argia.eus
INPRIMATU
80 urte aparkalekua ordaintzen
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko uztailaren 08a
Oklahoma Hirian 1935ean jarritako lehen parkimetroetako bat.
Oklahoma Hirian 1935ean jarritako lehen parkimetroetako bat.

Oklahomak (AEB) hazkunde ikaragarria izan zuen 1930eko hamarkadan, petrolioari esker. Automobil parkearen hazkundea are ikusgarriagoa izan zen, erregai merkearen eskutik: hamarkada eskasean 3.000 auto izatetik milioi erdiraino iritsi zen konderria. Oklahoma Hirian zirkulatzea eta, batez ere, aparkatzea, geroz eta zailagoa zen. Orduan, hiriko Merkataritza Ganbarak Carl C. Magee abokatu eta enpresa-gizon arrakastatsua izendatu zuen Trafiko Batzordeko presidente. Arazoa konpontzeko parkimetroa asmatu eta patentatu zuen Mageek; 1935eko uztailaren 16an jarri zituzten lehenengo hamalau gailuak  hiriko kaleetan. Parkimetroak onddoak bailiran ugaldu ziren berehala. 

“Publikoak gustuko ditu”, esan zuen orduan The Oklahoma News egunkariak azken mendeko asmakizun gorrotatuenetarikoari buruz. Egunkariaren jabea Carl C. Magee bera zen.