Kontxita Mañarikua

"Kubako bizimodu normala egin dut hemen naizenetik"

  • Behin edo behin, mezu kriptikoa postontzian: “Emakume bat dago hemengo Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia-n, familiako historia interesgarria duena: Concepción Mañaricúa Lezamiz (Durango, 1921), gerrako exiliatua, ja nahiko zaharra”. Habanan da emakumea.

Miel Anjel Elustondo
2015eko uztailaren 05a

Habanan zaitugu, baina, jakinarazi didatenez, durangarra zara sortzez.

Bai, 1921eko abenduaren 3an jaio nintzen, Durangoko Artekalen. Hilaren 3an jaio, baina 8an bataiatu ninduten. Horregatik naiz Kontxi, Kontzesio egunez bataiatua naizelako. 4 urte eta 5 hilabete nituen Kubara etorri nintzenean. Akordatzen naiz Durangon, gure etxe ondoan, izkina batean, txikoria fabrika bat zegoela. Handik urteetara Durangon izan zen nire alaba Diony, eta nik esandakoa egiaztatu zidan, han zegoela fabrika hura, edo egona zela, behintzat; beste zerbait jarriko zuten honezkero, urte asko dira eta. Beste izkinan, berriz, parke moduko bat zegoen, eta ni hunkitu egiten ninduen berton emakumeak dantzan ikusteak. Pasodoblea dantzatzen zuten.

Oroitzapen horixe zuk Durangokoa, neska txikia zinenekoa.

Eta han moja ikastetxean ari nintzela ere badakit, harik eta Kubara etorri ginen arte. Ordurako, aitaita hemen egona zen. Soldadutzarako hartu nahi zuten, Afrikako gerrarako, Marokorako, baina eskapatu eta hona etorri zen. Aitaita hemen egona zenez, aita ere etorri zen. Gero, gure amaren bila joan zen. Aita berriro hona itzuli zenean, han utzi gintuen gu, denok etorri ginen arte. Amak hiru ume ere izan zituen gu baino lehen, baina hil egin zitzaizkion. Bizi izan zirenen artean, Rufina zen ahizpa nagusia. Inoiz ez zitzaion izena gustatu, izenarekin haserre beti hura! Esaterako, aita hil zenean paperak zuzentzera joan behar izan ginen hemen, Kuban, eta bankura joan ginenean, bertokoak: “Miraria da zure ahizpari Rufina izena jarri izana. Zure ahizpa jaio zen sasoi berean, zuen aitaren osaba bat hil zen, Rufino, eta horretan, haren izena jarri zion zure ahizpari, bizi guztian horregatik ernegatzen ibili bazen ere”. Rufina eta gero, Felipe, Gerardo eta Matilde jaio ziren. Ondoren, Isabel, Karmen, eta, azkena, ni. Baten batek esan zion gure amari Maria Concepción izena jartzeko niri, baina amak ezetz: “Nahikoa da izen bakarra. Biharko egunean, hor ibili beharko dugu paperak zuzentzen, eta beti dago saltsa izen askorekin: Concepción izango da, eta kito!”.

Zein eta zein zenituen gurasoak? Durango bertokoak ziren?

Ama nuen Martina Lezamiz Anasagasti. Neba bat zuen Mundakan berton ezkondua, eta bi mutil eta neska bat zituzten; neska, ni baino apur bat gazteagoa zela esango nuke. Mutiletan, bata zen isila, itxi xamarra; aldiz, bestea zen oso sinpatikoa. Grabatuta geratu zitzaidan: mutiko sinpatikoa esan dudan horrek buruan lata bat ipini bi arratoirekin eta hoska hasi zen: “Etxekoandreeee, arrain freskoa, arrain freskoa!”. Haiek barre algarak egiten genituenak! Ama oso emakume gozoa zen, karitategile porrokatua izan zen. Aldiro joaten ginela Mundakara, amaren herrira, horixe gogoratzen naiz, gainerakoa ezabatu egin zait memoriatik. Aita berriz, Felipe Mañarikua Ereñaga nuen. Iurretan jaioa zen, baina ni Durangon etorri nintzen mundura, haraxe joan zirelako bizitzen nire gurasoak. Gero, aita hona etorri zen lanera, hemengo klimara egin zen, eta familia dena etorri ginen. Aitak esaten zuen berton utzi nahi zituela hezurrak, Kuban.

Zuek Durangon zinetela, Kubara egin zuen aitak, lanera.

Aita hona etorri zen lanean, bai, familia han utzita. Akordatzen naiz, gu Kubara etorri ginenean, barkuan, italiarrak zetozela. Ni txiki-txikia, 4 urte, eta haietako batek lepoan hartu ohi ninduen, eta barkuko kareletik kanpora ere ipintzen ninduen. Horrek betiko inpresionatu ninduen! Morroi hark nahikoa zuen oker txikiena, ni uretara erortzeko. Horixe daukat akorduan. Itsasoa, inoiz ikusi dudan gauzarik ederrena zait, baina harixe diot beldurrik handiena. Kontu horrek betiko inpresionatu ninduen. 1925ean heldu ginen Kubara, maiatzaren 25ean. Hemen bete nituen 4 urteak. Habanara etorri ginenean nik ez nuen aita ezagutzen. Barkuak atrakatu zuenean, amak aita ikusi eta oihu egin zuen: “Felipe! Felipe!”. Eta ez zait bizian ahaztuko, inpresionatu egin ninduelako, aita gu guztion izenak esaten, baina ez nirea, ez zelako akordatzen, ez ninduelako ordu arte inoiz ikusi. Akordatzen naiz amari hanketatik oratzen niola, estu-estu, eta, geroago, aitarekin bat egin genuenean, besoetan hartu ninduela.

Gauza bat esango dizut: hona etorri baino lehen egin nuen nik lehenengo jaunartzea, San Pedro de Tabirako elizan. Amak apaizarekin hitz egin zuen, nola ginen Kubara etortzekoak. Nik ez nekien irakurtzen, baina amak katixima esaten zidan eta nik erantzunak ikasi. Oraindik gordeta daukat Durangotik amak ekarri zuen irudia: Mirarietako Ama Birjina. Estutasunen bat izan dudanean, beti eskatu izan diot amabirjinari. Fede itzela diot. Horretan erakutsi ziguten txikitatik. Ama igandero joaten zen mezatara Durangon, eta Simon Reyesen ginenean ez zen erraz, soroan bizi ginelako, baina Ciego de Avilan bai, hura herria zelako. Nik esatera, errazago da orain fededuna izatea, lehen baino. Nirekin ez dira inoiz sartu. Beharbada hasieran gorabeherak izan genituen, baina konpondu ziren, eta nik berdin-berdin segitu nuen. Adibidez, gure alaba Diony Mariak teresianoen kolegioan ikasi zuen, eta Carlos Manuel semeak, maristetan.

Orain Habanan bizi zara, baina orduko denboran ez zineten hemen jarri bizitzen.

