Amets (gaizto) bat izan dut

Oso pesimista nabilela azken aldian esaten dit emazteak, denari ateratzen diodala azpialde ilun bat. Bide onetik doa esaten duenarekin, baina ez nago, ez, pesimista, eszeptiko baizik, eta hori ez dakit txarragoa ez ote den.

Norbaitek gure bizitza eraldarazi du azken urteetan, ustezko oparotasunetik ustezko krisi garaira iragan garela sinestarazi digute, krisi hori gure bizkarraren gain jarriz, eurek etekinak ateratzen jarraitzeko aldaketa estrategikoak egin dituzten bitartean.

Orain, azken hamarkadetako produkzio eta lan moduak birrindu dituztenean, berriz ere, hasi dira datozen hamarkadeetan garaile izango den sistema eraikitzen. Garbi dute egin beharrekoa, eta boterea, legeak, estatuak eta komunikabideak, gainegitura osoa euren alde. Eta kapitala, hori egiteko.

Guk, ordea, langile eta hiritar arruntok, pentsatzen dut, ez dugu ezer ikasi. Ez dakigu ere nondik nora joko duten. Merkatua ia geldirik egon den bitartean gu ere ia geldirik egon gara, eta orain, produkzioa, kontsumoa eta hazkuntzaren zurrunbiloan murgilduko gaituzte, ea nork, besteak zapalduz, lana lortzen duen, negozioa eraiki, beti ere aberastu nahian. Gehiengoak lortuko ez duguna.

Azken urteetan esan eta lortu nahi genituenak, eskubide sozialak, merkatu eremuak murriztea, oinarrizko soldata, berdintasunera hurbiltzeko zergak, ama lurra zainduz elikadura ekoiztea, energia xahutzeari uztea, hondakinak berrerabilgarri egitea, gutxien dutenei edo gizartetik at daudenei laguntzea; borondate onak eraginda esan ditugunak ahaztuko zaizkigu, eta, nor bere kontuetara, denok ordu estrak sartzen, etxeak, arropak, kotxe elektrikoak, eta tresna teknologiko berriak erosten hasiko gara, horretarako bankuetan kredituak eskatu, eta lehen bezain menpekoak izanez.

Ez hori bakarrik, ustezko demokraziaren azpitik azaldu diren diktadore ekonomikoak ezkutatzen joango dira, eta itsuturik, ez gara konturatu ere egingo sistemaren aldeko alderdi politikoak bakarrik agindu ahal izango dutela, gizartearen estabilitatea ziurtatuz, alde bakarretik joan ahal den jendarte morroiaren bidean. Eta apolitikoen talde handia sortuko da, aginte horren neutraltasun lelokratikoak hala bideratzen duelako, neutralizatu gaituztelako, berez.

Eskerrak esnatu naizela lozorrotik, eta Tsipras ikusten dudala greziar hiritarrei galdetu nahi diela esaten. Argi izpi bat, nire eszeptizismoa zalantzan jartzeko. Ordu erdi batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezkerreko pentsamendua
Eskuinaren berrindartzea Latinoamerikan

Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]


Lenin gogoan

Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]


Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]


Eguneraketa berriak daude