Grezia eta Europar Batasuna. Eta herritarrok eta politika?

Greziaren etorkizuna kolokan egotea bukatzear dago azken hilabeteetako negoziazioen eta kezken ondoren, formalki behintzat. Greziak Europar Batasunaren (EB) baldintzak onartu ditu, erreferendumean EBren “azken proposamena” herriak errefusatu eta gero.

Grezia galtzaile: lehen erreskatetik hona inposatu zaizkion neurri ekonomikoek –eta oraingoek– pobrezia besterik ez dute ekarri(ko), beste hainbat herrialdetan bezala: zerbitzu publikoen pribatizazioak, eskubide sozialen murrizketak, ondare eta errenta handiei zergak jaitsi eta errenta txikiei zergak igo. Hau da, jarduera ekonomikoa eta enplegua suntsitzea, eta talde eta pertsona ahaltsuen aberastasuna ugaritu da. Hori guztia egin eta gero, Grezia –edo beste edozein herrialde– zulotik ateratzen bada, beste batean murgilduko da: bere menpekotasun ekonomikoa ikaragarri handia izango da, bere baliabideak oso urriak eta bere gizartea zatitua eta orokorrean oso pobretua.

EBk ere ez du gauza handirik irabazten horrelako politikak aplikatuz. Orain badakigu herstura ekonomikoak porrot egin duela eta talde ekonomiko handiak asetzeko balio izan duela. Zer irabazten du EBk Grezia hondoratuz, finean zorrak eta irabaziak komunean kudeatu behar badira?

Nork irabazten du? Behin eta berriro errepikatu bada ere, Alemania da garaile. Berak inposatu dizkie baldintzak beste herrialde guztiei eta berak markatzen du erritmoa. Gezurra dirudi, II. Mundu Gerraren ondoren Alemaniak bere zor ekonomikoari heldu ezinean, beste hainbat herrialdek –Greziak barne– barkatu izana horren puska handia. Gezurra dirudi horren oroimen txarra izatea eta berak profitatu zituen abantailak besteei ez aplikatzea. Halere, garaipen hau itxurazkoa besterik ez da: batetik, Alemanian herritarren arteko desberdintasunak ari dira azkar hazten; bestalde, iraganean gertatu zen bezala, etorkizunean ere Alemaniak europarren beharra izango duen –bestela, pentsa ezazue non saltzen du bere ekoizpenaren zatirik handiena–; azkenean, interes ekonomikoek irabazten dute, baina ez herriak. Baina beste ñabardura batzuk ere egin behar dira:

– Greziaren gaurko egoera aurreko gobernuen eta EBren jarreraren ondorioa da: Greziako bankuak neurririk gabe zorpetu ziren, zor pribatu hori publiko bihurtu zen eta bere finantziazioa ere EBren neurrira egin zen –jatorrizko zor publikoa handia bazen ere, asko igo da arrazoi horrengatik–.

– Greziaren egoera ez da bakarrik bere erruz: EBk onartu zituen herrialde honek aurkeztu zituen “kontu faltsuak” hitzik esan gabe.

– Grezian aplikatu dira orain arte Troikak inposatutako neurriak: Norvegiaren atzetik, Grezia da defizita gehien murriztu duen herrialdea, baita gehien eta azkarren gastu publikoaren kopurua jaitsi duena ere. Eta neurri horien ondorioak ederki asko ezagutzen dituzte greziarrek. Gainera, erreskatetik jaso duen diru multzorik handiena bankuei ordaintzera joan da.

Eta politika? Eta herria? Eta demokrazia? Tsiprasen Gobernuak erreferenduma iragarri zuenean txalotu nuen ekimen demokratiko hori. Txalotu nuen emaitza greziarren duintasuna jokoan zegoelako, Politikari deia egiten zitzaiolako eta Tsiprasen posizioa indartzen zelako –negoziazioetan Greziako herri osoa egongo zelakoan–. Ez dakit harrez gero zer gertatu den, zer zailtasun eta “mehatxu” sortu diren, baina argi dago greziarren ahotsa ez dela entzun. Ez greziarrena, ez justizia sozialarena. Nola hartuko da egoera “berri” hau horren argi hitz egin duen herrian?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude