Automobil industriaren eta aseguru-etxeen iruzurra

  • “Automobil industriaren, aseguru-etxeen eta Gobernu funtzionarioen helburua da hiri barnean bizikletan dabiltzanek kaskoa derrigor janztea eta zirkulazio arauak zorroztea”, dio Eben Weiss blogari estatubatuarrak. “Ziklistek jasan ditzaketen balizko kalteen erantzukizuna saihestu nahi dute, baita azpiegiturak egokitu behar ez izatea ere”.

Bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindularien segurtasuna bermatu aldera, askok uste du azpiegiturak hobetu eta auto gidariak kontzientziatu beharko liratekeela, arauak zorroztu beharrean. Irudian, eredu bilakatu den Kopenhage.
Bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindularien segurtasuna bermatu aldera, askok uste du azpiegiturak hobetu eta auto gidariak kontzientziatu beharko liratekeela, arauak zorroztu beharrean. Irudian, eredu bilakatu den Kopenhage.Wikipedia

“Ahulenak kriminalizatzea besterik ez dute nahi, oinezko eta txirrindularientzako azpiegitura hobeak eraiki behar ez izatea, guztiontzako eskubide eta betebehar berdinak tranparen argudioarekin”, salatu du Weissek, Washington Post egunkariko Bike Snob New York blogean. AEBetako legedia du jo-puntuan, baina testuan esandakoek berdin balio dute beste errealitate batzuk azaltzeko. Dioenez, txirrindulariei kaskoa, arropa islatzailea eta dir-dir egiten duten orotariko tramankuluak eramatera derrigortzea, autoen hegemoniari eusteko distrazio hutsa da. “Ez itzazue ziklistak ikusgarriago egin, autoek harrapa ez ditzatela lor ezazue”, eskatu die agintariei.

Apurka-apurka gauzak aldatzen ari direla onartu arren, oraindik biktima seinalatzen dela dio blogariak, izan oinezkoa zein txirrindularia. “Autoak hirien jabe egin zirenean zirkulazio arau zorrotzagoak eskatu zituzten batzuek. Automobil industriak propaganda-gerra abiatu zuen, segurtasun kanpainaren mozorroarekin. Arrakasta handienetakoa zuhurtziarik gabeko oinezko eta ziklistaren figurak lortu du, zeinak zirkulazio eskubidea lapurtu zigun”:

Mugikortasun auzietan ere, berdintasunaren ideia amerikarra nagusitu dela irakurri dugu: “Errealitatean, desberdintasunak justifikatzen dituen kontzeptu maltzurra da, boteretsuak eta ahulenak maila berean jartzen dituelako”. Dioenez, ez da gauza bera 800 kiloko autoan bidaiatzea edo, zure 80 kiloekin, etengabe azeleratzen ari diren autoen artean bizikletaz ibiltzea. “Ez naiz ari esaten ez litzakeela kotxerik egon behar, nik badut bat”, argitu du Weissek. “Kontua da autoak Wall Streeteko jende zuria bezalakoak direla, ez dute behar inork babes are handiagoa eskaintzea”.

Kaskoa janztera behartzeak ziklistak uxatzen ditu

Blogariaren hitzetan, herritarrek eguneroko bizitzan (lanera joateko, erosketak egiteko...) bizikletarik ez erabiltzea lortzen dute kaskoaren inguruko araudiek, deserosoa gerta daitekeelako batetik, eta hura ez janztea dirudiena baino arriskutsuagoa dela sinetsarazten digutelako bestetik.

Ziklista profesionalen lasterketak espainiar telebistaz jarraitu ohi ditugunok, maiz entzun dizkiogu gisa horretako adierazpenak Pedro Delgado txirrindulari ohiari. Bere ustez, norberak erabaki beharko luke hirietan kaskoa jantzi ala ez, kontuan hartuta “auto batek harrapatuz gero ezer gutxirako balio duela”. DGT trafiko zuzendaritzaren datuetan oinarrituta Sevillako Unibertsitateko SIBUS agentziaren arabera, buruko lesio larria jasan duen ziklista kopuruari dagokionez –gero eta gutxiago dira, hiriak seguruagoak direlako–, apenas dagoen alderik kaskoa daramaten eta ez daramatenen artean. Hura jantzi behar izateak bizikletaz egiten diren joan-etorriak murrizten dituela dio Delgadok, Australia eta Zeelanda Berriko datuek erakusten duten moduan: kaskoaren erabilera arautzen duen legea indarrean jarri zenetik, bizikletaz dabilen herritar kopurua %20-40 artean murriztu da.

