"Nafarroan dagokion lekua berreskuratu behar du Tuterak"

  • Eneko Larrarte (Izquierda-Ezkerra) bizikletaz ibiltzen da hiritik barna. Erriberako hiriburuak inoiz izan duen alkaterik gazteena da, UPN gobernutik ateratzea lortu duena. Bere familia tamaina handiko enpresa baten jabea izanik, Larrartek enpresaren kudeaketan eman zituen gaztaroko lehenengo urteak, irakaskuntzari ekin aurretik.


2015eko uztailaren 26an
"Bi ezaugarri hauek, enpresari izatea eta ezkerreko alderdi batean egotea, bateragarriak dira"Jagoba Manterola / Argazki Press

Aginte makila lortzea “ekaitz biribil” bati zor zaiola uste du Larrartek, hala nola urte luzeetan Milagros Rubio bezalako militanteek oposizioan eginiko lanari. Tutera Nafarroan garrantzia galtzen ari delakoan dago, kohesio sozialean sortzen ari den urraduragatik. Festen udako zirimolan sartuta, Santa Anako festetan udaletxeak zezenketak diruz ez laguntzea erabaki du.

Tuteran inoiz izan den alkaterik gazteena zara, 35 urte besterik ez dituzu, inork esperientzi gutxi duzula pentsa dezake.

Nire familiak instalazio elektriko eta mantenimendu lanetako enpresa bat zuen, eta gazte gaztetatik, 24 urte bete nituenetik, kudeaketa lana nire gain hartzea egokitu zitzaidan. Horregatik adinarena anekdota hutsa iruditzen zait. Esperientzia eza belarriak luzatuz konpondu daiteke. Zinegotzi guztien artean, gainera, lau gara errepikatzen dugunok, besterik ez. Azken lau urte hauetan Milagros Rubioren ondoan izan naiz, eta Milagrosen 30 urteko jarduna esponja bat bezala xurgatzen ahalegindu naiz. 

Zure familiaren enpresak tamaina handia zuen. Ezkerra-Izquierdan  bada enpresari-famili baten ondorengoa halako alderdi baten barruan ikustea arrotza egiten zaionik?

Ez dakit. Orain arteko moldeak apurtu behar ditugu. Gaurdaino gizartea modu batean zatikatu eta sailkatu izan dugu, eta hori aldatu beharko genuke. Nik Ezkerra-Izquierdan lurra hartu dut, alderdi hau eta Batzarre betidanik nire erreferentziak izan direlako, eta nire etxean berdintsu gertatu da. Bi ezaugarri hauek, enpresari izatea eta ezkerreko alderdi batean egotea, bateragarriak dira. Krisi ekonomikoak langileak gogor astindu ditu, eta langileen artean neurri txiki eta ertaineko enpresetako buruak sartzen ditut. Horiek ere beltzak ikusi behar izan dituzte. Egun, karrikan ikusten nautelarik, nirekin batera enpresan aritu ziren langileek maitekiro agurtzen naute. Krisitik atera ahal izateko langile eta enpresari txiki eta ertainen arteko elkarlana sustatu behar da, beraiek baitira lanpostu gehien sortzen dituztenak. 

Nola aurkitu duzue orain arte UPNren esku izan den udaletxea?

Espero bezala aurkitu dugu. Oposizio lanean gain-gainean ibili gara eta bagenekien zein zen gure udaletxearen egoera. Utzikeria da aurkitu duguna, ez dut uste zulo beltzik topatuko dugunik. Udaletxean zegoen anabasa ordenatu behar izan dugu eta langileekin zeuden liskarrak baretu.

UPNk Nafarroako alkatetza garrantzitsuenak galdu ditu. Zer dela eta?

Arrazoi ugari dago. Nik Tuterako kasua ezagutzen dut, eta, besteak beste, UPNk ordaindu du alkatetza 20 urtez edukitzeak eragin dion higadura. Gainera, aitortu behar da UPN ez dela krisiaren arduradun bakarra, bai ordea krisiaz egin duen kudeaketarena, krisiak bereziki hiritar ahulenak astintzea onartu baitu. Honi hauteskundeetan erabili duen beldur-kanpaina gehitzen badiogu, gure udaletxean suertatu den “ekaitz biribila” azaldu daiteke. Gaiztoak datozela errepikatuz ibili dira, eta herri eta hiri txikietan, denek elkar ezagutzen dugula, jendeak ez du apoa irentsi, egunero lanean buru-belarri ikusi gaituztelako. 

Zein da Tuterari eskaintzen diozuen hiri-eredua?

Bitxia bada ere, hiri-ereduaz ari garela, hauteskunde kanpainan denek bat egiten genuen. 2008-2009 urte arte Tuterak auzoetara hedatzeko joera ezagutu zuen, 50.000 biztanle lortzekoa, eta horrek udalari egitura eta gastu gehiago eskatu zizkion, bere posibilitateen gainetik zeudenak. Periferian merkataritza-guneak eraiki dira, eta hauekin auzoetako betiko dendak ito egin ditugu, eta kotxea beharrezkoa izatea ekarri dute. Zaila izango zaigu egindakoa desegitea, baina herritarrengan hiri berri baten aldeko kontzientzia (hurbilagoa, atseginagoa, jasangarriagoa) errotzen ari da.

Zu bizikletaz mugitzen zara Tuteran zehar. Hiri atseginagoaz ari zarela, bizikletaren erabilera horren barruan sartzen duzu?

Batzuek irri egiten dute, friki bat naizela leporatzen didate, itxurak egitearren mugitzen naizela bizikletaz. Baina Tutera nahiko hiri laua da, eta bizikleta dugu mugitzeko garraiobiderik arin, merke eta azkarrena. Gure agintaldian bizikletaren erabileran indar egin behar dugu,  eta ez horretan bakarrik. Auzoen arteko komunikazioa ere hobetu behar dugu, garraio publikoa ere, eta Alde Zaharra peatonalizatzea hil ala bizikoa zaigu. 

Milagros Rubioren lanak zer garrantzia izan du aldaketa ahalbidetzeko?

Erabatekoa. Guk orain alkatetza lortu badugu, hori Milagros bezalako hiritarrek hogeita hamar urte baino gehiagotan egindako orbanik gabeko oposizio zintzo eta iraunkorrari esker da, arerio politikoek ere aitortu diotena. Hor daude Jose Mari Lakarra, Ana Mari Ruiz, Dado, Antonio Cañas...Tutera hobe baten alde borrokatu dute, eta gu lan gogor horren oinordekoak gara.

Donostian ikasi duzu. Zure familiaren zati bat donostiarra da izatez. Euskaraz hitz egiten badakizu?

Lehen gutxi eta gaizki egiten nuen euskaraz, eta orain nahiko ahaztua daukat. Hizkuntza Eskolan bigarren kurtso-arte ikasi nuen, eta hantxe gelditu nintzen. 

Zergatik daude hainbeste aurreiritzi Nafarroako Erriberako zein Iparraldeko biztanleen artean?

Bi muturretatik gatazka elikatu egin dute, elkarbizitza lagundu beharrean. Gure harremanak normaldu behar ditugu, pedagogia ugari erabiliz. Nafarroako bi hizkuntzak babestu behar ditugu, aberasten baikaituzte. Ni irakaslea naiz eta eleaniztasuna ona dela ikusten dut. Nafarroan elkarbizitzaren itxaropenari ateak zabaldu zaizkio.

Orain ez hain aspaldi Nafarroa osoan jotak entzutea oso ohikoa zen. Azken hamarkadetan eskuin 'navarristak' jotak bereganatu dituela ematen du.

Bandera eta sinboloekin antzera gertatzen da. Askotan joten jatorria ahaztu egiten da. Jotek jatorri herrikoia dute, aditz honen zentzurik onenean, eta herriak joten bitartez bere debozioak, zaletasunak, arazoak agertzen ditu. Hori da jota eta nafar guztiena da. Gustuko izan ala ez, jota bat entzuten duenari barruan zerbait mugitzen zaio. Zorionez, denborarekin herritar guztien eskuetara itzuliko da.

Sinboloez ari zarela, zer iruditzen zaizu Iruñeko txupinazoan ikurriña jarri izana?

Badakit batzuk gogaitu egin direla hori ikusita, eta badakit beste batzuk harro-harro daudela jarri dutelako. Sinboloen aferari nik ez diot garrantzirik ematen. Horretan ere gauza asko normalizatu egin behar dira, eta gai hori ere, noski, landu behar dugu. Baina ez zait iruditzen bizi dugun krisi egoera baino garrantzitsuagoa denik. Gaizki pasatzen ari den jendea da inportanteena, eta horretaz arduratu beharko genuke.

Tutera Nafarroako bigarren hiria da. Nafarroaren barruan pisu espezifikoa galdu al du?

Bai, galdu du. Inbestidura diskurtsoan aipatu nuen, Tuterak dagokion lekua berreskuratu behar duela. Hemengo buruzagiek ez dituzte behar bezalako aliantzak egin Nafarroako Gobernuarekin, Erribera garatu behar dela kargu egin daitezen, kohesio sozialari begira batez ere.  Tuteran langabetu kopurua Nafarroarena baino 7 puntu handiagoa da, eta ez da Erriberako handiena. Badakit Erribera ez dela maldan behera doan zonalde bakarra; hor ditugu Pirinioak edo Sakana ere...

Castejonen ari dira Abiadura Handiko Trenaren lehenengo pausuak ematen. Krisi honen barruan egonik, hain beharrezkoa da AHT?

Abiadura handiko gaiaren barruan informazio asko falta zaigu. Erriberak Nafarroako beste zonaldeekin ongi konektatua egon behar du. Lehenik, pertsonek mugitu behar dute, eta guk tren sozialaren aldeko apustua egiten dugu, jendeak bidezko prezio bat ordainduta trenez mugitzeko modua izan dezala, autoa baino askoz ere jasangarriagoa baita. Oraindik, aitzitik, P15 autobidearen bidesaria ordaindu beharrean gaude, zerbitzu askotarako Iruñeraino igo behar badugu ere, eta hori ez da justua. Honetaz aparte, ez zaigu oso zentzuzkoa iruditzen trenbidea Europako merkantzien garraio sareari ez lotzea. 

Ordea, merkantziak ateratzeko erabiliko balitz, teknikoki bideragarria den edo ez debatitu beharko litzateke. Epe motzera, ez du ez hanka ez buztanik, eta horregatik Nafarroako Gobernua osatzeko akordioetan proiektua momentuz bertan behera uztea erabaki dute. Are gehiago, Espainiako Gobernua ez da obren bere zatia egiten ari, eta inondik inora doan trenbide bat izango litzateke, Castejonen amaituko zena. Beste lehentasun batzuk ditugu, Iruñetik Castejonera doan trenbide bat egitea baino. 

Nafarroa udako jai-giroan sartu da. Zezenketen aldekoa zara?

Gure udaletxean sentsibilitate anitzak daude. Animalien eskubideen aldeko eta tratu txarren aurkako sentsibilitatea dutenak daude,  zezenketaren aldekoak ere badaude... Azken legealdi honetan udaletxetik 20 langile baino gehiago kaleratu dituzte, babes ofizialeko pisuen zain 30 familia baino gehiago daude, liburuak erosteko edo ikastetxeetan bazkaltzeko laguntzak emateko orduan zailtasunak izan ditugu. Zezenketak diruz laguntzea ez dugu lehentasun bat bezala ikusten, eta hala jakinarazi diogu plazako enpresariari eta zezenketen inguruan dabiltzanei. Hurrengo urteotan ez ditugu zezenketak diruz lagunduko. Hori bai, entzierroak eta bigantxak bai lagunduko ditugula, ekitaldi sozialak direlako, eta denek parte hartzeko aukera dutelako. 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude