argia.eus
INPRIMATU
Tourra fikzioa da
Joanes Etxebarria 2015eko uztailaren 23a

Ariketa arriskutsua da, kazetaritzan debekatua. Halere, aztia izan gabe ere, iragarri daiteke idazterako orduan oraindik gertatu ez dena. Tourra Mauletik pasa beharko litzateke arratsaldeko hiruretan. Tenorea okerra da beharbada irakurketaren orduan, baina ziklistak Mauletik pasa ziren.

Fikzioa ez dena, bezperako hedexurien joan-jinak dira. Frantziako Tourrarentzat, Frantziako polizia behar zen. Euskaldun matrikula espainoldun batzuk mendian gora, euskaldunak zirela erakusteko intentzioz; Maulen geldialdi bat, presoen aldeko banderola batzuk hartu, eta abanti. Eta gu hemen, Frantzian galduak. Tourraren pantailaren Frantzian harrapatuak.

Tour egunean –hau bai iragarpena dela idazterako orduan–, euskal preso eta iheslarien aldeko bertso poteoa egin genuen. Normalean, jendeak ikusten gaitu, gure kolore, musika eta doinu. Aurten, susmoa dut publizitate karabanako punkytzat hartu gaituztela ostatuz ostatu genbiltzala. Amorru puntu bat ematen badit ere, zerbaitek goxatzen dit herra: ziklistak haien kameraz lagundurik Mauleko Victor Hugo karrikan pasa zirelarik, ez ginen konturatu ere, bertsoak entzuten genituelako Zinka ostatuan. n