argia.eus
INPRIMATU
Merkelen eta Troikaren mendekua
Juan Mari Arregi 2015eko uztailaren 23a

Troika eta Merkel umiliaturik geratu ziren greziarrek euren neurri antisozialei uko egin zietenean erreferendumean. Bada orain, mendekua etorri da, bai herri horrekiko eta baita bere gobernuarekiko ere. Greziak lortu du Euroaren barruan egotea, lortu du baita ere zorra berregituratzea, Troikak, Merkelek eta euren kideek horretaz ezer jakin nahi ez zuten arren. Horretarako, ordea, kapitalismoaren neurri zorrotzak ezarri dituzte: lan erreforma, pentsioak jaistea eta hainbat sektore pribatizatzea, esaterako elektrikoa. Horrez gain, aktibo publikoak eta Estatuaren ondarea salgai jartzeko 50.000 milioi euroko pribatizatze funts bat eratu beharko du, erreskate berria bermatuko badu.

Eurak, hain “demokrata” direnak, Syriza barruan haustura sortu nahian dabiltza eta saiatzen ari dira Greziako Gobernua mugi dadin Tsiprasek defendatzen duen ezkerreko posizioetatik herrialdea desastrera eraman zuen betiko eskuin neoliberalerantz. Troikak eta Merkelek, Tsiprasek ordezkatzen duen ezkerreko sistema politiko eta soziala aldatu nahi dute, euren sistema kapitalistari esklabu leial izango zaizkion kudeatzaile politikoak jartzeko. Bere gobernua demokratikoki aukeratu duen greziar herriaren kontra benetako estatu kolpea izan da, erreferendumean erabaki baitzuen neurri horiei uko egitea. Euren inposizioen aurka inork burua altxa duenean, Troikak eta Merkelek ederki erakutsi dute zeinek agintzen duen hemen.

Greziako Parlamentuak “akordio txar baina saihestezina” onartu du, Tsiprasek berak onartuta, Troikaren eta Merkelen mehatxupean. Bozketak erakutsi du Syriza barruan zatiketa dagoela –alderdiko 149 parlamentaritik 33k kontrako botoa eman zuten– eta agian hauteskundeak aurreratu beharko direla. Horixe ere bazen Troikaren eta Merkelen helburua. Datozen egunak erabakigarriak izango dira hori gertatuko denentz ikusteko. Nahiago genuke greziar intsumisioa mantenduko balitz!