Doinua: Aita izena
Neska bat haurtxo batekin dator
etxegabeen samina
ostatatzen du elizan eta
goietan a zer muzina!
“Ama Birjina balitz –darantzu–
zein litzateke ezina?”
“Gainera birao!” –sutzen zaizkio
eta Perikoren zina:
“Ez da, ba, joango zeren gaur hemen
hauxe da Ama Birjina”.
“Ezin dugula esan al dute?
Ba, egin dezagun proba!”.
Zapalkuntzari jarkitzea zen
haren sostengu baikorra.
Berdinentzat hain samurra eta
goikoentzat hain gogorra
haren ars vitae teorikoa
laburtu ahal balitz, horra:
“Egin sinesten duzuna eta
betor nahi duen zigorra”.
Hizkeran gatza gesalak aina
arrazoietan eztena
konsekuentzia berriz, galtzeko
ezer ez daukan batena.
Lema bat zuen: “lehenik egin
eta gero azalpena”.
Zeren “hutsaren gainean zer da
esplikatu behar dena?”.
Periko berdin hirutasun bat:
sena, bihotza, kemena.