argia.eus
INPRIMATU
2023 arte amiantoak hildakoen kopuruak gora egingo du EAEn
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 0000ko ren 00a

Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeak dokumentu garrantzitsu bat onartu du ekainean: amiantoaren kalteei aurre egiteko konpentsazio funtsa eskatzen duen ponentzia. Biktimei eman beharreko laguntzak aztertzeaz gain, datozen urteetan mesotelioma eta asbestosiagatik hilko diren pertsonen aurreikuspenak ere egiten dira bertan.

Espainiako Estatuan amiantoa 70eko eta 80ko hamarkadetan erabili zen gehien. Txostenak dioenez, Frantzian baino %30 gutxiago kontsumitu zen eta horren arabera kalkulatzen dira EAEko etorkizuneko minbizi kasuak: 2014-2018 artean 346 pleurako minbizi eta 233 mesotelioma egon litezke urteko; 2019-2023 artean, berriz, 517 eta 350 kasu hurrenez hurren. Hortik aurrera beherakada nabarmena aurreikusten du ponentziak.

Kopuru horiek askoz altuagoak izan litezke, dena den. Paco Pucche ingurumenean adituak algoritmo bat sortu du kalkulua egiteko. Bere esanetan, 2010eko hamarkadan Espainian 7.000 lagunetik gora hilko dira soilik mesoteliomaz –horri gehitu behar zaizkie asbestosiak eta pleurako minbiziak hildakoak–. Datu bat: EAEn amiantoak sortutako minbizi kasuen tasak estatukoarena hirukoizten du. Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak dio Euskal Herrian 25.000 langilek arnastu dutela iraganean amiantoa eta zenbait estimazioren arabera hirutik bat behar baino lehenago hilko dela.

Konpentsazio funtsa: etengabe auzibidera joan behar ez izatea helburu

Gaur egun dagoen arazo handiena da amiantoa arnastu eta 30 edo 40 urtera sortzen dela gaixotasuna, langilea jadanik jubilaturik dagoenean. Ondorioz, langile ohiek auzibidera jo behar izaten dute indemnizazioa lortzeko. Enpresa asko jada ez dira existitzen eta beste askok ez dute izena emana RERA fitxategian –amiantoa kentzen ari diren enpresen erregistroa–. Gainera, langileak izan ez arren ez dira gutxi amiantoarekin gaixotutako pertsonak: %11 senideak dira –horietako asko langileen arropak garbitzen zituzten emazteak– eta %18 ingurumeneko kutsadurak eragindakoak.

Legebiltzarreko batzordearen ustez arrazoi nahikoa badago konpentsazio funts bat sortzeko. Ponentzian, Europako beste herrialdeetan existitzen diren konpentsazio funtsak aztertu dituzte, horien artean “osoena” Frantziako Estatuko FIVA omen da. Langileak ez du frogatu behar enpresak ez zituela beharrezko segurtasun neurriak hartu amiantoarekin aritzeko. Horrez gain, lan esparrutik kanpoko kasuak estaltzen dituen funts bakarra da Frantziakoa. 

Txostenean agertzen denez, euskal erkidegoan Frantziako moduko sistema bat abian jartzeko urtero 32 milioi euro beharko lirateke, eta Osalanek hori ez du egingarri ikusten. Hala, Legebiltzarrak Espainiako Estatuari eskatu dio konpentsazio funtsa sortzea, bere ustez bera izan baitzen amiantoarekin lan egitea baimendu zuena. Gizarte Segurantzatik ez ezik, mutuen funtsen soberakinetatik ere elikatu dezake diru-poltsa. Asviamiek uste du euskal erakundeek gutxienez diru zati bat jarri beharko luketela, Legebiltzarraren proposamenak “garrantzia izan dezan”.

Bestalde, LABek eskatzen duen Amiantoaren Mapa egitea baztertu du Legebiltzarrak, ponentziaren helburua ez ei delako hori eta iritzi batzuen arabera “beharrezkoak ez diren arriskuak” sor daitezkeelako mapa osatzeko. Bestetik, Osakidetzari eragingo liokeen behaketa protokolo bat martxan jartzeko aukera ere aurreikusten du ponentziak, baita amiantoaren institutu nazional bat sortzea ere.