Gerora Fiachras taldea osatu duen jendilajea luzaroan giro makur eta txarrenetan ibilia da: gaztaroko bilisa botatzeko punk-rocka egiten hasi ziren hainbat taldetan; eta ia-ia ile kardatuarekin punteoak egiten hasi behar zirenean desagertu egin ziren. Bizitzaren hondamendia, azpiko muturra ikusi eta bizi ostean, nazkatuta, itsasontzi bat hartu eta samina aldean ahalik eta urrunen jo zuten bizi izandako lardaskeria guztia ahaztu nahian. Beste latitude batzuetako portuetan egin zituzten geldiuneak eta marinel tabernatan barruko samina edanarekin eta kantuarekin blaitu zuten. Hala hasi ziren barne-barnetik artifiziorik gabeko kantuak idazten: batzuk, amorrazioz beteak, rockeroak eta egiazkoak; eta beste batzuk, erabat malenkoniatsuak, sustraietakoak. Hori izan zen Fiachrasen estreinakoa.
Gerora, urruntasun, herrimin, itsasoko gaitz eta tabernetako gehiegikeriek bultzatuta, malenkoniatik, egiatik eta lur bati lotuta egotetik gehien duen sentitzeko eran, folkean, sartu ziren buru-belarri; emaitza, Hiltzera goaz lelo apokaliptikoa duen diskoa.
Orain, baina, urte batzuk pasata, nostalgiatik aldendu nahian eta orainaren lemari gogor helduta, ausardia osoz itsasoratu dira berriro, zehatz finkatutako norabidearekin: kantu zuzenak idaztea, edonon eta edonola kantatu eta plazaratzeko modukoak, hausnarketatik bai, baina batez ere bat-batekotasunetik dutenak. Amnesia eta argia izeneko hirugarren lana iraganean bizi izandakoa baztertzeko ahalegina da, eta edozeinengana heltzeko kantuak berez izan behar duten txispa hori lortzearena; trikimailurik gabe, poserik gabe, biluztasun eta bat-batekoan.
Bergaran, Lazkaon eta Legazpin hankak dituen taldearen disko eta norabide berri baten aurrean bagaude ere, Haritz Artola abeslariak are gehiago borobildu ditu arrasto handia uzten duten berak idatzitako “galtzaileon” hitzak. Bestalde, abesteko tonuan eta talde giroan abesten dutenean Fiachrasen marka dute kantuek; baita, jakina, barruraino sartzen diren lelo itsaskorretan ere. Baina oraingoan rockak zein gitarrek are presentzia handiagoa dute eta grabazioaz arduratu den Freddy Pelaezen hammonda ere erabakigarria da zenbait kantutan: Egiaren argia, El abrazo perfecto, Tu éxito y mi peste, Jainkoekin muga artekoa eta Infernuaren atariraino, hain zuzen ere. Horrez gain, La ceguera country borobila da; Plazerraren hatzaparretanek westernetik eta rock-and-roll garratzagotik ere badu; Odolaren mintzoa pausatuago eta sarkorragoa da; eta Zuberotar baten aurrean adar-jotzailean berezko rock-and-rolla, jostaria, landu dute.