Marshall Uharteak bonba atomikoen debekua eskatzen

  • Apirilaren 27tik maiatzaren 22ra bitartean Nazio Batuen Erakundeak deituta New Yorken burutu zen Arma Atomikoen Ez Ugaritzeko Itunaren bilera. Marshall Uharteek beste behin ere eskatu zuten arma nuklearrak eragoztea, munduari oroitaraziz zein prezio gogorra ari diren ordaintzen Mikronesiako herrialde txiki hartako biztanleak.

Reddit webgunetik eskuratutako argazkian, Ebeye uhartea, Kwajalain atoloiaren irletako bat. Kwajalain daukate militar yankiek misil balistikoak probatzeko gunea. Irudian ikus daitekeenez, etxe txikiz betetako itsasontzi baten gisakoa da, edozein ekaitzen
Reddit webgunetik eskuratutako argazkian, Ebeye uhartea, Kwajalain atoloiaren irletako bat. Kwajalain daukate militar yankiek misil balistikoak probatzeko gunea. Irudian ikus daitekeenez, etxe txikiz betetako itsasontzi baten gisakoa da, edozein ekaitzen mende. 15.000 herritar bizi dira bere 36 hektareatan. Munduan leku gutxitan pilatuko da hainbeste jende hain txoko txikian. Gehienak inguruko irla kutsatuetatik ihesi etorritakoak dira, hasieran bonba atomikoak probatzen zituzten Bikini eta Enewetak atoloietatik, gero militarrek bortxaz eramanda inguruko uharteetatik. Sandra Crismon irakasle estatubatuarrak idatzia du Ebye dela munduko leku jendetsu eta osasunarentzako arriskutsuenetako bat. Errefuxiatu eremu triste bat Itsaso Barearen erdian, etengabe bertan diren 1.000 militar amerikarren sosek anestesiatua. Ebeyen hobe ez aipatzea klimaren aldaketaren arriskurik.

Gela honetako zenbatek ikusi du bere begiekin bonba atomiko baten leherketa?”, galdetu zien Tony DeBrum Marshall Uharteetako atzerri ministroak NBEren biltzarrean batutako ordezkariei. Bera izango zen bakarra.

1954ko martxoaren lehenean aitonarekin arrantzan ari zen orduan bederatzi urte zeuzkan DeBrum mutikoa Likiep atoloitik gertu. Aitona uretatik sarea biltzen ari zela, egunsentia argitu zien bat bateko distira handi batek. Ondoren halako haize kolpe bortitz batek astindu zituen. “Dena bihurtu zen gorri –esan zien DeBrumek New Yorkeko batzarkideei–, itsasoa, arrainak, zerua eta aitonaren sarea. Hori, zero eremutik 200 miliatara geundela! Ahaztu ezineko oroipena da”.

Aitona-bilobek Bravo bonba atomikoaren leherketa muturren aurrean ikusia zuten. 1946 eta 1958 artean Marshall Uharteetan, aire zabalean, 67 gehiago lehertu zituzten AEBek. Bikini eta Enewetak atoloietako biztanleak erbesteratu zituzten haien lurretan proba nuklearrak egin ahal izateko, eta batere babesik gabe burututako test hauen kalteak nozitu zituzten inguruko irletako milaka herritar gehiagok.

DeBrumdarrek 200 miliatara ikusitako Bravo leherketa beldurgarria –15 kilotoi, Hiroshiman zapartatua halako 750– Fukuryu Maru baporeko 23 arrantzale japoniarrei egokitu zitzaien 90 miliatara, Argian duela hamar urte “Zorioneko Dragoia akabatu zuten Bikiniko bonbaz” kronikan kontatu zenez. 

Fukuryu Maruko marinelak kiskalita eta arrain kutsatua zekartela lehorreratutakoan ezagutu zituzten japoniarrek Itsaso Barean AEBak egiten ari ziren proba atomikoak eta haien ondorioak. 400.000 japoniarretik gora atera omen zen karriketara protestan. Japoniako 30 milioi herritarrek sinatu zuten bonba atomikoak lehertzeko debekuaren eskaera. 1963an onartu zuten horrelako armak dauzkaten herrialdeek egurats zabalean proba atomikoak egiteko debekua.

Gaur Marshall Uharteek auzi bi dauzkate irekita, bata AEBetako epaitegietan, bestea Nazioarteko Auzitegian, AEBak, Britainia Handia, Frantzia, Errusia eta Txinaren aurka, ez dutelako aurrerabiderik egin Arma Atomikoen Ez Ugaritzeko Itunaren (NPT ingelesezko sigletan) ataletako bat, agintzen diena sinatzaileek bidea irekitzea arma hauek desagertzeko.

AEBetako auzitegian egindako eskaria berehala arbuiatu du epaile federal batek. Nazioarteko Auzitegietakoak aurrera darrai. 2013ko martxotik 2014ko abendua bitartean nazioarteko hiru biltzar burutu ziren Oslo, Mexiko Hiria eta Vienan, arma nuklearren eragin humanitarioen eta haien debekua lortzeko urratsen inguruan.

Baina mugimenduoi harrera oso hotza eta haserretua ere egin diete potentzia atomikoek. Ulertu behar zaie: beren armategi atomikoak modernizatzeko inbertsio oso handietan sartuta daude, datozen urteetan gerra atomikoaren arriskua txikiagotu ez baina asko handituko dela segurtatuz.

Atomoak usteldu zuen paradisua

Bob Alvarezek Bulletin of the Atomic Scientists aldizkarian aztertu ditu kontuok: “The Marshall Islands and the NPT”. Alvarez zientzialari eta irakasleak AEBetako administrazioarentzako lana egin du, 90eko hamarkadan arma atomikoen kontrolerako batzorde eta ekipoetako buru aritu zen, tartean Ipar Koreara bidalitako batean, eta atomoez idazten duenean badaki zertaz ari den.

“Lurreko minak –dio Alvarezek– nazioarteko itun batek debekatzen ditu kalte handiegiak eragiten dituztela eta, indiskriminatuak direlako eta gerrarako lege humanitarioa urratzen dutelako. Zalantzarik gabe bonba atomikoak askoz larriago eta indiskriminatuagoak dira sortzen dituzten zaurietan. DeBrum ministro marshalldarrak adibide gogor batekin erakusten du arma atomikoen garapenak berak ere urratzen dituela oinarri humanitarioak eta horregatik debekatuak izan behar dutela”.

Marshall Uharteak 1944an bereganatu zituzten AEBek, lekuko jauntxoei lurrak hamar dolarretan (sic!) erosita. Militar yankiek 1946rako hasi zituzten leherketa nuklearrak eta ez zituzten eten 1958 arte, zenbait uharte birrinduta eta inguruko guztiak kutsatuta lagaz. 1968an gerra biologikoko esperimentu bat egin zuten Enewetak atoloian, bertan zabalduz Staphylococcus aureus bakterio arriskutsua.

Mendebaldarron irudimenean paradisuaren pareko dauden Itsaso Bareko irla txikiotan AEBek Castle izeneko leherketa saila egin zuten. 1954ko udaberrian. Hona Castle sailaren marka: martxotik maiatzera 48 kilotoiko energia askatu zuten leherketatan, tartean Bravo famatua, US Radiochemical Society erakundeak izendatu duena “AEBek bere historian nozitu duen hondamendi erradiologiko larriena”.

Eztanda egin eta 10 minutura, Bravoren onddoak 62 miliako diametroa zeukan. Askoz urrunago ere iritsi zen haren kutsadura. “Bravok Iodo erradioaktibotan zabaldu zuen Fukushima eta Txernobyl bien artean botatakoa halako 30”.

Marshall Uharteetako Errepublika osatzen duten 24 atoloietatik batzuk bereziki kutsatu dituzte leherketok. Zehazki Rongelap, Alinginea, Rongerik, eta Utirik atoloietako jendeek, Bravo zapartatu zuten gunetik 200 miliatara egonik, beren soinetan jaso zuten Hiroshimako leherketa jasan zutenek adina erradioaktibitate.

AEBetako lurretan bertan nabaritu zen erradioaktibitatearen handitzea Castle saileko leherketa nuklearren ostean. 1954ean agintariak ohartu ziren, adibidez, kontinenteko behien esnetan ageri zela lehenago Nevadako desertuan egindako leherketekin azaldutakoa adina erradioaktibitate. Hori horrela bazen AEBetan, zer ez zen izango Marshall Uharteetan...

Bizkaiko Enkarterrietan sortutako Alonso de Salazarrek 1526an aurkitu eta askoz beranduago, Marshall Uharteak 1986tik AEBei elkartutako estatu independentea dira. Kwajelein atoloian dauka Ronald Reagan Ballistic Missile Defense Test Site gune militarra.

Munduak ahaztu arren, marshalldarrentzako proba nuklearrak ez dira iraganeko oroipen soilak. Sekulako faktura segitzen dute ordaintzen, Rongelap atoloia hustuta, gainerako uharteetako ingurumena kutsatuta, jendeak beren soinetan erradioaktibitateak eragindako eritasun larriak daramatzatela.

AEBek ez dute atoloiotako kutsadura ezabatzeko estrategiarik landu, garestia omen litzatekeelakoan. Aldiz, erradioaktibitate handiegia duten lurretatik kanporatutako milaka pertsona pilatzen dira Ebye uhartean, munduko gune jendetsu eta zikinenetako batean. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma nuklearrak
2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2023-06-13 | Ilargi Manzanares
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora

Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.


Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


Eguneraketa berriak daude