Ciego de Avilan bizi izan ginen lehenengo, eta han izan ginenean aitak Matanzasen egin zuen lan, zurgin. Gero, Simon Reyesera mudatu ginen, eta berak ireki zuen zurgindegia. Lauzpabost langile ere izan zituen sasoi batean, baina egoera txarra baino txarragoa zen, nonbait, eta zarratu egin zuen. Orduan, Central Stewart azukre-fabrikara jo zuen lan eske. Iraultzarekin, Central Venezuela izena eman zioten fabrika hari. Lana eskatu zuen, eta eman zioten. Eta hil zenean, zentral hartatik jubilatuta hil zen. Hil artean egunero joan zen sorora ganadu haztera, iraultza etorri zen arte. Simon Reyesen bizi izan ginen eta, geroago, hantxe ezkondu nintzen ni, eta hantxe jaio ziren nire seme-alabak. Gure aita euskalduna zen, eta euskalduna zenez, hitzekoa zen, zintzo eta esanekoa. Garai hartan, %50aren Legea indarrean zegoen Kuban, eta haren arabera natiboek zuten lanerako lehentasuna; haien atzetik ziren atzerritarrak. Ordurako koxkortua nengoen ni, hazi xamarra. 12 urte ere izango nituen lege hori eman zutenean. Zarata handia atera zuen, bizi guztia hemen zeraman jendeak lana galdu zuelako. Atzerritar askok alde egin zuen, espainolak eta espainolak ez zirenak. Aita gizon zaildua zen, eta ama, aldiz, saindu hutsa. Ama hil zitzaidanean, osasuna ere galdu nuen nik. Hura pena! Egunero dut ama gogoan… Ondo erakutsi ziguten, ondo hazi gintuzten, heziera oneko izan ginen, guztiz ordenatuta bizi ginen. Jatorduetan, adibidez, mahaian ginen denok. Inork mahaira huts egiten bazuen, arrazoi handiren bat beharko zuen! Bestela, hantxe denok, mahaiaren bueltan, harmonian. Eta neu ezkondu nintzenean, eta familia ekarri nuenean, berdin egin nuen, gurasoek erakutsitako bidetik egin nuen aurrera, harmonian.

Zer diozu zeure bizimoduaz uharte honetan?

Hemengo bizimodu normala egin dut Kuban naizenetik, baina bi herri ditut: Espainia ez dut ahaztekoa –bihotzean daramat–, eta Kuba, hemen hazi naiz eta. Hemen, baina ez Habanan, barrurago baizik: Ciego de Avilan. Herri txiki polita da Ciego de Avila, nahiko aurreratua. Ez dakit han euskaldunik izango zen orduan, oso txikia nintzen, eta ez dakit. Izatekotan, ez ziren asko izango, hori seguru, eskolan ez dut batere zenik gogoratzen. Lehen [iraultza baino lehen] eskola publikorik ez zegoela esaten dute batzuek, baina, horretaz hasten direnean, mihian herdoilik gabe esaten diet: “Esaiezu nirekin hitz egiteko!”. Ni bi eskola publikotara joan nintzen, eta bi maistra zoragarri izan nituen. Batak Margarita Carballero zuen izena. Neska txikia nintzela Ciego de Avilatik Simon Reyesera bizitzera joan ginenean, urtebetetze egunean maistra haren zorion txartela jaso nuen. Beste maistrak Herminia Miñoso zuen izena, eta harekin hasi nintzen 6 urte nituenean, bigarren maila aurreratuan; buruargia nintzelako, nonbait. Bigarrenetik seigarrenera bitarteko ikasleak zituen gela berean Herminia hark. Hortik atera kontuak maistra saiatua zen edo ez! Herminia Miñoso harro zegoen, hiru belaunaldi igaro zirelako bere gelatik, eta behin esan zuenez, hiru belaunaldietan ere neu izan nintzen ikaslerik onena. Eta horrek poz handia eman izan dit beti. Erraz ikasten nuen, oso diziplinatua izan nintzen, eta oso saiatua. Bihotzez maite izan nituen maistrak, eta halaxe maite izan ninduten haiek ere ni. Ezkondu nintzenean ere, Herminia bisitatzera joaten nintzen. Matanzastarra zen, baina Ciego de Avilan bizi zen. Eskolatik irteten nintzenean ere, gauez, eskolak ematen nituen maisu batekin. Hark bere liburuak uzten zizkidan… Hemen egoera latzak asko izan dira, ez pentsa hau aulkian eseri eta gitarra jotzea izan denik. Irakasle hark Camagüeyra eraman nahi ninduen azterketa bat egitera, maistra izan nendin, baina egoera ez zen ona, txarra zen, eta, aldiz, aitari dirua eskatu behar nion Camagüeyra joateko, gastu guztiak pagatzeko. Eta ez nion eskatu. Ez nintzen maistra graduatu. Hala ere, ahizpa takigrafo eta mekanografoa zen, eta biak ikasi nituen, hala takigrafia nola mekanografia, eta azterketa bat egitekoa izan nintzen. Baina, horretarako ere, 30 peso eskatzen zituzten! Eta garai hartan 30 peso 30 peso ziren, eta kito azterketa hura ere niretzat. Bitartean, josten, brodatzen, margotzen eta horiek denak egiten ikasi nuen.

