Sakoneko aldaketarik ezean, pauso bi aurrera eta bat atzera

  • Kirola da gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza gehien nabarmentzen den esparruetako bat. Pitzadura hori hamaika faktorek elikatzen dute: jaiotzen garen unetik bertatik neska eta mutikoak berdin ez gizarteratzea –sozializazio modelo diferenteak–,  kirolak itsatsirik dituen baloreen aurrean maskulino-femenino estereotipoak gailentzea, komunikabideetan urri agertzea eta emakumezkoen kirolean profesionaltasunik apenas egotea, besteren artean. Hainbat autorek dioen bezala, “berdintasunaren ameskerian” bizi gara. Maiz horren kontzientziarik ez izan arren, desberdintasunek indarrean jarraitzen dute, emakume kirolariek gainditu beharreko trabak medio. Agian ez dira hain ageriko oztopoak, zeharkakoak baizik, baina neskak kirolera atxikitzeko orduan berebiziko garrantzia dute.

Kirolean aurrera egin duten neska asko sexu bakoitzari lotutako estereotipoei ostikoka aritu dira etengabe. Hope Solo ageri da argazkian, AEBetako selekzioko atezain handia.
Kirolean aurrera egin duten neska asko sexu bakoitzari lotutako estereotipoei ostikoka aritu dira etengabe. Hope Solo ageri da argazkian, AEBetako selekzioko atezain handia.

LARRUN honetan ideia bat nabarmendu nahi genuen: jende baten ahaleginari esker berdintasunaren alde pausoak eman dira azken urteotan, baina, tamalez, kirol arloan (ere bai) hutsune asko dago oraindik betetzeke. Ordea, EHUko irakasle Matilde Fontechak Berdintasuna kirolean: erronka berriak pasa den hilean Bilbon egindako jardunaldietan zuzendu zizkigun hitzek balazta zapaltzera bultzatu gaituzte: “Ohikoa da esatea hoberantz goazela, gero gehitzeko gauza asko dagoela egiteke. Ez dezagun geure burua engainatu, hortik jota nekez aldatuko dugu egoera. Hel diezaiogun auziari feminismoaren ikuspuntutik. Kirolak ezinbestekoa du sakoneko eraldaketa, humanizatu eta emakumeen gaitasunei buruzko bere antigoaleko sinesmenak moldatzea. Hausnartu egin behar dugu gizarteko esparru guztietan berdintasunaren arloan gertatzen ari den atzerapausoaz, neosexismoaren azaleratzeaz, ‘sexu ederraren’ idolatriara itzultzeaz, eta atzeraldi hori kirol jardueran agertzeko moduaz. Kirol-erakundeetan emakumeak gutxiengo gisa hartzen dira, eta ez gizonen eskubide berberak dituzten herritartzat. Generoa eraikuntza kultural bat dela kontuan hartuta, kirolaren eta genero-rolen arteko erlazioari heldu behar zaio, eta gizarte-harremanen sistemak nola funtzionatzen duen aztertu, sistema horrek emakumeak gizonak baino okerrago kokatu eta femeninotasun eta maskulinotasunaren kontzeptuak zehazten dituen heinean”.

Horretan ahalegindu gara, Eusko Jaurlaritzak 2010ean plazaratutako Goi mailako emakumezko kirolarien egoeraren azterketa genero ikuspuntutik txostena (pdf) abiapuntutzat hartu eta haurtzaroraino bidaiatuz, gogoan izanik neska eta mutilak jaiotzatik sozializazio modelo desberdinen arabera hezten direla, eta horrek eragina duela gerora bakoitzak ariketa fisikoa eta kirolarekiko izango duen jarreran, zenbait adituk azaldu duenez. Ainhoa Azurmendi izan dugu bidelagun, Avento aholkularitza enpresako kide, kirolari, berdintasun gaietan aditu eta aipatu ikerketa-lanaren egileetako bat. Halaber, elkarrizketa egin diogu Mikel Ibargoien Info7 irratiko Kirol leihoa saioaren gidariari, eta zenbait emakume kirolariren testigantzak ere jaso ditugu, entzundakoak batzuk, han hemen arrantzatutakoak besteak.

Kirolerako sarbidea, haurtzarotik mugatua

“Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da”, dio txostenak, 2009an BAT (Basque Team) fundazioaren beka lortu zuten 25 emakume eta 28 gizonen bizipenak ardatz dituenak: “Sexu bakoitzari jartzen zaizkion estereotipoak bere egiteaz gain, emakumeek kirolean duten presentzia urria justifikatu eta betikotu egin du, neskek kirola egiteko, lehiatzeko edo esfortzu fisikoa egiteko gai ez diren ustean oinarrituta. Aitzitik, gaitasunari eta trebetasun fisikoei dagokienez, argi geratu da gizonezkoen ustezko nagusitasun horrek, funtsean, arrazoi kulturaletan eta heziketan duela jatorria. Hala ere, emakumeek diskriminaturik jarraitzen dute kiroleko maila guztietan. Izan ere, gaitasun fisikoak garatzeko emakumeek ahalmenik ez dutela dioen mito horrek bultzatuta, gizarteak beste zenbait ideia ere legitimatu ditu: interes falta, arriskua ekiditeko joera edota eraginkortasunik ez izatea kiroleko arlo desberdinetan, izan hura praktikatzean, kudeaketa edota zuzendaritza postuetan, zein epaile-lanak egitean, besteak beste”.

Halaber, emakumeei kirolerako sarbidea haurtzarotik mugatzen zaiela eta horrek jarduera fisikoaren “efektu onuragarri eta pozgarrietatik kanpo” uzten dituela nabarmendu dute Ainhoa Azurmendi eta Juan Manuel Murua azterketaren egileek: “Sartzea lortzen dutenean ere, haien lorpenak gutxietsiak izaten dira eta ageri-ageriko diskriminazioa jasaten dute; esaterako, kirol erakundeek baliabide gutxiago ematen dizkiete, eta kalitate txarragokoak gainera”.

Goi-mailako kirolariek izan dituzten oztopo eta zailtasunak ezagutze aldera, derrigorrezkoa da aspektu psikosozial guztiak kontuan hartzea, Jaurlaritzaren azterketak azpimarratu duen bezala:

Sozializazioa: Neskato eta mutikoek sozializazioaren bitartez ikasitako jokabideez gain, sexu bakoitzari lotutako estereotipoek ere eragina dute kirol mota aukeratzean eta aukeratuko duten kirolaren iraupenean. Geroz eta gehiago dira estereotipoak bazter batean utzi eta berez gizonezkoentzat ei ziren kirolak praktikatzen dituzten emakumeak. Dena den, kirol hauetan parte hartzen duten emakumeen aldetik jarrera maskulino bat espero da gaur egun ere.

Estereotipoak: Maskulinitatearekin lotutako estereotipoak ez bezala (oldarkortasuna, lidergoa, anbizioa, lehiakortasuna, erresistentzia…), emakumeari atxikitzen zaizkionak (esanekoa izatea, amatasuna, pasibotasuna, menpekotasuna, samurtasuna...) ez dira kirol-errendimendu handiko aktibitatearekin lotzeko moduko ezaugarriak. Ondorioz, lehiaketazko kirola gizonezkoen ezaugarriekin identifikatu izanak gatazka eragin du errendimendu-kirolean ari diren emakumeengan.

Maskulinizazioa: Emakume kirolariek maskulinizazioa betebehartzat dute kirol arloan emaitza onak eskuratu nahi badituzte; emakumezko kirolari batzuek, maskulinizazioa gorputzeko muskuluak lantzearekin lotzen dute, feminitatea galduz. Eta haien feminitatea ziurtatzeko, bere burua ‘apaintzen’ dute belarritako, makillaje, takoi eta antzekoen laguntzaz.

Egiturak eta erakundeak: Emakumeak egiturazko eta antolaketazko zenbait oztopori egin behar die aurre kirol ibilbidean, batez ere federazioei eta klubei dagokienez, kiroletan parte hartzea zailtzen die-eta: gizonezkoek baino babes ekonomiko txikiagoa jasotzen dute, ordutegi eta instalazio txarrenak ematen zaizkie, okerren prestatutako entrenatzaileak...

Babesa: Goi-mailako kirolari izatera iritsi diren emakumeak, edo kirola izugarri maite duten emakumeak izan dira, desberdintasunez betetako inguru baten, kontziente edo inkontziente izanda, oztopo guztiak gaindituz aurrera egin dutenak, edo kirol arloan dituzten gaitasunekin ohartuta, familiaren eta egituraren laguntza izan dute. Guraso askok, kontuari garrantzi handirik eman gabe, ontzat ematen dute haien alabek kirol-jarduna alde batera uztea. Alabek eurek onartzen dute kirola gaztaroko kontua baino ez dela, ez dutela etorkizunean lanbide izango, eta geroari begira errentagarriagoak izango diren ekintzetan ematen dute denbora.

Profesionalizazioa: Eliteko kirolaren eredu hegemonikoak irentsi egin ditu goi-mailako emakumezko kirolari asko; nahiz eta ez diren jasandako desberdintasunez jabetzen –dauden lekura heltzeko jaso dituzten laguntzak medio–, badira kontraesanak haien adierazpenetan. Profesionalizazioari buruz hitz egitean, adibidez, “utopia” bat dela onartzen dute.

Ereduak eta komunikabideak: Emakumeentzako eredu eta erreferente faltak ere badu eragina neskatoengan geroari begira. Hedabideek nesken lehiaketen berri ematea ezinbestekoa da haien lorpenak ikusarazi eta emakumeak kirola egitera bultzatzeko, sarri ez baitaukate nori begiratu.

Denbora, gakoa: familia, lana, ikasketak...

Emakumearen eta kirolaren arteko harremana hainbat faktorek zehazten dute. Gizarteak, komunikabideek, familiak eta abarrek norbere aukerak baldintzatzen dituzte, emakumezko kirolariekin egin zen talde elkarrizketa oinarri duen Kirolak maskulinizatu egiten al du? (M. Lasarte, 2007) ikerketak jasotzen duen moduan: “Oraindik ere, neskentzat oso garrantzitsua dira bizitza sentimentala eta familia, zeina gainontzeko guztiarekin uztartu beharra dagoen”. Halaber, emakumezko kirolariek eurek eta haien senideek uste dutenez ikasketek kirolaren aurretik egon behar dutela, “ez da harritzekoa ekintza biak uztartzeko denbora falta aipatzea kirola uzteko arrazoi nagusien artean”.

Jaurlaritzaren azterketatik hartutako zenbait datu:

-    Ikerketan parte hartu duten emakumeen %50ek dituzte goi mailako ikasketak. Gizonetako bakarrak ere ez; hauen artean, %78k erdi-mailako ikasketak eta %22k oinarrizkoak dituzte.
-    Emakumeen %77,7k eta gizonen %63,3k uste dute ikasketak eta goi-mailako kirola uztartzea arazo bat dela.
-    BAT (Basque Team) fundazioan beka duten gizonen %16,6k eta emakumeen %30,7k lana dute. Lana duten emakumeen %50ek eta gizonen %33,3k denbora partzialean egiten dute.
-    Gizonezkoen %46,6k eta emakumeen %100ek uste dute amatasuna arazoa dela goi-mailako kirolarientzat.

"Turista" klasean

2012ko Joko Olinpikoetara eraman zituen hegaldian, Australiako emakumezko saskibaloi jokalariek “turista klasean” bidaiatu zuten; gizonezkoek, aldiz, “lehen klasean”. Eta Japoniako futbol jokalarien kasuan, gauza bera.

Aurrekontuaren %1

Espainiako Futbol Federazioak, 126 milioi euroko aurrekontutik, %1 baino gutxiago zuzentzen du emakumezkoen futbolera. Estatuko lizentzia kopuruari dagokionez, %5 dira emakumezkoak.

Zerbait aldatzen ari da. Gehiago nahi dugu!

Emakumezkoen kirola bistaratzea helburu, hainbat ekitaldi egin da uztailean Gasteizen, Zerbait aldatzen ari da. Gehiago nahi dugu! lelopean. Berdintasunaren aldeko lanak fruituak eman dituela nabarmendu dute kirolariek, diziplina batzuetan lortutako emaitzek erakusten dutenez. Hala ere, gisa honetako ekimenak oraindik ere beharrezkoak direla diote: “Agian, egunen batean, eskatu gabe helduko zaigu lortutakoaren aitortza. Gaur gaurkoz, baina, instituzioei eta orohar gizarteari  ematen diegu testigua, euren babesik gabe oso zaila dugulako aurrera egitea. Pausoak pauso, ez gara konforme. Hedabideetan presentzia eta aitortza izatea garrantzitsua da, baina oinarrizko kirolean hasten den lan horrek patroi bat izan behar du, kirolarien baldintzak hobetuko dituen planifikazio zehatza”.


LARRUN
2015eko uztailaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Generoa
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude