"Udalek gaztelania hutsean jarduteko aukera izatea oso arriskutsua iruditzen zait"

  • Ondo bidez, aurki onartuko du EAEko legebiltzarrak udalei eskumen gehiago emango dizkien Udal Legea. Euskarari buruz zer dioen galdetu diogu Iñigo Urrutia EHUko legelariari. Udalerri euskaldunak babestuago egongo direla dio, baina aukera galduak ere zerrendatu ditu.

     

"Nik ondoko parametroa proposatuko nuke: Orubea elebitasuna izatea, eta hortik gora, eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, elebakartasunera hurbiltzeko bidea zabaltzea, euskarazkoa, normaltasun osoz". Iñigo Azkona

Zer ekarpen egin du Udal Lege egitasmo honek?

Nahitaezko lege proiektua dela esan daiteke, bereziki Estatuko Gobernuak toki-administrazioaren arloan indarrean jarri duen eraberritze orokorrari aurre egiteko. Udal Lege proiektuak hainbat arlo arautzen ditu, udal eskumenak, finantzazioa..., eta euskarari ere tokia egin zaio. 

Beharrezkoa zen euskara lantzea udalerri mailan, euskaraz jarduten duten udalerriak lege estaldurarik gabe ari direlako. Euskararen Legeak, 1982an, bi sistema aurreikusi zituen, bata udalerri euskaldunei begira eta bestea orokorra. Geratu den sistema bakarra, sistema elebiduna da. Zurrunegia da zenbait testuingurutarako, adibidez, euskaraz  funtzionatu nahi duten udalerrientzat, euskaraz eta gaztelaniaz egin beharra baitute. Beharrezkoa zen euskarazko jardun normalari babes juridikoa emango dion lege bat indarrean izatea.     

Beste ekarpen bat ere egin du. Hemen, jurisprudentzia oso mugakorra izan dugu. Katalunian eta Galizian adibidez, botere judizialak sententziak eman dituenean naturaltasunez jaso du udalek katalanez edo galizieraz lan egiteko aukera. Aldiz, EAEn, halako jurisprudentziarik ez da aplikatu eta udalerri euskaldunek hainbat oztopo aurkitu dituzte, bereziki sententzietan.  Jurisprudentzia horri bestelako irakurketa bat eman ahal izateko oso garrantzitsua da lege baten bitartez euskarazko funtzionamendu normalizatuari estaldura ematea. 

Lege honek ordea, udalei euskara  lehentasunezko hizkuntza dutela jarduteko aukera ematen al die?

Orokorrean horrela jasotzen du, lehentasunezkoa izan daitekeela aipatu gabe. Besterik da norbanakoak gaztelania erabili nahi badu, hari gaztelaniaz erantzun beharko litzaioke.

Legeak ordea, arazo batzuk baditu. Lehenbizikoa da euskarazko funtzionamendu normala aurreikusten duen neurrian, gaztelaniazko jardun normala ere zilegi bihurtzen duela. Beraz, orain arte udalerriek bi hizkuntzetan funtzionatu behar zuten. Aurrerantzean, udalerriek euskaraz jarduterik izango dute, baina baita gaztelania hutsez ere. 

Horrek zein ondorio izan dezake?

Gerta daiteke Barakaldoko Udalak dena gaztelaniaz egitea erabakitzea. Orain arte legez ez zegoen hori egiterik. Nik ondoko parametroa proposatuko nuke: orubea elebitasuna izatea, eta hortik gora, eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, elebakartasunera hurbiltzeko bidea zabaltzea, euskarazkoa, normaltasun osoz. Gaztelaniaz jarduteko aukera jasotzea oso arriskutsua iruditzen zait, euskararen ikuspegitik atzeraka joan gaitezkeelako zenbait testuingurutan. 

Abanikoa oso irekita uzten du.

Akaso Arabako zenbait eskualdetako herri gehienek erabakiko dute gaztelania hutsez aritzea, barne funtzionamenduko hizkuntza gisa. Hori zilegi bihurtzen du. 

Agintean den alderdi politikoaren arabera alda daiteke.

Hala izan daitekeela iruditzen zait. Hizkuntza erabilera sistema berri honi aurkitzen dizkiodan azalpenak bi dira. Batetik, Konstituzio Auzitegiak 2010. urtean zabaldu zuen norabideari estuki jarraitzea, hizkuntza sisteman Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak ezarri dituen mugak barneratuz. Bestetik, itun politikoren baten emaitza izatea, EAJren eta PSOEren arteko negoziaketetan. Badirudi, udalerri euskaldunei estaldura ematearen ordainetan, hainbat udali gaztelania hutsez funtzionatzeko aukera zabaldu zaiela. 

Esana duzu beste muga bat baduela lege egitasmoak: udalak euskara hutsez egin ahal dituen dokumentu guztiak ez ditu babesten.

Proiektuak zerrenda itxi bat jasotzen du. Lege ikuspegitik ez diot oinarri nahikorik ikusten. Euskarazko jardunak erabat legezko izan beharko luke, hemen aipatzen diren dokumentuez gain, gainontzeko dokumentazioa ere udal batek euskaraz landu dezake, euskara ofiziala baita. 

Logikaren bat badauka zerrenda zehatz horrek?

Espainiako Estatuko 1986ko errege dekretu zahar batean jasotzen den dokumentu zerrenda da, hala nola,  osoko bilkuren deialdiak, gai zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki proposamenak, eta beste hainbat euskaraz idatzi ahal izango dira. Kontraesana dago.  Batetik, Estatuko 1992ko Administrazio eta Prozedura Legearen arabera, Estatuko administrazio periferikoak euskaraz lan egin beharko du eskatzaileak –norbanakoak– euskara erabiltzen badu, eta beraz, espedienteetako dokumentu guzti-guztiak euskaraz jaso beharko ditu.  Bestetik, Udal Legearen arabera, gure udalerriek 6-7 dokumentu horiek bakarrik landu ahal izango dituzte euskara hutsez. Eta gainontzekoak? Hori bai paradoxa. Estatuko administrazioan dokumentu guztiak euskaraz eta udalerri euskaldunetan batzu-batzuk baino ez. 

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak salaketak jartzeko aukera izango du orduan?

Bai. Euskara gaietan, legeak propio babesten ez dituen jarduerak errekurritzeko aukerakoak dira Gobernuko ordezkariarentzat. Segurtasun juridikoa areagotzea behar dugu beraz.

Adibide bat eman dezakezu?

Azpeitian errepidea pasatzekoa da.  Udaleko idazkariak txostena egin behar du esateko ea hirigintza araudiarekin bateragarria den proiektua. “Idazkariaren txostenak” dokumentua ez dago zerrenda horretan.

Konpontzea oso erraza da, “eta gainontzeko dokumentuak” edo halako klausula bat jar daiteke, edo dokumentu zehatzik aipatu barik esan daiteke euskaraz lantzen diren dokumentu ofizial guztiek eragin juridikoa izango dutela, beti ere norbanakoek baliatzen duten hizkuntza errespetatuz gero. 

Berez, hizkuntza ofizialtasunak dakarrena da hizkuntza horretan egindakoak formalki eragin juridikoak sortzeko ahalmena duela, norbanakoek erabili nahi duten hizkuntzari kalterik egin gabe. Barne funtzionamenduko dokumentuak euskaraz landu daitezke arazorik gabe, jakinarazpenak eta zerbitzuak eskaintzerakoan, ordea, norbanakoaren hizkuntza eskubideak errespetatu behar dira. 

Udal Legearen egitasmoak herritarrari deserosotasunik ezin zaiola eragin dio. Zer esan nahi du horrek?

Hori jakinarazpenetan erabili beharreko hizkuntzari lotzen zaio eta Konstituzio Auzitegiaren 2010eko epai batean dago oinarrituta. Sententzia horren arabera, udalek katalana edo gaztelania normaltasunez erabil dezakete, beti ere norbanakoei  dokumentuak nahi duten hizkuntzan bidaltzen bazaizkie. Norbanakoak hizkuntza aukeratzeko eskubidea duenez, hizkuntza-aukeraketa espresurik egin beharrik ez du. 

Kontrakoa ere uler daiteke. Udalak isuna gaztelaniaz bidali badit balio juridikorik ez diodala emango esan dezaket, nire hizkuntza ez duelako asmatu.

Erakundeak asmatu behar du norbanakoak nahi duen hizkuntza? Ondorioa zein litzateke, ele biz bidali eta arazoa gaindituta?

Konstituzio Auzitegiak buruan daukana hori litzateke, bi hizkuntzetan bidaltzea, horrek ez dio inolako deserosotasunik sortzen norbanakoari. Halere, Konstituzio Auzitegia ideia hori adieraztera ez zen ausartu, hizkuntza sistema ezartzea erkidegoen eskumena baita, eta elebitasun orekatua aukeratatik bat baino ez da, berezko hizkuntzaren erabilera normalizatuarekin batera. Betiere, berriro diot, norbanakoek dokumentuen hizkuntza aukeratzeko eskubidea dute. Epaiaren arabera, norbanakoak ez du zertan jarrera aktiboa hartu hizkuntza aldatu dadin. Imajinatu: orain udalak euskaraz bidaltzen dio isuna norbanakoari. Jurisprudentziak esaten duena da udalak, ezer bidali aurretik, ahalegina egin behar duela norbanako horrek zein hizkuntza erabiltzen duen jakiteko, eta hizkuntza horretan bidali. Arazoa da epaiak dioela norbanakoak ez daukala nahi duen hizkuntza zein den adierazteko beharrik, administrazioak asmatu behar du. Nahiko gauza ulergaitza da. 

Udalerri euskaldunetara ekarrita. Ele biz egitea saihesteko aukera izan daiteke herritarrei lehentasunezko hizkuntza galdetzea? 

Nire ustez ez da deserosotasun handia hizkuntza batean jaso, eta beste hizkuntzan nahi baduzu eskatzea. Deserosotasun txikia izan daiteke, eramangarria. 

Euskara hutsez aritzea hobesten duzu, baina gerta daiteke norbanakoren bat kexatzea edo Urquijo berriz etortzea.

Udal Legean jarri ahal zen udalek errespetatuko dutela norbanakoen hizkuntza-aukeraketa… edo horrelako zerbait. Horrekin nahikoa izan zitekeen, jurisprudentzia hori hitzez hitz legera ekarri gabe.

Udalerri euskaldunetarako arrisku bat gehiago.

Udalerri horietan presuntzio bat dago, jende guztia euskalduna dela, edo portzentaje oso altua. Euskara ulertzen badute zergatik ezin zaie euskaraz normaltasunez jakinarazi? 

Euskaraz ez dakien zinegotziak udaleko euskarazko jarduna baldintza dezake?

Legeak dio udalek euskaraz funtzionatu dezaketela normaltasunez, baina muga bat jartzen du: udal korporazioko jende guztia euskalduna bada euskara hutsez jardun daiteke, baina zinegotziren bat erdalduna bada ezin da euskara hutsean aritu. 

Legeak ez duela arrazoirik iruditzen zait, udalek halako kasuetan mekanismoak jar ditzaketelako: laburpenak eman gaztelaniaz; gerta daiteke euskara ez hitz egitea baina ulertzea... Legeak dioenaren arabera, Lizartzako zinegotziak esan dezake ordutik aurrera gaztelaniaz egin behar dela. Ez dauka inolako logikarik, ez dio mesederik egiten inori. Ez dut uste benetako arazorik dagoenik, eta arazoren bat baldin badago alderdi politikoek konpondu beharko lukete, eta euskaldunak jarri. 

Legez behartu daiteke zinegotzia euskara jakitera?

Espainiako legediak ez du aurreikusten. Aldiz, Letonian, parlamentuko kide izateko letonieraz jakiteko beharra dago. Giza eskubideen auzitegira heldu zen gaia eta 2002an auzitegiak esan zuen hori zilegi dela. Estatu batek hizkuntza eskakizunak ezar ditzake funtzio politikoak bete ahal izateko, parlamentuaren jarduera normalizatua hizkuntza horretan bada. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari ohiak [Zigor Etxeburuak] gaia aipatu zuen eta iskanbila sortu zen. Giza eskubideen ikuspegitik ez dauka inolako problemarik. 

Udal Legea tresna baliagarria dela uste al duzu euskarazko udal jarduera normalizatzeko?

Orain arte udalerri euskaldunek lege estaldurarik gabe jardun dute, eta alde horretatik, irakurketa erabat positiboa badu. Udalerri euskaldunak lasaiago ibiliko dira. Ahuleziak artezteko aukerak berriz, parlamentuan oraindik badaudela uste dut. Legeak ez du jaso trataera berezirik udalerri euskaldunentzat eta hausnarketa egin beharko litzateke. Bestalde, euskarazko funtzionamendua erabat legezko bihurtzen du, baina ordainetan, gaztelania hutsezko jardunari bidea irekitzen dio, pena.
    Eta azkenik, jurisprudentziak bere horretan ekarri ditu, muga eta guzti. Jurisprudentzia aldatu daiteke, baina legean jasotzen baduzu jurisprudentziak dioena, zurruna bihurtzen duzu. Zurrunegia, nire ustez, hizkuntza normalizazio gaietarako. 

Behar adineko lege babesik gabe ere aurrera egiten

Udal askotan, azken lau urteotan batik bat, pauso inportanteak eman ditugu hizkuntzaren normalizazioan: euskaraz ari gara lanean, ahoz eta idatziz. Asko kosta zaigu ele bitan lan egin beharraren (egia osorik esateko, gaztelaniaz sortu eta euskarara itzultzearen) mentalitatea urratzea eta euskaraz lan egiteari zilegitasuna eta balioa ematea. Bide hori legearen babesik gabe egin dugu, agintari eta langile batzuen ausardiaz eta borondatez. Eta izan dira erasoak eta ekaitzak, eta nola edo hala egin diegu aurre, legeak ez baitzuen behar adinako babesik ematen.

Euskarari atal bat eskaini diote EAEko udalen autonomia eta eskumenak indartu nahi dituen lege proposamenean. Zer berri dakar proposamenak guretzat, udaletan euskararen erabilera normalizatzen ari garen teknikariontzat? Hori da Hernanitik erantzuteko eskatu didatena. Eta Hernanitik, Adarra mendira begiratuta, gandu handi samarra ikusten dugula esan behar. Erdi bideraino seguru samar joateko babesgarriak jarri dizkigute. Estatuko ordezkariak ez gaitu amildegira botako beste administrazio batera dokumentuak euskara hutsean bidaltzen ditugunean, edota udaleko idatzi batzuk euskara hutsean idatziko ditugulako. Horiek babes juridiko osoa izango omen dute proposamen berrian. Baina, Besabitik gora Adarrako tontor aldera abiatu nahi duenak (alegia, Madrildik etorri diren erasoei aurre egiteaz gain udalak beren eguneroko bizitzan benetan euskaraz funtzionatzea nahi duenak) lehen bezalaxe joan beharko du, amildegiaren ertzetik eta babesgarririk gabe, ausardiaz eta borondate handiz. 

Malores Etxeberria, Hernaniko Udaleko euskara teknikaria

Euskararen alde adostasuna eta ausardia

Maren Belastegi, UEMAko lehendakaria

Zer ekarpen egin du egitasmoak?  

