Euskal Herriko Koop57 sortu dute

  • Erakunde berriak finantza tresna giltzarria izan nahi du kooperatiba sareetan, maileguak emateko eta jasotzeko garaian bestelako filosofia batean oinarrituta.

Koop57k oraingoz 15 zerbitzu bazkide ditu eta 
50 bazkide laguntzaile. Hainbat proiekturi 700.000 euro mailegatu dizkie eta bazkide laguntzaileek 200.000 euro aurreztu dituzte.
Koop57k oraingoz 15 zerbitzu bazkide ditu eta 50 bazkide laguntzaile. Hainbat proiekturi 700.000 euro mailegatu dizkie eta bazkide laguntzaileek 200.000 euro aurreztu dituzte.

Osotasunez ekin dio Euskal Herriko Koop57k bere ibilbideari, Kataluniako Coop57ko kontseilu errektoreak erakunde gisa onartu baitu, ekainaren 20an Ondarroan egindako ekitaldian. 

Bezperan Coop57k beste lurraldeetan dituen 40 bat ordezkariren arteko topaketa izan zen. Hain justu, egun horretan 20 urte bete zituen Kataluniako Coop57k, 1995ean Bruguera argitaletxetik kaleratutako langileen ekimenez sortua. Horrek guztiak esangura berezia eman zion Ondarroako topaketari.

Bi urte lanean

Euskal Herriko Koop57ko kideek bi urte daramatzate lanean finantza tresna alternatibo bat izateko egitasmoa aurrera ateratzen. Orain arte, mailegu eskaerak jaso, datuak bildu eta horiek kudeatzen zituzten, baina Kataluniako Coop57ko organoen onespena behar izaten zuten.

Gaurtik aurrera Euskal Herriko erakundeak bere batzorde soziala eta teknikoa izango ditu, bideragarritasun planak egin eta erabakiak autonomia osoz hartzeko. Liher Gonzalez Koop57ko kideak Argiari azaldu dionez, Kataluniako erakundea plataforma egokia izan da “batez ere denbora aurrezteko”. Normalean urte askoko lana izan behar lukeena, urte eta erdian egin ahal izan dute, jadanik gorpuztuta dagoen Kataluniako proiektuan oinarrituta.

“Kataluniako Coop57ren bokazioa ez da inoiz izan herrialde hartatik kanpora irtetea, ezagutzen ez duten eremua baita –dio Gonzalezek–. Iniziatibak tokian tokiko eragileen esku egon behar du”.

Zein helburu ditu?

Finantza kooperatibako kideak gelditu gabe ari dira lanean euren proiektua azaltzen: “Gauza konplexua da, filosofia aldaketa handia dakar eta jende askori kosta egiten zaio ulertzea” dio Gonzalezek. Baina helburuak oso garbi dituzte: kooperatiba sareetan finantza tresna giltzarria izan nahi dute.

Esparru horretatik haragoko eragileekin ere ari dira elkarlanean. Hala, berrikitan Udalbiltzarekin hitzarmena sinatu dute, udalerrietan energia berriztagarrien inguruko proiektuak martxan jartzeko. Zerbitzu publikoari izaera kooperatibo eta komunitarioa ematea da horren gakoa: gestioa publikoa izango da, baina kontrola komunitatearen gain egongo da.

Nola funtzionatzen du?

Koop57 “instrumentu parabankarioa” da Gonzalezen hitzetan. Ez du Fiare banku etikoaren moduan banku-fitxarekin operatzen, ez dauka aukerarik kutxazainak eta bestelako finantza produktuak edukitzeko, baina aldi berean ez ditu Espainiako Bankuak ezarritako araudi eta interes-tipoak kontuan eduki behar.

Batetik, bazkide laguntzaileak ditu, aurrezten duten pertsonak. Urtero, asanbladan adostutako zenbateko bat jaso dezakete horren truke. Bestetik, zerbitzu bazkideak daude, haiek aurreztu dezakete, baina maileguak jaso ere bai; kooperatibak, GKEak eta halakoak izan ohi dira. Dena den, ez dira soilik eragile kolektiboak finantzatzen, autonomoen beharrak ere kontuan edukitzen dira helburu soziala badute: “Zergatik ez lagundu kontsumo talde bat hornitzen duen baserritarra?”.

Mailegua ematen da, ez abalatzen duenaren aberastasunaren arabera, abal mankomunatu pertsonalen bidez baizik. “Demagun 50.000 euroko mailegua behar duzula; 1.000 euro abalatzeko prest dauden 50 pertsona beharko zenituzke”, dio Koop57ko kideak. Hala, mailegua eskatzen duen horrek, hasi aurretik jada baditu babesleak proiektuan sinetsi eta hori zabaltzeko prest daudenak.

Mailegua ordaindu ezin den kasuetan, ordura arte amortizatutakoa deskontatzen da eta abalatzen dutenek gainerakoa ordaindu beharko lukete, baina interesik eta halakorik gabe. “Arriskua txikiagoa da eta ez duzu egon behar pentsatzen zure amaren edo aitonaren etxea kenduko dizutela”. 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude