(Iruñean sortua 1964ko uztailaren 5ean). Sei anai-arreben artean nagusia. Kazetaria lanbidez eta laster Nafarroako Gobernuko presidente berria, eta euskalduna lehen aldiz. Kazetari bezala Europa Press agentzian, Navarra Hoy egunkarian, Telenavarran eta 1990az geroztik EITBn egin du lan.
Hamaika urte daramatza politikagintzan, hasieran Nafarroa Bai koalizioarekin eta Geroa Bairekin orain. Madrilgo Kongresuan diputatua izan da 2004tik 2015era eta Iruñeko Udaleko zinegotzia 2007tik aurrera, joan den hilabetera arte.
Jesus Gonzalez kazetari galiziarrarekin ezkondua dago eta 12 urteko mutiko baten ama da. Duela lau urte bularreko minbizia izan zuen. Contra viento y marea liburuan bildu zituen bizipenak. Orain Nafarroako aldaketa politikoaren gidaritza hartu du. “Bizitzaren oso une ederrean” dagoela dio.