Pertsona anitzak, eduki aberats baterako

Nafarroako aldaketaren indarrek aurrera jarraitzen dute, poliki baina seguru. Joan den astean Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak gobernu programa adostu zuten eta hilaren 20an Nafarroako Legebiltzarrak Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari izendatuko du.

Adostutako gobernu programa asmo handikoa da, oso aurrerakoia eta landua. Bere alde ahula da berau gauzatzeko diru ahalmen handia behar dela eta sasoi hauek direnak direla. Batetik, gobernuek badituzte arau oso estuak zorpetze eta finantzazioari begira; bestetik, gizartean botere faktiko gisa aritzen diren eragile ugari eta goi eta klase ertainek ez dituzte batere begi onekin ikusten zerga igoerak; eta azkenik, eta zehazki Nafarroako Gobernuari begira, aurreko gobernuak dirutzak bideratu ditu jada hainbat azpiegitura proiektuetara.

Esate baterako, 18 edo 25 urtetik gorako herritarrentzat –adina erabakitzeke dago– oinarrizko errenta unibertsala aurreikusten da programan eta lehen sei hilabeteetan indarrean jarri behar da gainera. Gauza asko zehazteke dago, baina edozein eratan, milioi euro asko beharko da neurri hau bideratzeko.

Osasunean, etxebizitzan, kulturan, hezkuntzan, hizkuntzan, herri administrazioan, ingurumenean, berdintasunean, industrian… denean irakur liteke behar adinako finantzazio egoki eta duina bideratuko dela alor guztietara. Nola egingo den ez, ordea. Bai, diru bilketan ahalegin berezia egingo dela azpimarratzen da eta horretara bideratutako zerga erreforma ere iragartzen da, baina hemen nekez espero liteke miraririk epe motzera. Horrez gain, batek daki zein egiazko egoera ekonomiko topatuko duen Barkosek aginte makila eskuratzean.

Baina hori da bidea, zalantzarik gabe, sinesten dena paperera eramatea eta aurrera ateratzen saiatzea. Horregatik da anbiziosoa programa eta horregatik txalotu behar da lau indar desberdinen artean egindako lana eta ahalegina. Eta horregatik, lau indarrak gobernura aupatu dituzten gizarte sektoreek legealdian zehar  oso adi eta zorrotz jarraitu beharko dute gobernuaren jarduera. Alderdiek asko zehaztu dute, eta horrek asko errazten du jarraipena.

Instituzioek egingo dutelakoan, halako aldaketetan izaten da gizartea desmobilizatzeko arriskua eta bai aldaketaren alderdiek eta bereziki gizarte eragileek ere, ardura bereziz zaindu beharko dute hori ez gertatzea. Nafarroan azken urteetan izan den gizarte eraldaketan oinarritu da aldaketa, eta berau   elikatzen jarraitzea izango da gobernu berriaren arrakasta eta iraupenaren klabeetako nagusia.

Gobernu eraketa dator orain eta Uxue Barkosek eta Geroa Baik  badute argi euren ikuspegia, baina kanpotik ez da hain argi ikusten.  Gobernuaren ardatza eta bizkarrezurra Geroa Bairengan oinarrituko bide da; taifa erresumak gobernuan finkatu ez daitezen ez da ohiko koalizio gobernu bat izango; eta alderdietako egiturekin lotura handia duten pertsonak saihestuko bide dira. Gobernu teknikoaz hitz egin da, baina profil politiko sendoa nahi dela ere bai. Dakienak ulertuko du zertaz ari den Barkos, herritarrak izan ditzake susmoak, baina ikusi arte ez da samurra ulertzea horrek guztiak zer esan nahi duen eta, batez ere, nola gauzatuko den.

Lehenik edukian jarri dute ahalegina aldaketaren indarrek eta fruituek ematen dute esperantzarako tarte handia, beraz, hobe berdin pentsatzea gobernu eraketari dagokionez ere.

Edukiak, alabaina, pertsonek bideratzen dituzte eta ez da samurra pentsaera berdintsuko pertsonek –demagun gehienak Geroa Bairen ingurukoak–, oso proposamen zabala biltzen duen programa desberdinen artean bezala eramatea. Zer usaintzen da? Batez ere Geroa Baik EH Bildurekin duen duen mesfidantza. Ezkerrak nahiko argi adierazi du gobernuan egon nahi duela. Ahal Duguk, aldiz, ez duela egon nahi, nahiz eta batzarretan ahots ugariren aldetik aipatu den gizarte saila hartzeko gogoa. Eta EH Bilduk ere argi adierazi du egon nahiko lukeela.

Egia da desberdintasuna kudeatzea ez dela samurra, baina horretan asmatzen duen enpresa, eskola, elkarte... edo gobernuak bestelako sendotasuna eta emaitzak ditu. Pena litzateke edukian lortutako emaitza aberats hori ez islatzea gobernuaren osaketan. Pluraltasuna gizartean balore gisa saltzeko erarik egokiena da norbera pluraltasunaren kudeaketan buru-belarri murgiltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Gobernua
Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Opus Deiren bi ikastetxe segregatzaileri DBHko ituna kenduko die Nafarroako Gobernuak

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta.


Estatuaren biolentziaren 41 biktima onartze bidean da Nafarroako Gobernua

Asteazken honetan prozesu horren berri eman du Martin Zabalza motibazio politikoko Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeko lehendakariak. Ostegunean, Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen elkarteak pauso garrantzitsua dela adierazi dute Iruñean... [+]


Eguneraketa berriak daude