Presoen ardura bada, gizartearena ere bai

2011-ko urrian Donostian Aieteko Konferentzia sostengatu zuten indarrek nekez pentsatuko zuten –bereziki ezker abertzaleak– hain gutxi aurreratuko zela han emandako gomendioetan. Adierazpena oso argia zen: ETAri armak behin-betiko uztea eskatzen zitzaion eta, hala gertatuz gero, dei egiten zitzaien “Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko”.

Gatazkaren ondorioak asko dira, baina pertsonetan oinarritutakoak, batez ere biktimak, presoak eta iheslariak. Biktimen esparruan eman dira hainbat urrats, baina euskal preso politiko eta iheslarienean aurrera baino atzera egin da.

Aietekoaren ondoren  asko hitz egin zen presoen egoeraz, haietako azkena atera arte luze joko zuela aipatzen zen, baina ezker abertzaleak berak ere ezin zezakeen pentsatu egoera hainbeste luzatuko zenik. Luzatuz gero ere, denbora horretan espetxe politika laxatzen joango zela uste zen.

Urteak aurrera doazela, Espainiako PPren gobernuak argi utzi du ez dela txintik mugituko. EAJ eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik sortu dira arazoa bideratzeko hainbat programa, funtsean Hitzeman eta Zuzen Bidean, baina hauekin ere ez da aurreratzea lortu. Eta bai presoen munduan bai ezker abertzalean, urduritasun zantzu bat baino gehiago agertu dira azken boladan.

Azken urteetan bultzatu diren presoen aldeko dinamikan, presoen gaiari karga politikoa kentzen saiatu da ezker abertzalea, alor humanitarioa indartu eta horrek mugimenduak erraztu zitzakeelakoan. Sakabanatzearen aurkako Herrira dinamika indartsuak hartu zuen lehenik lekukoa eta errepresioak honen aurka egin ondoren, Sareren dinamika izan daiteke  ikusmolde horren erakuslerik argiena. Dinamika honek, baina, etengabe egiten du topo Espainiako egungo espetxe politika itxiarekin.

Ezker Abertzalean eta presoen artean bada norabide hori mesfidantzaz ikusten duen multzorik: ez du fruiturik eman orain arte, euskal presoen izaera politikoa ahultzen da eta horrek etorkizuneko irteerak zaildu egiten ditu. Ikuspegi honen adierazle da 93 preso ohi eta iheslarik maiatzaren hondarrean argitaratutako artikulua: amnistia aldarrikatzen zen eta diskurtso humanitarioaren arriskuez ohartarazi, berau zilegitzat joz, baina “baldin eta errepresaliatuen izaera politikoa ezkutatzeko balio ez badu”. Sinatzaileen aburuz, “errepresaliatuen estatus politikoaren onarpenaren alde egin behar da eta ez kontrakoaren alde” (...) “despolitizazioak euren  kriminalizazioa errazten du”.

Presoen alorreko ezin aurrera egin honek mugimenduak ekarri ditu ezker abertzalean, baita presoen artean ere. EPPK-ko bozeramaileetakoak diren Marixol Iparragirre eta Mikel Albisurekin zenbaki honetan egindako elkarrizketan argi adierazten da preso politikoen kolektiboak komunikaziorako duen zailtasuna. Eta komunikazio egokirik gabe kolektibo horrek sendotasuna galtzen du, orain arteko irizpide bateratuei eustea gaitzagoa zaio eta gero eta preso gehiagok beren irtenbidea saiatzeko aukera handiagoa da.

Elkarrizketan, bi bozeramaileek argi adierazten dute kezkaz ikusten dutela kolektiboa erabiltzeko diren joerak: “Dauden indarrak bildu egin behar dira, sakabanatu ordez”.

Langraitz bideko presoek eginiko adierazpenetan amnistia aldarrikatzea hutsala dela azpimarratu dute; horrek presoen kaleratzea atzeratu besterik ez duela egingo. Haientzat, klabeak gehiago daude preso bakoitzak egin beharreko eskarietan, eta iraganaren autokritika zorrotzean, “pertsonen aurka eginiko ekintza guztiak auzitan” jartzeraino. Hori da Jonan Fernandezek ere Bakegintza eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak Hitzeman programan proposatzen duena.

Presoen alorreko hainbat ikuspegi dira ezker abertzalean, bai presoen artean baita EPPKn ere. Logikoena litzateke hauek lasai ateratzen laguntzea eta dagoen eztabaida ez oztopatzea. Kontua da hori, Aieten esan zen moduan, elkarrizketaren bidez eta ahalik eta modu ordenatuenean egitea, presoei horretarako bide emanez. Presoen eta ezker abertzalearen ardura bada, baina euskal instituzioen eta euskal gizartearena ere bai. 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude