Francok petrolio sintetikoa irentsi zuenekoa

Francisco Franco Adolf Hitlerrekin Hendaian, 1940ko urrian. Urte horren hasieran Francok beste austriar batekin egin zuen topo, eta hark erregaia erraz ekoizteko metodoa oparituko ziola sinestarazi zion diktadoreari.
Francisco Franco Adolf Hitlerrekin Hendaian, 1940ko urrian. Urte horren hasieran Francok beste austriar batekin egin zuen topo, eta hark erregaia erraz ekoizteko metodoa oparituko ziola sinestarazi zion diktadoreari.LIFE

Bartzelona, 1940ko otsailaren 8a. La Vanguardia egunkariaren azalean titular hau irakur zitekeen: “Autarkia nazionala erregaietan”. Eta azpian: “Zortzi hilabete barru Espainiak egunean hiru milioi litro petrolio ekoiztuko ditu”. Gerraoste hasi berrian, urritasuna nabarmena zen arlo guztietan, baita erregaietan ere. Eta badirudi caudilloa bereziki sinesbera zela egoera larri horretan. Etsi-etsian, besteak beste, uraren bidez funtzionatzen zuten motorrak etorkizuna erraztuko zuela sinestarazi zioten, eta izurde haztegiek gosea arinduko zutela. 1939an, Francok estatua pobreziatik aterako zuten urre eta petrolio hobiak aurkitu zituztela ere iragarri zuen hainbat hitzalditan. Baina 1940. urtea iritsi zen, eta mirarizko konponbide horien arrastorik ez zegoen. Orduan, Albert Elder von Filek Austriara iritsi zen Madrilera, mundua aldatuko omen zuen formula sekretua besapean.

Elder Von Filekek estatuburuarekin biltzea lortu zuen, eta losintxaz eta miresmen hitzez limurtu zuen diktadorea. Ura landare-estraktuekin eta, nola ez, ezagutzera eman ezin zuen osagai sekretu batekin nahastuta, petrolio sintetikoa erraz eta merke ekoizteko gai zela esan zion. Erakustaldi moduko bat ere egin zion; Francok erabiltzen zuen autoa bera erregai horrekin funtzionatuarazi zuen, itxuraz –berez, Francoren gidaria konplize egin zuen–. Lehengai merkeak erabiliz, hilabete gutxian eguneko hiru milioi litro erregai ekoiztuko zituzten eta, hala, estatuak ez zuen petroliorik inportatu beharko. Handik aurrera, austriarraren formula harrigarriari esker Espainiak aukera garbia zuen munduko potentzia nagusietakoa izateko.

Jakina, petrolio multinazionalak atzetik omen zituen  Elder Von Filekek, baina hark ez zuen dirurik eskatzen; Francoren erregimenaren hotsandia zen nahi zuen ordain bakarra. Eta, hala, erregaiaren sekretua musu truk emango zion.

Gainera, Franco bolada oneko zegoen. Austriar asmatzaileak Jarama ibaiko ura sakon aztertu zuen;  ezin hobea omen zen erregaia lortzeko. Beraz, petrolio berria ekoizteko instalazioentzat kokagune aproposa izan zitekeen hura. Eta jarduera abiarazteko inbertsio txiki bat beharko zen. Horrenbestez, ordain materialik eskatzen ez zuen asmatzaile eskuzabalari Jarama ertzeko hainbat lur eremu eta hamar milioi pezeta –garai hartan, dirutza– eman zizkion Espainiako Gobernuak.

Denborak aurrera egin eta erregai miragarririk ezean, Elder Von Fileken iruzurra agerian geratu zen. Hura eta Francoren txoferra espetxeratu zituzten, eta handik aurrera ez zen haien berririk izan. Gaiari buruz aurrez argitaratutako guztia desagerrarazteko agindua eman zuen diktadoreak. Baina La Vanguardiako hemerotekan gertatutakoa xehe-xehe azalduta gorde da.


ASTEKARIA
2015eko uztailaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude