argia.eus
INPRIMATU
Hilezkortasun nahiak hilda
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko uztailaren 08a
Betiko gaztetasunaren iturria (1549), Lucas Cranach Zaharraren koadroa. Askok bilatu dute hilezkortasuna, baina, oraingoz, ez du inork lortu. Eta batzuek heriotza aurreratu dute ahaleginean.
Betiko gaztetasunaren iturria (1549), Lucas Cranach Zaharraren koadroa. Askok bilatu dute hilezkortasuna, baina, oraingoz, ez du inork lortu. Eta batzuek heriotza aurreratu dute ahaleginean.

Txina, K.a. 210. Qin Shi Huang lehen enperadorea hil zen, betiko bizitzaren bila egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan zirela agerian utziz. Zhifu uhartean betiko bizitzaren elixirra topatuko zuelakoan, hainbat espedizio bidali zituen Penglai mendi mitikoaren bila eta bera ere hirutan saiatu zen hara iristen. Halaber, gorteko alkimistak buru-belarri lanean jarri zituen heriotza saihesteko bidearen bila. Mende luzez alkimistek merkurioa panazea horrekin lotu izan dute, eta Qin Shi Huangi ere merkurio pilulak ematen omen zizkioten. 

Ustez, hilezkortasun pilula horiek pozoituta hil zen enperadorea. Hala ere, bizi zen artean, inoizko mausoleorik ikusgarriena eraikiarazi zuen, berpizteko itxaropenez, eta terrakotazko gudari ezagunen artean ehortzi zuten, garaiko iturrien arabera, merkuriozko ibai artifizialez inguratuta. Enperadorearen hilobia oraindik zabaldu ez duten arren, inguruan merkurio arrastoak aurkitu dituzte ikerlariek. Baina Qin Shi Huang bizirik aurkitzeko itxaropenik ez dute.

Merkurioa bezala, gazteen odola betiko gaztetasunaren elixirra izan da luzaroan. Banpiroen fenomenoa ere uste horri lotuta dago. Aleksandr Bogdanov zientzialari errusiarrak odol transfusioekin hainbat esperimentu egin zituen XX. mendearen lehen herenean. Ikasle gazteen odola pertsona helduagoei sartzen zien, baina transfusio gehienak bere buruari egin zizkion. Esperimentuen txostenetan idatzi zuen odola aldatzen hasi zenetik gazteago sentitzen zela eta buruko ilea galtzeari utzi ziola. Bogdanov 1928ko apirilaren 7an hil zen, 54 urte zituela, malaria zeukan gazte baten odola hartu ondoren. Bogdanovek ez zuen zorte handirik izan, baina odola, gehienetan, ez da merkurio bezain toxikoa, hainbat txirrindularik edo The Rolling Stones taldeko kide “betigazteek” agerian utzi dutenez.

Urre likidoa ere alkimisten edabe magikoen artean izan da luzaroan. Diana Poitiersekoa (1500-1566), Henrike II.a Frantziakoaren maitalea, metodo horren zalea zen. Garaiko kroniken arabera, Dianaren edertasuna paregabekoa zen eta 66 urterekin hil arren askoz gazteago ematen zuen. 2008an gorpuari egindako analisietan urre kantitate handiak atzeman zituzten, eta heriotzaren arrazoia metal preziatua izan daitekeela uste dute adituek. Gaitz erdi, garai hartan 66 urteko bizialdia ez baitzen batere laburra.

Sokushinbutsu edo monje budisten auto-momifikazioak arrazoi espiritualagoak ditu atzean, baina emaitza bera; eternitatea jomuga, deshidratatuta hiltzen ziren lekaideak.

Gizakiak beti bilatu izan du hilezkortasuna, Antzinako Egiptoko momifikazioetatik hasi eta egungo kriogenizaziora. Baina bi kasuetan subjektua hil arte zain egoten dira metodoa aplikatzeko. Badaezpada.