Zentzu horretan, bizikletaren aldeko ConBici koordinakundeak ohartarazi duenez, helduek kaskoa jantzi behar izatea Europako herrialde bakar batean ere ez da derrigorrezkoa. Danimarkan eta Herbereetan, bi herrialde aipatzearren, jende piloak erabiltzen du bizikleta, araudiak haiek babesteaz gain, auto gidariak kontzienteago direlako.

Delgadoren hitzetan, hiri barnean kaskoaren erabilera derrigortzeak erakusten du aseguru-etxeen joko-arauen menpe gaudela: “Autoak harrapatutako kaskodun ziklista batek prezio bat du, eta kaskorik ez daramanak beste bat. Bigarren kasuan, autoaren segurua kalte-ordaina ematetik salbu gera daiteke; tamalgarria da”.

Hego Euskal Herrian, 16 urtetik azpikoentzat derrigorrezkoa

Hego Euskal Herriaren kasuan bi multzo bereizi behar dira: 16 urtez azpikoak eta hortik gorakoak. Hiri barneko zirkulazioaz ari gara betiere; herriz kanpoko errepide guztietan da premiazkoa kaskoa eramatea.

Espainiako Estatuko Zirkulazio Legeak 16 urtez azpikoek kaskoa derrigorrez jantzi behar dutela arautu zuen iazko martxoan. PPk herri barruko joan-etorrietan ere kaskoa erabiltzera derrigortu nahi zituen pertsona guztiak, adina dena delakoa izanda ere, baina oposizioko taldeek neurria arbuiatu eta popularrek atzera egitea erabaki zuten azkenean. Araua bete ezean, 200 euroko isunari aurre egin beharko diote gazteek”. Iparraldean, aitzitik, inon ere ez da behartzen kaskoa janztera.

Ez da zalantzarik auziaz hausnartu eta luze  eztabaidatu beharko litzatekeela, hirigintza politika eraginkorra sustatu nahi badugu bederen.

Nork subentzionatzen ditu hirigintza arduradunak?

Galdera hori luzatu dio hainbat eragileri Fredrik Gertten suediarrak, Bikes vs cars (Bizikletak vs autoak) dokumental estreinatu berrian. Brasilgo ekintzaileek  boteprontoan erantzun dute: petrolio konpainiek eta automobil industriak. Eta Europan ere, antzera. Esaterako, Alemanian, Angela Merkel kantzilerrak autoen emisioen aurkako legeak gogortzeari betoa jarri zion unean, BMW konpainiak CDU alderdiaren kanpaina 690.000 eurorekin lagundu zuela jakinarazi zuten hedabideek.

Gaur egungo egoera zertan den azaltze aldera, denboran atzera egin du dokumentalak, hiri batzuen transformazioa nabarmentzekoa baita oso. Los Angeles (AEB) dugu erakusgarri. XX. mendean munduko garraio publiko sare onenetakoa zuen; gaur egun, ordea, bere lurzoruaren %75 errepideek hartzen dute. Zergatik gertatu da hori? General Motors konpainiak kontrolatzen duen enpresa batek hiri-autobusa erosi zuen, eta zerbitzua murriztu egin du apurka-apurka, errepide gero eta gehiago eraikitzen zuen bitartean. Halaber, tranbia zerbitzua ere desmantelatu dute. Azken urteotan Los Angeleseko biztanle kopurua %20 hazi da, eta autoena %230. Toronton (Kanada), automobil industriak hauspoturik, alkateak murriztu egin ditu kotxeentzako matrikulazio zergak... baita bidegorri kopurua ere. Ondorioa: autoen eta bizikleten arteko istripuek gora egin dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Garraioa
'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Gaueko trenen bigarren aukera? Hegazkinaren alternatiba astiro doa

Gaueko tren bidaia arruntak desagertu egin ziren duela urte batzuk ia Europa osoan, airezko garraioaren mesedetan. Baina larrialdi klimatikoak hegazkin kutsagarriak alboratzera eraman du jende asko orain, eta ordu txikitako tren sarea berriz ere martxan jarri nahian ari dira... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


EAJk atzera egin eta Barik txartelaren deskontua mantenduko dute

Hasiera batean alderdiak garestitu egin nahi zituen Barik txartel anonimo eta aldi baterako abonuak, baina azkenean atzera egin du. Beherapena berriz otsailaren bigarren erdialdean indarrean sartuko dela aurreikusten du.


Eguneraketa berriak daude