UEMAren ustez Udal Legearekin pauso bat aurrera emango dugu. Udalei euskara lantzeko eskumena bera aitortzea urrats garrantzitsua izango da. UEMA mankomunitate gisa existitzeari berari ere legezkotasuna aitortuko dio Udal Legeak. Eta zalantzarik gabe, urrats garrantzitsua da hori. Horrez gain, 10/82 Euskararen Legeak eragiten duen ele biko funtzionamendu zurruna ere eteteko saiakera ikusten zaio, eta udalen lan eremuan, bereziki, euskara hutsez lan egiteari bidea zabaltzen dio lege berriak.

Zein ahulgune ditu?

Gure ustez hutsune garrantzitsuak ditu. Lehenengoa da udalei euskara sustatzeko eskumena eman bai, baina obligaziorik ez diela jartzen. Hala, une bakoitzeko agintarien esku geratzen da euskara sustatu edo ez sustatu. Horrez gain, legean euskaraz aritzeari mugak jartzen zaizkio. Kasuren batean, indarrean dagoen Euskararen Legearen inguruan egindako interpretazio murriztaileenak ezarritako mugak ere ez ditu gainditzen. Eta gure ustez hor euskaraz aritzeko aukera zabalagoa utzi beharko litzateke. Hizkuntza paisaia ele bietan egiteko derrigortasuna ezartzen du, kasu guztietarako, eta abar. Gainera, arautu beharko liratekeen beste hainbat kontu arautu gabe uzten ditu: kontratazioen kontua, egoera soziolinguistikoan eragina duten erabakien aurrean, eragina neurtu eta neurriak hartzeko premiak, eta abar.

Finean, euskararen kontua gehiegi landu gabe dago Udal Legean. Garrantzitsua da EAEk bere Udal Legea izatea, bestela estatukoaren menpe egon behar dugulako, baina hizkuntzaren kontuarekin oso azaletik aritu direla uste dugu. Hori eta gero, Udal Lege horrez gain, euskararen erabilera arautzen duten lege eta jarraibideekin egungo egoera hobetzeko adostasuna bilatzen hasi beharko dugu nahitaez. Euskararen normalizazioan, legeak ere alde beharko ditugulako.

Teilatu berria euskararen eraikinean

Gai hauetan ohituta ez gaudenontzat, zail suertatzen zaigu ulertzea norainoko garrantzia duen lege honek. Baina labur esanda, pisu –eskuduntza– gehiago emango zaie udalei eta euren ordezkariei –egun Eudel– bere esparrukoak diren gaiak antolatzeko eta kudeatzeko orduan. Eta udal aginpide edo eskumen horien barruan, euskararen normalizazioari dagokiona.

Ez dut uste, alabaina, zeregin horietan jarduten dugunok aldaketarik nabarituko dugunik, baina egia da kanpoko erasoetatik –azken boladan bortitzak– babesteko lege berri hau bezalako teilatu sendo bat behar genuela aspalditik, orain arteko euritako ahul, higatu eta itoginez betea ordezteko. 35 urte luze behar izan dugu genuena beste modu apainduago batez aurkezteko: EAEn euskara hizkuntza ofiziala dugula, berezkoa, eta euskararen erabilera normala eta orokorra izango dela toki-erakundeen zereginetan eta, gainera, euskara toki-erakundeen jardueretan zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango dela. Et voilà...

Udalei eskuduntzen pisu nagusia uzteak babesa bermatuko lioke euskarari, egunen batean Eusko Legebiltzarra euskararen kontrako indar politikoz beteko balitz. Aitzitik, zereginen atomizazioak perspektiba estrategikoa ukatzen dio garapen nazional orokorrari. Ni zentralizatzearen eta ez sakabanatzearen aldekoa naiz, batez ere hizkuntza normalizazioa bezalako gaietan, goitik beherako planteamenduarekin, bai, munduan diren beste komunitate eleaniztunetan arrakasta handiz egin bezalaxe.

Denborak argituko digu orain ikusi ezin dezakegun etorkizuna. Bitartean, nola ez, bide on asmo onez egindako lege berriari.

Felix Mugurutza Montalbán, Laudioko Udaleko euskara teknikaria


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEMA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


hizkuntza politika auzitegietan
Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala... [+]


Eguneraketa berriak daude