"Zientziaren garapena geldiezina da"

  • Elkarrizketa = (Esan+ Entzun)²

Dani Blanco

Zientzialariaren formula?

Zientzialariak lan nekaezina egiten du, korapiloak askatu eta askatu, tunelaren bukaeran argia ikusi arte. Ikertzen ari dena ulertzea du helburu, asmatu, jakintza berria sortu, eta behin tunelaren amaierara iristean, kateatzen zaizkion korapilo berriak desegin arte ez du etsiko. Ez da ikaratuko ustekabeen aurrean. Alderantziz, espero ez zuena aurkitzen badu, askoz hobeto! Horretarako jakin-mina da bere motorra. Jakin-mina eta derrigorrezko puntu obsesibo bat. Niels Borh-i, mekanika kuantikoaren aitari, bere ekarpen itzelaz galdetu ziotenean, “egun osoan, hori baizik ez daukat buruan. Nola ez dut asmatuko?” eman zuen arrapostu. Izan ere, gure lanak ikerketaren eboluzioan eragina izatea nahi dugu, beste erronka batzuei aurre egin ahal izateko erabilgarria izatea. Errekonozimendu hori nahi dugulako gara lehiakorrak. Helmugara aurrenak iristea gustatzen zaigu, gure artikuluak aldizkari ospetsuenetan argitaratuta ikustea. Horixe da besteengan eragiteko baldintza.

Helmugara bidean, kontziente zarete esku artean duzuenak gure bizimoduan ukan dezakeen eraginaz?

Jakin-minak gidatzen gaitu, ez hainbeste esku artean dugunaren aplikazioak jendartean suposatu dezakeenak. Batzuetan susmatzen dugu, besteetan ez. XX. mende hasieran mekanika kuantikoa garatu zutenek ez zekiten egungo elektronikaren oinarria jartzen ari zirenik, eta begira orain zenbat trepeta daukagun inguruan. Mekanika kuantikorik gabe ez legoke telefono mugikorrik, baina mekanika kuantikoa asmatu zutenek ez zuten sakelakoa buruan. Epe luzera begira lan egiteak erantzunekin baino, galderekin aritzea esan nahi du. Horregatik behar ditugu galdera berriak erantzunak aurkitu orduko. Horregatik dira aplikazioak oinarrizko ikerketak jendartera eramateko bidea. Iraganeko ikerketaren aplikazioak ere bilatzen ditugu. Aplikazioak eta dibulgazioa. Hala, zure galderari buelta emanez, kontziente da jendartea esku artean daukagunak bizimodua aldatu dezakeela?

Egia da jendarteak paso egiten duela zientziaz. Egia eta normala. Hala ere, jendarteak positiboki hartzen du zientzia, badaki garrantzitsua dela, zientziak teknologia dakarrela. Esaterako, denek dute argi gaixotasunen aurka ikertu behar dela. Gurea bezalako alorretan nekezagoa da premiak ikusaraztea, hizkuntza bera konplikatua da, eta ulertzen ez denari ez zaio kasurik egiten. Hori hala, ezinbestekoa da dibulgazioa. Zientziak eragin itzela du gure egunerokoan, teknologiaz inguratuta bizi gara, eta jendarte bezala hartu beharreko erabaki askoren atzean zientzia eta teknologia daude. Nola hartuko ditugu erabaki zuzenak kultura zientifikorik gabe? Behin eta berriz errepikatzen zaigu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleengan bokazioak piztu behar ditugula, ikasleak geureganatu, baina hori baino garrantzitsuagoa da denei gutxiengo kultura zientifikoa txertatzea. Hortxe egiten dugu huts. Ez daukagu kultura zientifikorik.

Horregatik zaudete hedabideetan agertzeko aurkikuntza miragarrietara kondenatuta?

Hedabideetan zer agertzen da? Kirola, politika... Jendeari zer gustatzen zaio? Ulertzen duena. Kirola ulertzeko ez da askorik behar, denoi iruditzen zaigu politika ulertzen dugula, baina zer gertatzen da matematikarekin? Ulertzen dutenei gustatzen zaie eta ulertzen ez dutenek gorroto dute. Horregatik da zaila guretzat hedabideetan sudurra sartzea. Hedabideek inpaktua nahi dute, eta ulertzen ez denak nekez inpaktatzen du. Jendeak kasu egitea nahi badugu ulergarriak izatea dagokigu, eta horretarako zientzialariaren eta kazetariaren arteko elkarlana behar da. Ikerlariaren lana hitz xumez itzultzeko ardura zehazten ez dugun arte, haize-kontra ariko gara.

Zientziak teknologia dakar eta soluzioek arazo berriak. Olatuan dena da haize-alde?

Alderdi praktikotik erreparatuta, orain ehun urteko bizimodua ez zen humanoa. Zoriontasuna, ongizatea, edo bizi ahal izateko aukera bera bakar batzuen esku zeuden. Gehien-gehienentzat oso gogorra zen bizimodua: erreketan baino ez zegoen urik, gaixotasunak izurrite bihurtzen ziren, bizi-esperantza laburragoa zen... Zientzia eta teknologiari esker leundu dira arantzak, borobildu ertzak, eta orain ehun urte baino bizimodu samurragoa dugu. Horrek ez du esan nahi, ordea, arazo guztietatik salbu gaudenik. Ekarpen eta tresna berriek onura nabarmenak dakartzate, baina oker erabiltzeko arrisku galanta ere bai. Esaterako, garaiotan, teknologiaren erruz naturarekiko oreka kolokan egon daiteke. Horregatik azpimarratzen dut kultura zientifikoaren beharra. Horrek babestuko gaitu arriskuetatik. Zientzia eta teknologia ezagutzeak zientziaren abantailak hobeto probesten lagunduko digu, arriskuetan ito gabe.

Erakunde eta agintariak jabetzen dira horretaz?

Munduko herrialde aurreratuenek beti izan dituzte zientzialari bikainak. Erresuma Batuan, Alemanian, AEBetan, puntako ikerlariak estimatuak dira oso. Ez da kasualitatea, zientziaren aldeko apustua egin duten herrialdeak dira aurreratuenak, eta aurreratuenak izanagatik, zientziaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute. Zientzia guztiona da, baina bakoitzak erabakitzen du trenaren lehenengo, erdiko edo azken bagoian joan. Orain berrogei urte, hemen ez zegoen zientzietako unibertsitaterik. Ingeniaritza eskola zegoen, ikasketa ekonomikoak, baina zientzietan basamortuan genbiltzan. Eskerrak, azken hogei urteetan Eusko Jaurlaritzak zientziaren alde egin duen. Egun, zientzialari onak dauzkagu, garrantzia eta gorputza hartzen ari diren ikerketa zentroak. Tradizioa da falta zaiguna. Esaterako, Erresuma Batuko unibertsitate eta ikerketa zentro askok jende xeheak emandako mezenasgoarekin osatzen dute aurrekontuaren zati bat. Gurean, pentsaezina da hori. Alabaina, erakundeek zientziaren alde egiten segiz gero, tradizioa errotzen joango da, eta baliteke jendeak mentalitatea aldatu eta zientziaren ezinbestekotasuna barneratzea. Urteak beharko dira, baina seinale ona litzateke horretara heltzea.   

Finantziazio pribatua heltzeko ere urteak beharko dira?

Ez gaude beste herrialde batzuen parean. Nik erraz esan dezaket enpresek dirua jarri behar dutela, baina enpresariek bestela ikusten dute auzia. Zintzoki mintzatuz, AEBetako enpresek ikerketarako euren dirua jartzen dute, hemengoek Jaurlaritzatik lortzen dutena batez ere. Oso zaila da hemengo enpresa batek bere txanponak ikerketan inbertitzea. AEBetan, sinetsita daude inbertsio hori berreskuratuko dutela, euren enpresarako ona izango dela. Horretan ere mentalitate aldaketa behar dugu. Izan ere, gurea bezalako ikerketa zentroak ez dira soilik enpresen beharrei epe motzera erantzuten dieten eragileak, epe ertain-luzera garapen ekonomikoaren agente garrantzitsuak izan daitezke. Horixe da AEBetan gertatzen ari dena. Horretarako, ordea, enpresek gure aldeko apustua egin behar dute. Eta guk enpresen aldeko apustua egin behar dugu.

Ikerketa zentroez ari gareno, zein bisio duzu nanoGUNE-z?

Punta-puntako ikerketa zentroa izan nahi dugu, nanozientzian mundu osoan ezagunak eta erreferenteak izan. Egiten dugunagatik kokatu gaitzatela mapan, gure ikerketen emaitzek beste batzuen lanean eragin dezatela. Oro har, oinarrizko ikerketa zentro batentzat helburu horiek aski eta sobera izan arren, nanoGUNEk eragina izan behar du garapen ekonomikoan, hemengo enpresengandik errekonozimendua eta onarpena jaso. Bertako enpresek euskal jendartearentzat errentagarria den zentrotzat ikus gaitzatela, gure ahalmenei esker ekonomia mugitzeko gai garela ohartu daitezela. Horretarako, garbi izan behar dugu ezin garela alor guztietan lehiakorrak izan eta gure lan eta aukerak egoki zedarritzeak seinalatuko dizkigula nor izateko zirrikituak. Nanozientzia diziplinen arteko elkarlana eskatzen duen eremu zabal eta sakabanatua izanik, txikiaren erronka handia da hori.  

Grafenoa da zuen zirrikituetako bat.

Karbono atomoz osaturiko geruza bakarra da grafenoa. Atomo bakarreko lodiera du, irudikatu dezakegun objekturik meheena da, paper-orria baino milioi bat aldiz meheagoa. Grafeno xaflak elkarren gainean metatuz, arkatzetan ezagutzen dugun grafitoa lortzen da. Oraintsu arte, ordea, ez genuen uste xafla bakar bat modu egonkorrean isolatu zitekeenik, 2004an, Manchesterreko unibertsitateko zientzialariek posible zela frogatu zuten arte. Orduan, denok hasi ginen grafenoa ikertzen, material bakarrean propietate izugarriak biltzen dituelako. Malgutasun itzela du, ez dago bera baino material sendoagorik, eroale termiko onena da, grafenoaren elektroi-higikortasuna egun erabiltzen dugun silizioarena baino ehun aldiz handiagoa da, garden-gardena.... Marka guztiak hausten ditu. 2009an asmatu zen grafenoa ekoizteko metodo industrializagarria, eta handik gutxira hartu genuen Graphenea sortzeko erabakia, grafenoa ekoitzi eta saltzen duen enpresa. Ez genuen horrelakorik aurrez pentsatu, baina inbertsore bat asmo horrekin hurbildu zitzaigunean, ezagutza, alor horretako ikertzaile onentsuenak eta puntako azpiegitura genituela jabetu eta parada ikusi genuen. Graphenea Europako grafeno ekoizle onena da egun eta mundu mailan punta-puntan dago. Zergatik eman ahal izan genuen pausoa? Grafenoaren ikerketan ongi kokatuta geundelako, lehiakorrak ginelako, eta batez ere, zirrikitua ikusi genuelako.   

Zertarako balio du grafenoak?

Oso material baliagarria da, sendoa eta pisu gutxikoa. Pentsa, lauzpabost grafeno gramorekin futbol zelai oso bat estaliko genuke. Elektronikan, oso epe luzera, gerta liteke txip guztiak grafenozkoak izatea. Epe laburrean, ukipen pantailetan topatuko dugu. Material eroale eta garden oso gutxi daude, eta egun erabiltzen duguna urria da. Hori berandu baino lehen ikusiko dugu. Oraingoz, ordea, grafenoa teniseko erraketetan eta tinta eroale batzuetan baizik ez dago merkatuan. Gurea bezalako zentroek zein industriak ikerketarako erabiltzen dute. Nokia, IBM, Philips eta abar grafenoari bueltaka dabiltza eta Graphenearen bezeroak dira. Horrexegatik diot, goiz ala berant, grafenoa merkatuan edonon ikusiko dugula. Noiz ezin jakin, ordea.   

Aurrerapenak aurrerapen, zientziari mugak jarri behar zaizkio? Zientziak etika behar du?

Zientziaren garapena geldiezina da. Mugak jarri arren, zientzialariak aurrera egingo du parean agertzen zaizkion korapilo guztiak askatu nahian. Hala, alferrikakoa litzateke zientziari mugak jartzea. Besterik da zientziak dakarrenari mugak jartzea. Hortxe sartzen dira etika eta eztabaida. Energia nuklearra izan daiteke adibide. Oinarrizko ikerketan ez dago ideologiarik, ideologiak ez du jakintzan aurrera egin nahia baldintzatzen, baina jakintzaren erabilera derrigorrez kudeatu eta arautu behar da. Horrexegatik diot, jendartearentzat lan egiten duen neurrian, zientzia geldiezina dela, eta mugak eta etika ondoren datozela.  

Zer da, bihar, etzi, ondoren... datorrena?

Iraganean etorkizunari begira jarri eta ahoa ireki duten ia guztiek sartu dute hanka. Pentsa, Michelson fisikari ospetsuak dena eginda zegoela esan zuen gaur egun ezinbestekoak zaizkigun erlatibitatearen teoria eta mekanika kuantikoa asmatu gabe zeudenean. Hori hala, zeintzuk diren etorkizuneko erronkak? Mende erdi barru zerk aldatuko duen gure bizimodua? Nire ustez, medikuntzak. Medikuntzaz oso gutxi dakigu oraindik. Nanoteknologiak arlo guztietan izango du eragina, irudikatzen ez ditugun gailuak asmatuko dira, eta dena konektatuta egongo den sare handi baten parte izango gara. Ordenagailuak papera bezalakoak izango dira –erabili, bota eta birziklagarriak–, dena izango da eramangarria, gailuak arropetan integratuko dizkigute, edo nork daki, gure barruan agian. Horrek medikuntza pertsonalizatua ahalbidetuko du, uneoro bakoitzak zehazki zer behar duen jakin ahal izatea. Albo-efekturik gabeko medikuntzara hurbilduko gara, botiken garraio kontrolatura, eta garapen jasangarria izango dugu ardatz. Gutxiagorekin gehiago egiteko gai bagara, albo-kalterik eta hondakinik gabe, asko irabaziko dugu.

Nortasun Agiria: Jose Maria Pitarke

1960ko otsailaren 14an Bilbon sortua. EHUn Fisikan doktoratua, EHUko fisikako materia kondentsatuaren katedraduna eta nanoGUNE-ko zuzendari nagusia da. Post-doktoretza Oak Ridgeko laborategi nazionalean egin zuenetik, egonaldi mordoxka egin ditu Amerikako Estatu Batuetako unibertsitate zein Londresko unibertsitateko Imperial Collegean, eta aldizkari askotan argitaratu dira bere artikuluak. 2005etik Cambridgeko unibertsitateko Churchill kolegioko “Al-Member” da, eta 2009an Manuel Laborde Werlinden sariko epaimahaiak aipamen berezia egin zion grafenoarekin izandako iniziatiba enpresariala dela-eta.

Off the record. Handitan

Zuzendariaren bulego ongi isolatuan euliak eta hitzak soilik entzuten dira. NanoGUNE-ko kafetegian, hizkuntza ezberdin asko. Hiru laurdenak eskapatzen zaizkidan arren, gero eta atseginagoak zaizkit frantsesa eta gaztelera beharrezkoak ez diren eremuak. Horregatik bakarrik, zientzialaria izan nahi nuke handitan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nanoteknologia
Txipen hornidura krisia
Gailur bat gutxiago, kolapsora bidean

Hornigaien mundu mailako krisiak txip erdieroaleen eskasiarekin jo du goia. Pandemiaren behin behineko ondorio bat dela diotenen aurrean, badira uste dutenak energiaren krisi globalak azaleratutako arazoa dela honakoa. Txipak dira egungo petrolioa, eta bere gailurra gainditu... [+]


IV. mendeko nanoteknologia

Alexandria edo Erroma, 290-325 urte inguruan. Likurgoren kopa izeneko beirazko eta metalezko pieza berezia egin zuten, ziur aski Erromatar Inperioaren toki batean baino gehiagotan. Adituen ustez, kopa egiteko prozesuan hiru lantegik hartu zuten parte, eta beirazko blokea aurrez... [+]


Eguneraketa berriak daude