Ez zinen maistra graduatu. Ezkondu eta etxean egin zenuen lan.

Asturiar oinordea hartu nuen senar, Agustín Durán Vázquez, Kuban jaioa. Baina ez dakit askorik senarraren familiaren inguruan, berak ere ez zekielako: umezurtz geratu zen 6 urte zituela. Itxura guztien arabera, nire senar defuntuaren aita gaixotu egin zen hemen. Biriketatik zebilen, eta Asturiasera joan zen, han sendatuko zelakoan. Ez alferrik, han hil zen! Orain dela hemezortzi urte hil zitzaidan senarra, eta orduan Habanara etorri nintzen bizitzen nire ahizpa Isabelekin batera, alabarenera. 93 urte beteak ditut, eta ez nago besterik esateko moduan: hauxe izan da nire bizialdia, argi-ilunez betea, beti den moduan. “Ez da erraza, konpai!”, esan ohi da hemen, eta nik denetarik izan dut, egia esan behar baldin bada.

Nortasun agiria
Concepción Mañarikua Lezamiz

Durango, 1921. Afrikako gerratik ihesi joan zitzaion aitaita Kubara. Gero, haren bidea egin zuen Kontxi Mañarikuaren aitak eta familia osoak. Kuban da 4 urte zituenetik, eta zenbait oroitzapen lauso Euskal Herrikoak, dela Durango dela Mundakakoak. Bertan egin du bizimodua, etxekoa, iraultzaren aurreko eta ondoko garaietan ere, familia hazteari emana beti. Bi seme-alaba ditu, Carlos Manuel, Marielen ingeniari, eta Diony, unibertsitateko irakasle. Gogo onez esan izan duenez, lau biloba eta hiru birbiloba ditu, “euskaldun baten eta asturiar baten ondorengoak”. Belaunaldi bateko euskaldunetakoa da Kontxi Mañarikua Habanan, gero baino gero urriagoak.

Off the record
Urregorria

Urteak ez dira alferrik joanak eta bakanak dira Habanan, eta Kuban, garai bateko emigrazioaren lekuko urregorrizkoak. Hor dira Daniel Eugenio eta Emilio Aranguren Echeverria anaiak, Errepublika garaian Legazpiko alkate izandako Daniel Arangurenen semeak. Hor da Maria Luisa Salsamendi Miranda, puntista ezagunaren alaba, Casa de las Americas-eko buruetakoa izana urte askoan. Bakan horietakoa da Concepción Mañarikua Lezamiz. Urregorrizko aleak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kuba  |  Euskal diaspora  |  Erbestea

Kuba kanaletik interesatuko zaizu...
Kubaren etsai berri eta inoizko gaiztoena: klimaren aldaketa

Beraiek erantzukizun txikia eduki arren Lurrak jasaten duen klimaren erotzearen sorreran, Kubako jendeak izango dira beroketa globalak ekarriko dituen hondamendiek gehien kaltetuetakoak. Urakanak, uholdeak, lehorteak, itsas mailaren igotzea, uharteak bere azaleraren parte bat galtzea... Agintariek Tarea Vida izeneko plan estrategikoa abiarazi dute, Sobiet Batasuna hondoratu osteko Periodo Especial-eko larrialdia baino kudeatzen zailagoa izan litekeenari aurre egiteko.


2018-04-18 | ARGIA
Raúl Castro ordezkatzeko prestatzen ari da Kuba

Iraultzaren arrakastatik ia sei hamarkada igaro direnean, Castrotarrek Kuba gobernatzeari utziko diote. Ostegun honetan iragarriko dute zein izango den herrialdeko presidente berri eta Raúl Castroren ordezko. Miguel Díaz Canel presidenteordeak ditu aukera gehien eta ez da espero norabide aldaketa handirik.


2018-03-11 | Xalba Ramirez
Audience
Kubatik ekarritakoaren isla

20 urte betetzera doa Audience talde gernikarra. Estilo ugaritatik bidaiatuak, oholtza gainean batetik bestera ibiltzen dira, instrumentuak aldatuz. Esperientzia lagun, beti beste salto bat egitera ausartzen da taldea. Oraingo honetan Kubatik ekarri dute euren zortzigarren lana den Isla, Kaki Arkarazoren gidaritzapean ekoiztua Habanan.


2018-03-05 | Lander Arbelaitz
Guantanamoko atxiloketa gunea ez dute itxiko, eraberritzeko proiektua lantzen ari dira

AEBek Kuban daukaten Guantanamoko espetxea berreraiki egingo dute. 2019. urteko Pentagonoaren aurrekontuetan 68,96 milioi dolar aurreikusi dituzte. Kopuru hau herrialde hartako Kongresuak baieztatu behar duen arren, agerian geratzen da tortura zentro polemikoa ixtetik urrun daudela.


2018-01-21 | Dabi Piedra
Alexis Díaz Pimienta repentista kubatarra:
"Hemendik 20 urtera repentismoak izugarrizko loraldia izango du, hasi gara zantzuak igartzen"

Kubako inprobisazioaren, repentismoaren, bultzatzaile handienetako bat da Alexis Díaz Pimienta (Habana, 1966). Inprobisatzaile ez ezik, eragile ere bada, neska-mutilentzako repentismo eskolak sortu baititu uharte guztian. Kuba eta Espainia artean bizi denez, Andaluzian eta Murtzian ere ibilia da hango tradizioak sustatzen. Gainera, unibertsitatera eraman du repentismoa: Poesia Inprobisatuaren Katedra Esperimentalaren zuzendaria eta Dezimaren eta Bertso Inprobisatuaren Zentro... [+]


Joseba Sarrionandiari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbatean Iurretan

Joseba Sarrionandia, hemen eta han idazleari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbat honetan Iurretan. Askondon izango da, 18:30ean.


'Irma' Kubatik urrutiraturik, Habanak gaur irekiko du bere aireportua

Sekula ikusi duen urakan suntsitzaileenaren kalteak kontatu eta oinarrizko zerbitzuak abiarazteko ahaleginean ari da Kuba osoa. Gaur, asteartea, hango 12:00etan (18:00 Euskal Herrian) zabalduko du berriro José Martí aireportua.


Denak Floridara begira geundela, 'Irma'-k Kuba erruki barik jipoitu du

Karibeak ehun urteko urakan handiena nozitzen zuela, hedabide nagusiek inperio iparramerikarren agenda jarraituz Floridako albiste eta irudiz ito gaitu  europarrok, ekaitzaren kalterik handienak Kuban gertatzen ari ziren bitartean.


Kuba eta Floridan larunbaterako espero dituzte 'Irma'ren astindu gogorrenak

Karibeak inoiz ezagutu duen urakanik bortitzena, Haiti eta Dominikar Errepublika kolpatu ondoren, ostiralean ari da pasatzen Bahama uhartee gainetik eta Kubako ipar-ekialdera hurbiltzen, azkenean AEBetako Floridan lehorreratzeko.


2017-06-25 | Jabi Zabala
Aleida Guevara, kubatar medikua
"Jainkorik baldin badago, arrazista itzela da"

Aleida Guevara March kubatarra (Habana, 1960) pediatrian doktorea, mediku internazionalista, Alderdi Komunistako kidea eta bi alabaren ama da. Habanako William Soler haur ospitalean egiten du lan eta Che Guevara ikerketa gunean laguntzailea da. Cheren alaba izateagatik ezaguna, Kubako iraultzaren eta aitaren figuraren defentsa egiten du maiz, nazioartean parte hartzen duen foroetan. Berriki Bilbon izan da, Euskadi-Cuba elkarteak antolatutako elkartasun topaketa batean. Aitaren figuraz,... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude