hiritarren duintasunaren aurkako politika egin delako: interes espekulatiboen aldeko etxegintza sustatu dute, itsas-portua eraitsi eta yateentzako toki bihurtu... Ada Colau politika hori aldarazten saiatuko da, eta saiatze soila asko da, edo bada zerbait.
 

Katalunia eta Espainiaren arteko arazoak kezkatzen zaitu.

Katalunian bizi dugun egoera oso mingarria da, pertsonentzat onartezina. Espainia eta Katalunia artean benetako gaitzustea errotzen ari da, eta hori gainditu behar da. Esaterako, García Lorca katalanarekiko amultsua izateaz batera, Santiago de Compostelara joan zen eta sei poema idatzi zituen gailegoz. Galiziera eta katalana ikasten saiatu zen. Esan nahi baitut, II. Errepublikako Gobernua saiatu zen gaitzuste hori saihesten, hizkuntzen artean zubiak eraikitzen. Orain, Kataluniak independentea izan behar duela? Esan nahi dudana da, espainiar herriaren duintasunarengatik espainiar herriak ezin ditu onartu oraingo harreman moduak. Espainia eta Kataluniako bi gobernuen artekoak, hasteko. Bizitza pribatuan dibortziorako legeak egiten diren bezala, herrien arteko harremanetarako ere egin behar dira .

Podemos gobernura iritsita harremana normaldu al liteke?

Ez dakit. Pablo Iglesias... Hara, ez dut inor izendatu nahi. Podemos boterera iristen bada, harremana beste era batez bidera liteke. Dibortziatzeko lege bat egin dezakezu, eta ez zara dibortziatzen. Aukera irekita izan behar da ordea. Eta dibortzioa ematen bada, eman dadila duintasunez.

Euskal Herriko politikak ardura al dizu?

Ez naiz axolagabea. Euskal Herrian iraganeko zauriak zabal-zabalik daude eta josi behar dira. Ez naiz kristaua, baina ondradua naizela uste dut. Eta ondradua denak ahanzteko gaitasuna izan behar du. Ahazteko gaitasunik ez badugu, erresumina baino ez dago jendartean. Hara, nik ez diot inori ikasgairik eman nahi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Gorputzaren konkista

Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.

Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude