Jarrai dezagun amesten


2015eko uztailaren 26an

UPN-ren autoritarismoa, bazterkeria, ustelkeria eta beste hainbat keria dira Uxue Barkos lehendakariaren gobernuaren zementurik eraginkorrena gaur gaurkoz. Edozeren gainetik, gobernu berriak bi abantaila ditu, bereziki hastapen honetan. Bata da UPNren erregimenak normaltasunetik oso behera utzi dituela elkarbizitzaren  gutxieneko balore eta praktika politikoak, eta beraz, gobernu honetako lau indarrek badute tarte esanguratsua gutxieneko horietara elkarrekin iristeko.

Gizartean aldaketaren ilusioak duen indarra da beste abantaila, eta une zailetan horrek hainbatetan behartuko ditu alderdiak bakoitzaren ikuspegia bazterreratzen eta elkarrekin aurrera egiten. Besterik gabe, alternatiba hau zapuztea larria izan daitekeelako mahaia sostengatzen duten lau hanketako edozeinentzat. Eta gainera, alternatiba orain artekora itzultzea litzatekeelako.

Baina horrek ez du lau urteko iraupena bermatuko. Edozein proiektuk ditu bere indargune eta ahuleziak, eta gobernu honek ere bai. Une honetan indargune garrantzitsuena adostu duten programa da, asmoetan aberatsa, norabide egokian finkatua eta ia 700 puntutan zehaztua.

Ahal den neurrian zehaztua, hori ere egia da. Nahi duenak berehala ikusten du bere alde ahula, funtsean aurrekontuekin bateratu gabe dagoela oraindik eta samur antzeman daitekeela arazo asko izango direla bere osotasunean betetzeko. Aldaketaren  herritarrek jakin behar dute hori, ez helburu edo presioan amore emateko, baina bai lanerako eta borrokarako pazientziaz janzteko.

Iruñea-Castejon AHT proiektua geldiaraztea lorpen itzela litzateke, Geroa Baik nahi duen Euskal Y-arekiko lotura etorkizunerako utziz. Dagoen Euskararen Legearekin abiatu beharko da, baina borondatearekin aurrerapauso itzelak eman daitezke dekretu eta arauekin; “eremu ez euskaldunean” D ereduaren zabalkundea txukun egitea bera urrats erraldoia litzateke. Eta datozen sanferminetan Iruñeko udal plazan biltzen direnek bertako hizkuntza ofizialean jarduteagatik alkateak txistuka ez jasotzea ere ez litzateke makala. Bide batez esanda, Gaztelu Plazako “gaixoa ni” agurrean ez litzateke halakorik pasatuko.

Eta zertan geratuko da lehen sei hilabeteetan indarrean jarri behar den oinarrizko errenta unibertsal hori? Inork ez daki, baina herritarrak berehala neurtuko du adar jotzea den, EAEko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren gisako bat edo Espainiako Estatuko errentarik aurreratuena. Txikiagora begiratuta, 2015eko hondar honetan zenbat diru jasoko dute IKA eta AEKko euskaltegiek? Eta Euskalerria irratiak? Egia da, alor asko geratu dira airean programan, baina abantaila da neurrien adinako termometro daudela konparaketak egiteko.

Tentsiorik ez da faltako gobernu berrian, orain arteko negoziazioetan falta izan ez den moduan. Aldarrikatzen den gardentasunari begira, ez litzateke pedagogia txarra herritarrei horiei buruz argiago hitz egitea, debatea alderdien  barne agirietan utzi gabe. EH Bildu ez da gustura geratu Geroa Baik finkatutako gobernu ereduarekin, baina akordiora iritsi dira; ez du beste erremediorik, eta hainbatetan etsi beharko du, besteak beste, gobernu honen hausturak erraz ekar lezakeelako gobernura PSN. Hasieratik ikusi den gisan, EH Bilduk proposatutako Maria Jose Beaumont Barne sailburua  izango da Gobernuaren aurkako jo puntuetako bat. 

Maria Chiviteren ametsa litzateke asteleheneko abstentziotik gobernura jauzi egitea; bertatik EH Bildu kanporatzea lortu ondoren, jakina. Ezkerra eta Geroa Baiko askok ere ez lukete begi txarrez ikusiko jokaldia, EH Bildukoen presiorik gabe gobernuak askoz lasaiago egingo lukeelako ditxosozko zentralitatearen bila; baina Barkosen koalizioko beste askok bai, badakitelako egungo PSNk erantzukizun gehiegi duela orain arteko erregimenarekin.

Etxekoaren mimetismo eginez, EAEko askok uste du Geroa Bai EAJren beso nafarra dela, baina errealitatea hori baino konplexuagoa da arragoaren baitan. Eta hala ere, seguruenik ez da guztiz erraturik ibiliko pentsatzen duena Sabin Etxeak koalizioan duen eragina EAJk europar hauteskundeetan Nafarroan lortutako 5.000 botoetatik harago doala. Espainiako datozen hauteskunde orokorrek ere eragin handia izan dezakete Nafarroako Gobernu berrian. Orain, alabaina, jarrai dezagun amesten.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude