argia.eus
INPRIMATU
Bizi Baratzea
Ipularra Oñatin mugia da
ARGIA @argia 2015eko uztailaren 01

Oñatiko Ortuzabala Kontsumo Taldia-k antolatuta, hitzaldia eskaini zuen Jakoba Errekondok ekainaren 22an, herriko taldeak biltzen dituen Eltzia egitasmoaren egoitzan.

Ohiko moduan, areto bete jende jakintza truke bizian aritu zen. Errekondok gaia borborka dela azpimarratu zuen: “Baratzea beti izan da ertzekoa. Zergatik? Emakumeek landu dutelako”. Ipularrarekin alderatu zuen, sailaren ertzetan landu gabe geratzen den zatiarekin. “Nola esaten duzue Oñatin ipularra?”. Berehala heldu zen ahots anitzetara erantzuna: “Mugia!”. Errekondok jarraitu zuen: “Bada baratzea zentraltasuna irabazten ari da. Nork esango luke duela 10 urte Oñatin gaur 80 lagun bilduko zinetenik baratzeaz hitz egitera?”. Hitzak berreskuratzeko jolasa abiarazi zuen gehiagotan Errekondok: “Nola esaten diozue lastoarekin nahastuta ondutako simaurrari?”; “Kortalohia!” erantzuna. Errekondok errematea: “Konpost hitz ingelesa hartu dugu dozena hitz baditugunean bertan horixe esateko. Nik liburuan luarra erabili dut”.

Urteko egunik luzeenetakoa ahitzear zela, irailaren 20an Oñatin bertan ospatuko dugun Argia Egunera arte agurtu genuen elkar. Han izango dugu Ortuzabalako kideak eta paisaia ezagutzeko aukera.

Bidali liburuan ageri diren landare, lan, tresna eta abar izendatzeko zuenean erabiltzen dituzuen hitzak (mandio@zerain.eus). Guztion artean ahalik eta hiztegi aberatsena elikatuko dugu.